Gorri ilun
Conciertos / Durangoko Azoka

Gorri ilun

8 / 10
Urko Ansa — 17-12-2020
Empresa — Durangoko Azoka
Fecha — 07 diciembre, 2020
Sala — Plateruena / Durango
Fotografía — Urko Ansa

Rock gihartsua, trinkoa eta gustu onekoa, horixe da Liherrek beti erakutsi diguna, bigarren diskotik aurrera bederen. Ahotseneako erakustaldi motz honetan, noski, “Hemen herensugeak daude” diskoko piezak eskaini zizkiguten. Egitear zeuden Europako bira esperantzagarri hartan birusak zapuztu zituen beren asmoak eta geroztik kontzerturik egin gabe zeuden. Orotara, lan berri hau hiruzpalau aldiz bakarrik aurkeztu zuten urte hasieran, eta dakizuen moduan, Koronabirusak eta ondorioz etorritako murrizketek Europan harrapatu zituen bete-betean.

Bederatzi hilabete beranduago, lortu zuten azkenik taulagainera igotzea, aurkezpen motzen formatu honetan izan bazen ere. Ez dugu ahaztu behar Durangoko Azokan geundela, eta Plateruenaren alboan standak liburuz eta diskoz beterik zeudela, Online azoka martxan zela alegia, eta aurkezpen musikalak aurten antzokian egin direla. Leku-aldatze horrek soinu garbi eta basatiaz gozatzeko aukera eman zigun, eta argitaratu zenean diskoa irentsi genuontzat, elkar aurkitze sinbolikoa eta fisikoa izan zen abenduaren 7koa. Grabazioaren indarra oso intentsua bada, zer esango dizuet ba eszena animali hauek eskaini zigutenaz? Gainera, duela gutxi banatu diren Gaztea Sarietan bat bera ere jaso ez izana harrigarria iruditzen zaigu jarraitzaileoi, inondik ere.

Diskoan bezala, “Gorri ilun” eta “Ezti eta etsizko ametsak” aukeratu zituzten hasiera emateko. Soinu frogan jada entzun genuen bigarren kantaren burrunba eta gitarraren arrapalada kiskalgarria (hori bai abiada!), eta kontzertuan ere oso boteretsua izan zen. Lehen kantari buruz, disko kontzeptuala hasteko ere aproposa da, bai musikal zein tematikoki. Kantuak aipatzen goazen heinean, ikusiko dugu nola laugarren kantatik aurrera denbora-jauziak egin zituzten arren, guztiek koherentziarik galdu gabe nolabait bat egiten duten. Disko kontzeptualetan hain ezohikoa ere ez dena bestalde, pieza bananduak izaten direnean behintzat. Honela, protagonista emakume bihurtzetik bortxatua izatera nola pasa den ikusiko dugu, hortik mendekura, aitortzara, ihesera, atzera “Teloia” erortzen den momentu erabakiorrera, eta azkenik atxilotua izatera.

“Larrua eta iraina”ren abiadurak, hortaz, gertaeren denbora-lerroa nahiko txukunki irudikatzen du, denbora faltagatik jauzia adierazgarria den arren. Horrek ez du istorioa zapuzten, eta kantu honetan bortxatua izan den neskak bere mendekua hartzen du. Iñigoren gitarraren soinuak hainbatetan Stonerra eta Q.O.T.S.A.ren eragina agerian uzten du: soinu mardula, aberatsa eta erabatekoa. Taldearen soinuaren bizkar hezurra da. “Zulo bat gehiago” aitorpena da, gertatutakoaren deskribapena eta mendekuaren egiaztapena. Elkarrizketa egin genuenean baino argiago ikusten dugu orain soul ukitua han eta hemen, eta kantu hau horren adierazgarria da. Lidek gitarra utzi eta soilik mikroa hartu zuen hemen, bere potentzial guztia erakutsiaz. Kantu honek luzimendurako aukera ematen dio, eta erritmo eten eta geldo horrek ikusgarritasuna azaleratu. Blues sustraia agerian geratzen da, rocka gero, eta hainbatetan, azkenik, soul izpiritua.

Badaukate kantuok etsipenetik, noski, baina errealitate bat azaleratzeaz gain (emakumeek jasaten duten indarkeria), aurre egiten dien pertsona bat daukagu, ihesaldi epikoa egiten duena, nahiz eta gero kartzelan amaitu. Spolier lanak alde batera utzita, gupidarik gabeko ihesaldia datorkigu “Thelma & Louise” zirraragarriarekin. Zaudete ziur bertaratutako askori zaila egingo zitzaiela ipurdia aulkian mantentzea. Kantu borobila, koru konposatu eta oso landuak dauzkana, eta ziur urte askoan set listean edukiko dutena. “Uniforme izerditu/ ezingo nauzu gelditu”, 2020 honetako errepikarik onenetakoa dugu, dudarik gabe.

Zalapartatsua eta adiktiboa da errepertorioa: “Teloia” (ikus bideoklipa hemen, oraindik adierazgarriagoa baita) kantaren leherketara iritsi aurretik egiten dituzten prestaketa eta anbientazioen beste adibide bat dugu. Koruen garbitasuna, Ander Berzosa bateriaren tenpo zehatza eta Joshka Natkeren baxu sakonak beste dena egin zuen. Hiru ahotsetan egiten dituzten zatiak ere ikusgarriak dira. Azkenik, diskoan bezala, azken agurra “Hemen herensugeak daude” berak eman zigun. Kantu erdi-geldoa, gitarra boteretsu bat leunago batekin tartekatzen da bertan, intentsitateekin jokatuaz, eta amaiera aproposa inondik ere tamaina honetako disko edo kontzertu baterako, ahots landu eta etengabe errepikatzen den azken bertsoekin: “Zein da preso: gaitzari so geldi geratzen dena/ala erantzuten duena?/Hau da nere aitormena: hemen amaituta ere berriz egingo nukeela”. Damurik ez, beraz.

Lo siento, debes estar para publicar un comentario.

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.