“Ahotsa baino bihotzaren adierazle handiagorik ez dago”
Entrevistas / Madeleine

“Ahotsa baino bihotzaren adierazle handiagorik ez dago”

Iñaki Lasa Etura — 15-07-2021

Madeleine taldearen ibilbideko laugarren lana da “Ezin dena”, aurreko diskoaren eboluzio naturala. Ahotsa zentralizatuta, doinuei dagokionez aberatsa eta eklektikoa da rock laukote honen eskaintza berria. Bihotza jartzean, ahal da ezin zena.

Ez dezala inork berriro esan Madeleine post-rock taldea denik. Aingura horretaz askatu ziren 2018an, “Su hura” bikaina publikatu zutenean, eta zama hori gabe, “Ezin dena” argitaratu berri du Donostiako laukoteak. Musika taldea baino gehiago, lagun taldea da Jon Iñaki Benitok, Jagoba Salvadorrek, Gartxot Unsainek eta Itzal Urangak osatutakoa. Abeslari eta gitarra jotzaile Unsainek erantzun ditu elkarrizketa honen galderak.

Zein da “Ezin dena” izenak barruan gordetzen duen kontzeptua?
Bi irakurketa dituelako aukeratu genuen “Ezin dena”. Batetik, gaztelerazko “lo que no se puede” litzatekeena; eta bestetik ezintasuna, gaitasunik eza. Ezkorra irudi luke, baina guretzako, ezin den hori, 30-33 urte izanik, bizitzak parean jartzen dizkizun gauza horiek dira. Kutsu ezkor hori eman diogu, gero abestietan aldarrikatzen dugulako zein den gure jarrera horren aurrean, nola bizi ohiko bizi bat, nolakoa den bestalde eza, nola ekin beldur horiei.. Hausnarketarekin, eta nola ez, abestiekin, erantzuten diogu ezin den horri. Ezkorra baino, eraikitzailea izatea nahi dugu.

2020a bera ere izan zen hein batean ezin den hori gizartean azaleratu zen urtea. 2020an sortu zenituzten abestiak?
Aurreko diskoaren kontzertu sorta amaitu zenean hasi ginen konposatzen, eta 2020an eman genien forma ideia horiei. Urte bukaeran eta 2021 hasieran grabatu dugu. Ez nuke esango per se covid-aren inguruan landu dugunik kontzeptua, baina arrazoi duzu 2020a ezintasun handien urtea izan dela esatean. Diskoan aipatzen ditugun gauza asko biziko zituen jendeak, baina covid-ik gabe ere existitzen da ezintasuna. Hala ere, noski eragin digula covid-ak, entseguetarako eta... Guk uda aprobetxatu genuen, eta konposizioa eta entseguak modu naturalean eta nahiko azkar egin ditugu.

Nolakoa izan zen prozesu hori?
Etxean lan asko egitekoa. Urteak dira horrela egiten dugula lan. Lokalera ideia batekin joan beharrean “ea zer ateratzen den” pentsatuta, gero eta gehiago egiten dugu lana etxetik, bakoitzak abestiaren planteamendu orokor bat aurkezteko. Kasu honetan, Itzal eta biok gara konposatzaile nagusiak, asko banatzen dugu lana, eta zirriborro hori madeleinizatu egiten dugu denon iritziarekin. Agian egoerak are gehiago bideratu gaitu horretara oraingoan. Grabatzeko garaian ere primeran moldatu gara Eñaut Gaztañagarekin; beste taldekide bat bezalakoa da, urteak dira ezagutzen dugunetik, taldearen zalea da, badaki zein material eta pedal behar ditugun... Oso tipo sanoa da.

Bigarrenez jo duzue Eñautengana, “Su hura” ere Gaztain estudiotan grabatu zenuten.
Askok jotzen dute harengana, arrazoi osoz. Oso profesionala da, baina ez du inongo egorik, hankak lurrean ditu. Askotan hori soinua bera baino garrantzitsuagoa da. Baina, beno, izugarrizko soinua ateratzen digu, gainera! Pack perfektua da, eta konfiantzazko laguna. Golazoa!

