“Inprobisazioa eta jolasa hitzek hobeto definitzen dute gure ibilbidea"
Entrevistas / Akauzazte

“Inprobisazioa eta jolasa hitzek hobeto definitzen dute gure ibilbidea"

Julen Azpitarte — 19-09-2015
Fotografía — Erlantz Biderbost

Azkoitiko Akauzazte taldeak bi hamarkada baino gehiago daramatza musika sortzen. Ibilbide horretan makina bat disko grabatu ditu, eta taldea etengabe mutatu da, izan ere, nortasun propioaren uneoroko eraldaketa da banda gipuzkoarren ezaugarri nagusia.

Hala, taldeak diskurtso propio sortu eta bideratu du, inguruan dagoenari erreparatu gabe; hortaz, musika industriala, post-rock-a edo esperimentala egiten dutela esatea errazkeria hutsa da. “Hogei urtetik gora grabatzen eta jotzen eman ondoren, soinuan aldaketak izateari nahitaezkoa eta naturala deritzogu; alderantzizkoa litzateke harrigarria”, azaldu du Joxe baxu-jotzaileak.

Bada, azalean taldearen izenaren palindromoa erakusten duen Etzazuaka binilozko lan bikoitza argitaratu dute azkoitiarrek, Bartzelonako Magia Roja diskoetxearekin erdibana. “Gure lan prozesua taldearen sorreratik berdina izan da. Matadeixeko entsegu lokalean elkartu eta inprobisazio batzuen ondoren, grabazioak lortzen ditugu. Gehien gustatzen zaizkigun zatiekin kantuen hezurdurak osatu eta haien gainetik berriro instrumentu gehiago grabatu”.

Taldearen etengabeko transformazio horren baitan, formazioa ere aldatu berri dute, egun, boskote dira. “Etzazuaka hirukote moduan grabatu genuen eta disko berriko kantuak zuzenera eramateko taldekide gehiago behar genituen. (…)Zorionez beste lagun bat ere gehitu zaigu teknikari lanak egiten eta hori ere aurrerapauso handia izan da”.

Azkoitiarren azken etapan nabarmentzen ari diren euskal folkeko elementuez galdetu diogu Joxeri: “Ez dugu inoiz izan folka egiteko asmorik. (…) Inprobisazioa eta jolasa hitzek hobeto definitzen dute gure ibilbidea. Bestalde folka zer den eta zer ez den garbi ikusten ez badugu ere, beharbada hurbilago sentitu gaitezke eremu horretatik, rock-n-rollaren eremutik baino”.

Amaitzeko, azpimarratu Akauzaztek estreinakoz argitaratuko duela binilo formatuan: “Estetika aldetik biniloa egun dagoen euskarririk dotoreena da. Garaiotan CDak zabor izaera eskuratu berri du”. Taldearen lan berria eta aurrekoak Arto Artian plataforman biltzen dira.

Entzun edo jaitsi dezakezu beraien azken lana "Atzazuaka" archive.org horrialdean.

Lo siento, debes estar para publicar un comentario.

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.