K.O.
Discos / Cäctus

K.O.

7 / 10
Amaia Santana — 03-07-2018
Empresa — Autoekoizpena
Género — Rock

Xakea, gillotina, bakardadea eta oihuak. Bermeotarrek ganoraz egiten dute garrasi bere EP berrian, "K.O." Metal ñabardurez jositako rock astun baina bizia dugu hau; hasierako “Kaiola” edota “Hondoa Jota” kasu, non azken honen letren bortizkeriak gorputza astintzera gonbidatzen duen. “Merezitako jipoia hartu beharko du…”. Etsipena ere atzeman daiteke “Itsasargia” kantu ilunagoan: “Urik gabeko itsasoa, izarrik gabeko zerua”. Finean, (des)amodiozko istorio bat baino ez da; “Laztana…”.

Nolabaiteko stoner ukitua nabari daiteke “Aukerak Murriztuz” kantuan. Berriz ere, iluntasunak bat egiten du etsipen pertsonal eta sozialarekin. “Ereindako Hazia” lugorrira garamatza eta “Pertsonak Faltan”, azkenik, kutsu soziala dario. Musikalki rock/metalaren estandarrak betetzen dituzte; berritasun nabarmenik gabe, ondo gauzatu dituzte "K.O."-ren kolpeak. CD formatuan eskuragarri den lan berri hau Pan-Pot eta TAOM estudioetan grabatu da, Alberto Macias soinu teknikari izan dutela. Aipatzekoa da ere Jagoba Ormaetxearen parte-hartzea, zeinak diskoa ekoizteaz batera, pianoa jo duen “Ereindako Hazia” abestian.

Cäctus honen arantzak ditugu Markel Etxebarri (ahotsa), Jon Ander Santamaria (bateria), Iñigo Sananton (gitarra) eta Unai Uriarte (baxua). 2011n eratua, bere jatorria Gatibu, Münsterland, Kode nahiz Set gisako taldeetan topa dezakegu. Hasiera batean hirukote gisa aritu ziren, Markel abeslaria (Póg Mo Thón) batu zitzaien arte. 2013an, Musiketxeak proiektuaren finalera heldu eta horren harira bira bat egin zuten The Last Vegas, Kilauea, Niña Coyote eta Chico Tornado, The Idems eta Señores-ekin batera.

Lo siento, debes estar para publicar un comentario.

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.