Beraz, hori izan da Eñaut Gaztañagarengana jotzeko arrazoi nagusia? Etxean bezala sentitzea? Noski, beti ere jakinik musikalki oso aproposa dela zuentzat.
Talde gisa dugun balio handiena gure gizatasuna dela iruditzen zait. Kuadrillan sortutako taldea gara, eta urte asko daramatzagu elkarrekin. Orain talde askok pantailak saltatzeko joera dute —eta ongi iruditzen zait—, baina guk, zortez, bizi izan dugu trago/afari/lotarakoaren truke funtzionatzen duen gaztetxe sarea, Iparraldean askotan aritu gara, kanpoan... Oso presente dugu taldearen alde humanoa, eta musika gero eta anbizio gehiagorekin hartu arren, lasaitasunarekin egiten dugu, lehentasunak zeintzuk diren ikusita. Ez dugu talde gisa gaizki pasa nahi, tentsioak sentitu, presioak. Galderara itzulita, naturala da konektatzen dugun pertsona baten bila jotzea grabaziorako, Eñaut urte askotatik ezagutzen dugu.

Kanpotik begira ere nabari da kuadrilla-talde izaera hori, sare sozialetan eta jartzen dituzuen mezuetan, adibidez. Baina, iruditzen zait azken emaitzan ere nabaritzen dela, lan bakoitza mimo handiarekin egin duzuelako.
Autokritika egitean, esaten dugu apur bat utziak garela. Beste talderen batek diskoa argitaratzean zarata gehiago egingo zuen, muntaketak... Hor hobetzeko asko dugu seguru aski, baina beste zerbait da natural ateratzen zaiguna. Hala izan da beti, eta hala izango da. Horrek ere badu bere balioa, eta asmatzen ari garela uste dut. Ibilbideak berak erakusten du, lau disko hain ezberdin, 20 eta 30 urte dituzun tarte horretan, non bizitza osoa pasatzen den, gauza onak eta txarrak. Ibilbidea mantentzeak erakusten du oinarrian lagunak garela: musika oso gertu sentitzen dugun lau lagun, une batean musika egiteko batu zirenak, eta hortik aurrera etorri den guztia beso zabal hartu dugunak.

"Ibilbidea mantentzeak erakusten du oinarrian lagunak garela: musika oso gertu sentitzen dugun lau lagun, une batean musika egiteko batu zirenak, eta hortik aurrera etorri den guztia beso zabal hartu dugunak"

“Su hura” izan zen nolabaiteko mugarria Madeleinen ibilbidean. Ordura arte post-rocketik gehiago zenuten, edo behintzat, instrumentalagoak zineten, nahiz eta “Mugarri”-n jada abestu. “Su hura”-n garrantzi handia hartu zuen ahotsak are eta pisu handiagoa du “Ezin dena”-n. Bata bestearen jarraipen edo eboluzio gisa uler dezakegu?
Jada broma gisa hartzen dugu post-rockarena. Merezi ez dugun aingura moduko bat izan da post-rocka, gure disko guztiek ahotsa dutenean. Oso melodia zaleak gara, eta entzuten ditugun talde guztiek ahotsa dute. Ahotsa sartzeko autozentsura modukoa izan genuen argitaratu genuen lehenengo diskoaren sasi-pisu horrekin. “Mugarri”-n hasi ginen ausartzen, “Su hura”-n ahotsak gainontzeko elementuen garrantzia hartu zuen, eta “Ezin dena” horren jarraipena izan da: ahotsa zentralizatzeko nahia. Ahotsari lotutako ideiak ditugu, ondo uztartzen dira melodiekin... Ahotsa baino bihotzaren adierazle handiagorik ez dago, eta oso harro nago diskoaren abesti guztietan ahotsa izatearekin, ahots landua, melodia pentsatua, letrak...

