Ezin dena
Discos / Madeleine

Ezin dena

8 / 10
Iker Gurrutxaga — 31-01-2022
Empresa — Egilea editore
Género — Rock

Uda sasoian etorri zen “Ezin dena” diskoa, uztailaren lehen egunean. Orduan, diskoa hondartzan, udako haize epela sentituz eta itsasoari begira entzutekoa iruditzen zitzaidan. Haize epela edota brisa, biak ziren baleko.

Urtarrila agortzen ari den honetan, ordea, elurretan eta mendian entzuteko lana iruditu zait. Hori bai, eguzkitan. Eguzkia da disko hau. Argia. Eta hori lehen konpasetik eta lehen kolpetik nabaritzen da, “Gure etxea” single puskatik. Irekiera horren indarra, aspaldian disko batean sentitu ez dudanetako bat da. Konfetiz betetako leherketa baten moduan irudika daitekeena.

Baina argitasun eta eguzki horrek lan introspektibo handia sortu didala ere aipatu behar. Izan ere, kantuen hitzak zer pentsatu asko ematen dute. “Bestalde eza” kantua da horren adibide gorena, emozio nahasiak sorrarazten ditu «Barne uda negu tankerako udaberri udazkenaren zai nago» bezalako esaldiekin. Hitz gutxian atzera begirada luzea egiteko aukera ematen duena, momentu asko burura ekarri ditzakeena, eta atzetik «Gustora nago desioen loan» horrek, xalotasunera eramaten gaitu, gure etxe propioa non dugun eraikia gogoraraztera.

Hogeitamar urtetik gorako gazte askoren duda esistentzialak ere erabat identifika daitezke “Ohiko bizi bat” abestian. Izan ere, ezkongabeak izan, patrikan diru gutxi eduki eta bizitzaz disfrutatzea maite dugun asko gaude, nahiz eta beste molde batzuetan bizitzeko heziak izan garen eta inguruan molde horrek asko funtzionatu duela balio izan. Baina batzuk ezin dugu ohiko bizi bat eduki edota eman, edo ez dakigu zer kristo. Gartxotek hau screamoan kantatu izan balu, ez liguke harrituko, baina ez dago amorrurik hemen, norberaren onarpena baino.

Melodia landuak, gitarren jolasak, ahots koralak eta oinarri erritmiko indartsu eta sendoa. Hori guztia du “Ezin dena” lanak. Eñaut Gaztañagarekin eskua ere hor dago, soinu batzuetan erabat identifikatu daiteke nor izan den grabaketan eta nahasketan egon dena.

Hasierako bi kantu horien eztandaren ostean pausa dator “Nahieran” abestiarekin. Erreferentzia musikala garbi ikusten da hemen, baina ez dut aipatu nahi. Madeleine taldeak euskal erreferente izateko osagai guztiak dituelako. «Hemen gaude, gauden artean» esaten dute, eta luzaz egon daitezela. Jagoba Salvadorren baxua bide bat marrazten doan heinean, Gartxot eta Itzalen gitarren progresioa zinez gustagarria da abesti honetan.

“Ikusten nauzenean“ kantuaren introa ere aipatzekoa. Jostariak oso ahotsaren eta gitarraren galdera erantzunak. Eta segidan duen leherketa atmosferiko hori, lehen kantuetan ere topatu duguna, mimoz egina da. Orokorrean soinuaren trataera hortik joan da Madeleinen disko honetan, erreberberazio asko, baina laino gutxi. Gauza bakoitza bere lekuan eta orekatuta dago.

Diskoa ixten duen “Bihar” abestiak aurrera begira ere argirik badela iradokitzen du. Esan dudan moduan, udan eta hondartzan irudikatzen nuen disko hau. Iluntzean hain zuzen ere, eta Euskal Herriko kostaldean, iluntzean, itsasargi asko ikusten dira. Kantu honek badu itsasargitik eta itsasargiari jarraika, ea Madeilenen kontzertu baten portura iristen garen. Izango da aukerarik eta aprobetxatu beharko. ‘Ezin dena’ posible bilaka dadila!

Lo siento, debes estar para publicar un comentario.

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.