Arin nira
Discos / Ghau

Arin nira

8 / 10
Jaione Dagdrømmer — 12-04-2023
Empresa — Autoekoizpena
Género — Pop

Arin itzuli da bere baitara Gartxot Unsain. Iaz aurkeztu zuen Ghau proiektuarekin “Nora(ez)eroso”, bere bakarkako lana, eta oraingoan bigarren uztaldiarekin dator; bere barne begiradan gehiago sakonduz. Aurrekoaren jarraipen koherente honetan “barruan dugun ume galdu hori berreskuratzeko presaren inguruko hausnarketa” eragin nahi duela azaldu du. Horretarako, beste behin, gizatasuna eta maitasuna lehen lerroan jarri ditu, hitzak direlarik protagonista absolutu. Hain da horrela, ØDEI letragile zoragarriaren kolaborazioa entzun litekeela Galduinun abesti zorrotzean. Bederatzi kantuetan beraz, bere letra zintzo eta hitz-joko zainduak ez dira faltako, entzuleari barne gogoeta egitera bultzatuz.

Ez da hitzez bakarrik osatzen den ohiko disko bat, ordea. Lehen lanean egin zuen moduan, musika oinarri badu ere, artearen aniztasuna defendatu nahi izan du donostiarrak eta diziplina ezberdinenak nahastu ditu proiektuan. OSA + Mujika dantzari eta estilisten laguntza izan du beste behin ikus-entzunezkoetan eta diskoak helarazi nahi duena osatzen duen liburua ere argitaratu du.

Hala ere, musika da guztiaren gidaria eta ez da harritzekoa. Melodiak mimoz eraikitako pop pasarte goxoak dira; entzulea xarmagarriki erakartzeko ahalmena dutenak. Etxean sentiarazten zaituzten besarkadak dira diskoa osatzen duten abestiak, pertsonalak bezain unibertsalak. Bere barrura begiratzen utzi digu beste behin Unsainek, mundu hobeago bat eraikitzeko sortzailearen ahalegin ezin egokiagoan. Gutxirekin asko egin litekeela erakusten du enegarrenez artista donostiarrak. Gizatasunean pobre den mundu honek gehiago behar luke berak dioen, eta lana ederki laburbiltzen duen “militantzia emozionala”. Berau praktikan jartzen hasteko disko ezinbestekoa.

Lo siento, debes estar para publicar un comentario.

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.