“Su hura”-n egindako apustua ondo atera zela ikusita, konplexu gutxiagorekin egin diozue aurre “Ezin dena”-ri? Esperimentatzeko eta doinu berriekin saiatzeko beldur gutxiagorekin?
Kontzienteki, behintzat, ez. Konplexuak baino, zirkunstantzia izan da. “Su hura”-n bi urte eta erdiko ideiak eta grabazioa baino astebete lehenagokoak uztartu genituen, eta nabari daiteke mejunje moduko zerbait izatea, ideien artean kronologikoki zegoen diferentziaren eraginez. “Ezin dena”, berriz, momentu baten adierazle da, kohesio gehiago du: abestiak konposatu, mahai gainean jarri, egin eta grabatu. Jarraian

Ahotsetara itzulita, inoiz baino gehiago landu dituzue. Entzuleak erregistro desberdinak topatuko ditu, kantatzeko modu desberdinak abestiaren arabera...
Niri gitarra ez zait hainbeste axola, melodiekin liluratuta nago, agudoak, nola bikoiztu ahotsa... Aldiz, Itzal oso pedal zalea da, gitarraren soinua bilatu eta abar. Ni, agian, gehiago saiatzen naiz fonetikan, silabetan, ahotsean gauza ahalik eta freskoena egiten, gitarran baino lehenago. Azken finean bakoitzak bere gauzak ditu, eta horren fusioa da funtzionatzen diguna. Jagobak Madeleinen baxua jotzen duen arren, gitarrista ere bada, eta bere iritzia ematen du. Benitok bezala. Ahotsa beste edozein musika tresna bezain librea den elementua dela barneratu dugu, eta bakoitzak bere espaziora eramaten du. Itzal eta biok asko laguntzen diogu elkarri: letrak, armoniak... Oso pozik nago disko honen ahotsen kalitatearekin.

Lehenengo galderan erantzun diguzu zein den diskoaren abestiak biltzen dituen kontzeptua, baina, zertan inspiratu zarete letrak egiteko garaian? Ohi bezala, barne gogoeta dezente daude.
30 urteko gazte baten testuinguru orokorretik abiatuta, baina norberaren bizipenetik. Sortzeko garaian oso pertsona autobiografikoa naiz, kostatzen zait nirea ez den egoera batean jartzea nire burua. “Ohiko bizi bat” nire diagnostiko txiki bat da, egun batean pentsatu nuelako ez nekiela zer zen ohiko bizi bat niretzat. “Bestalde eza” pasa zitzaidan gauza puntual bat da, eta horren inguruan egindako urtaroen metafora sorta bat. Itzalek “Gure etxea” abestian gure taldekide izandako Xabi Egibar omentzen du, eta gainera, Xabik kantatzen du ere. Kantu horretan aipatzen dugu talde baten dinamika zer den, taldea etxe bezala sentitzen dugula...

Zuen hitzetan galdera asko daude. Musika zer da zuentzat, galdera horiek erantzuteko bidea edo barrenak askatzekoa?
Maila pertsonalean erantzungo dizut. Musika nire bizitzaren argazki sorta da, eta erantzunen bila ez nagoen arren, ezin dut saihestu galderak egitea. Beharrezkoa dut gauzak zalantzan jartzea, sentitzea, sufritzea, poztea; eta, nola ez, hori dena abesti polit batean jartzen saiatzea, askotan mugagabeak diren hausnarketa horiei pieza bat egiten. Gero gogoratzeko egunen batean bestalde ezak nola sentiarazten zintuen, edo taldean zinenean nolakoa zinen, edo ohiko bizi bat kuestionatu zenuela 33 urterekin. Oso elementu autobiografikoak ditu niretzat, bizirautearekin lotuta, baina dramatiko jarri gabe. Barruan esateko gauzak ditut oraindik, eta forma batekin edo bestearekin, musika tresna autobiografikoa da. Eta taldekideentzat ere hala dela uste dut; bakoitzaren bizitzan musikak leku bat edo bestea izango du, baina sentimendu hori Madeleineko guztiok sentitzen dugu. Abestiekin atzera begiratuz gero, denontzat gogoangarriak izan diren eta inoiz ahaztuko ez ditugun momentuak dira. Bai abestiak, bai horiek jotzen sortu diren bizipenak.

Lo siento, debes estar para publicar un comentario.

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.