Izpi galdua
Discos / Erabatera

Izpi galdua

8 / 10
Iker Gurrutxaga — 26-04-2021
Empresa — Egilea editore
Género — Rock

Lehen unetik duen soinua da atentzioa ematen duena EraBatera taldearen "Izpi galdua" lan berrian. Berotasuna du soinuak, borobila da, eta autoekoitzitako lana izanik, balio gehiagarria ematen dio diskoari.

Neguan sutondoan egiten diren gogoetak ekartzen ditu gogora "Arima" kantuak diskoaren irekieran. Are gehiago azken urtean etxean denbora gehiago ematen ari garenean eta kaleko askatasunaren beharra eta nahia barru barruan sentitzen dugunean. Gizakiok munduari egiten ari garen kalteaz hitz egiten du segidan datorren "Estutzen" abestiak. Akaso Arrazola inguruan esnatzean, diskoa grabatu duten baserriko ingurunean, alegia, hirigunearekin duen kontrasteak ekar dezakeen gogoeta eta nahigabea ditu kantuak abiapuntu. Batek daki. Gure askatasunaren izenean egiten ditugun triskantzak ekartzen dizkigu behintzat gogora abestiak. Pasarte indartsuak dituen lelo eta zubiak dituen kantuan, estrofak goxo goxo eta barruraino iristen den mezuz abesten dizkigu Jurgi Ekizak.

"Orbela" kantua bizitza ospatzeari buruz eginiko kantua da, hain beharrezko mezu indartsua bizi dugun garaiotan. Edo horrela ulertu dugu behintzat. Berriz ere goxotasuna eta indarra tartekatzen dituzte, baina mezu positiboa emateko minorretik maiorretara jotzen dute EraBaterakoek, pare-parean asmatu dute. Zer esanik ez, bizitzak aurrera jarraitzen duela eta ospatu behar dela esateko, Andoni Basterretxearen kolaborazioa perfektua da. Sekulako harribitxia da Delirium Tremens taldeko ahotsak kantuari egiten dion ekarpena. Baina bizitza eta haren zati direnak iheskorrak direla kontatu digute "Ihesi doa" kantu alaian. Drama bati nola aurre egin, nola egin irribarre eta datorrena den moduan hartzera bultzatzen gaitu abesti honek. Energia positiboz betetako kantua. Diskoari izena ematen dion kantua, "Izpi galdua", power pop abesti borobila da. Joan etorrian dabiltza gitarraren soinu garbia eta zikina. Aipatu behar, gutxienez, hiru gitarra desberdin entzuten direla kantuan, bakoitzak bere alea gehitzen diolarik geruza bakoitzean. Kantu honetan ere ekoizpenari garrantzia handia eman beharra dago, lan bikaina Gaizka Salazarrek eta Iñigo Etxebarrieta ‘Pitu’-k eginikoa.

"Amets egin" balada poperoarekin ixten da diskoa; itxaropenari idatzitako ereserkia. Bidean elkarrekin indartsuago egingo dugula aurrera iradokitzen du kantuak eta ez dute arrazoi faltarik. Bigarren lan honekin kontzertu batzuk emango dituztela iragarri dute, ziurrenik berriz ere bakoitzak bere proiektu nagusiari heldu bitartean eskainiko dituztenak. Baina, zer arraio, ea agendek baimendu eta elkarrekin sarriagotan egoteko moduan diren EraBatera taldekoak ere. Egin dezagun amets.

Lo siento, debes estar para publicar un comentario.

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.