“Dantzatzeko musika eskaini nahi nuen, testuen iluntasunarekin talka egingo zuena”
Entrevistas / Sorkun

“Dantzatzeko musika eskaini nahi nuen, testuen iluntasunarekin talka egingo zuena”

Tom Hagen — 26-11-2015
Fotografía — Archivo

Azken aspaldian Fermin Muguruza zein Kashbad taldearekin aritu ostean, artista gipuzkoarra musika beltzaren influentzia duen disko batekin itzultzen da bere bakarkako ibilbidera.

Sorkun abeslariak “Ziklomorphosia” izeneko bere azken lana dakarkigu. Hitz hori diskoa izendatzeko perfektua iruditu zitzaion, ahazten ez den horietakoa baita. “Ziklotimia eta metamorfosia hitzen nahasketa bat da. Duela lau urte ziklotimia koadro bat diagnostikatu zidaten. Oso gaizki pasatu nuen, eta ez nuen ulertzen zer gertatzen zitzaidan. Diagnostikoa eman zidatenean argia ikusi nuen, zer gertatzen zitzaidan ulertzen hasi nintzen eta tratamendua hasi nuen. Askok kontrakoa pentsa dezaketen arren, diagnostiko batek bizitza salba diezazuke. Bestetik, eta hainbeste gertakari eta denbora pasatu ondoren, esan dezaket nire metamorfosia oso sakona izan dela. Gainera, iruditzen zait Ziklomorphosia hitza buruan sartzen zaizun horietako bat dela, eta inoiz gehiago ez zaizula ahazten. Disko hau irudikatzeko edo izendatzeko hitz perfektua da”. Hau horrela, benetako lan bat izan dela uste du, “barrutik irtendakoa, eta nire buruarekin oso zintzoa”.

Denboraldi batez rock-etik aldendu nahi izan du eta musika beltza da ardatza oraingoan. “Dantzatzeko musika eskaini nahi nuen, testuen iluntasunarekin talka egingo zuena”. Hala ere, estilo desberdinetako abestiak aurki ditzakegu, konpositore lanak banatu egin baitira Aritz Luzuriaga, Mikel Romero, Javi Pez, Telmo Trenor eta Koldo Soret-en artean. Letrei dagokienez, Eider Rodriguez izan da arduraduna. “Zortea dut, lagun mina dudalako eta, gainera, nire konfidentea da. Horrez gain, Euskal Herrian gustukoen dudan idazlea da. Nire euskara mailarekin benetan haserretu nintzen momentu bat iritsi zen, ez bainuen lortzen esan nahi nuena kalitatearekin adieraztea, eta nabari dut, bereziki idaztean, motz gelditzen naizela, eskasa dela nire euskara. Horregatik erabaki nuen disko honetan kanta-idazlea izango nuela. Uste dut egokia dela norberak ondoen egiten duena egitea, horrela indarrak batzen baitira. Azken finean, Eiderren testuak azkenaldian izan ditugun hizketaldietan oinarrituta daude, nitaz hitz egiten dute, Eiderri buruz, eta ziur asko, gure garaiko emakume askori buruz. Edo behintzat, hori gustatuko litzaidake”.

Alde horretatik, sufrimendua da, Sorkunen hitzetan, abestiek duten puntu komuna. Jaiotzetik entzun izan du musika, eta bere amaren biniloak gogoratzen ditu: David Bowie, Leonard Cohen, Patti Smith, Janis Joplin, Aretha Franklin, Ella Fitzgerald, Nina Simone… “Naizena naiz, segur aski, emakume bezala ahaldundutako ama izan dudalako, naizena izaten, egiten eta nire burua deskubritzen utzi didalako, onerako zein txarrerako”. Fredi Pelaez-en Pottoko estudioan grabatu dute. “Grabatzeko momentua, estudioan sartzekoa, gehien gustatzen zaidanetako bat da. Talde guztia elkartzen da, abestiak hazten doaz, soinua ondu egiten da, eguneko zortzi ordu zaude horretan zentratuta... Niretzat oporrak izan dira. Abuztuan grabatu genuen Fredi Pelaezen Pottoko estudioan. Fredi gure produktorea izan da, teklatua jotzeaz gain. Sekulako beroa pasatu genuen grabaketan, bazirudien makinak urtuko zirela, baina udalekuak ziruditen. Beste kontu bat dira nahasketak. Ezin ditut jasan. Aldendu egiten naiz, produktoreak bai baitaki zer egiten duen. Berriro diot, norberak ondoen egiten duena egin behar duela uste dut”.

Kolaborazioak ere izan dira, baina sorpresa bezala mantendu nahi ditu. Azkenik, nahiz eta tartean beste proiektuekin aritu izan den, zazpi urte pasatu dira bere azken bakarkako lanetik eta kontzertuekin hasteko desiratzen dago. “Azken finean, gustatzen zaizunak harrapatu egiten zaitu, eta ez dizu ihes egiten uzten”.

Lo siento, debes estar para publicar un comentario.

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.