Euskal Topagunea
Noticias / Durangoko Azoka

Euskal Topagunea

Urko Ansa — 05-12-2017
Fotografía — argazki promozionala

Ia konturatu gabe urte bete pasa zaigu jada. Eta hor daukagu berriz, abenduko zubiaren buelta horretan, Landakon gune nagusia daukan kultur azoka eta topagunea.

Aurtengoan ere (eta hirugarren urtez jarraian) 5 egun izango ditu azokak, hain zuzen ere abenduaren 6tik 10era. Plateruenan egin zen aurkezpen prentsaurrekoan azaldu zutenez, 400 nobedade izango dira Landakon: 257 liburu, 92 disko, 19 aldizkari, 5 bideo eta 27 bestelako. Zifrak ikusgarriak dira, eta oasiak oasi, urte osoan euskal kulturarekiko egun hauetan egoten den interesa maila berdinekoa izatea desiratzen badugu ere, Azokaren garrantzia eta gizartean daukan presentzia estrategikoak dira.

240 Stand egongo dira liburu disko, aldizkari, bideo, egutegi… eta abarrekin, eta 200 ekitaldi baino gehiagoz gozatu ahal izango dugu horretarako prestaturik egongo diren zortzi guneetan: Areto Nagusia, Ahotsenea, Irudienea, Kabi@, Plateruena, Saguganbara, Szenatokia eta Azoka TB. Aurtengo kartela, benetan ikusgarria dena, Jose Antonio Sistiaga margolariak egina da, eta pelikula esperimental bateko filmina baten bidez egin du. Ikasle Eguna, aldiz, bigarren egunean ospatuko da, hots, abenduaren 7an.

Aurkeztuko diren 92 diskoen artean, Berri Txarrak, Anita Parker, Delorean, Eraul, Etsaiakeroak, Governors, Izaro, Huntza, Libe, Lisabö, Mice, Xabier Montoia, Jabier Muguruza, Mursego, Rafa Rueda, Skakeitan, Su Ta Gar, Joseba Tapia eta abarrenak izango dira. Haietako askok, gainera, Ahotsenean aurkeztuko dituzte lan hauek: Abenduaren 9an Ahotsenean Berri Txarrak bere bederatzigarren diskoa aurkeztera etorriko da: Infrasoinuak. Beste bi lan esanguratsu ere baztertezinak dira: Zea Maysek bere ibilbideko 20 abestien erremixak aurkeztuko ditu 20 urte CD-DVDan; eta Willis Drummondek taldearen 10 urteak biltzen dituen liburu-diskoa plazaratuko du, 2 abesti berri dauzkan E.P. batez gain, dena Banizu Nizukeren eskutik.

Plateruenan, aldiz, sarrera ordaindu behar da eta lekua mugatua da. Bertan egingo dute deskarga, hurrenez hurren, Governors, Arkada Social, Audience, Glaukoma, Zeze eta Jabier Muguruzak. Adi, baita ere, Eskorbuto, Oskarbi eta Cicatriz taldeei buruzko biografiei, baita Alberto Irazuren Rock puntua! analisi bikainari ere, non bertsoa eta rock and rollaren arteko harremana aztertzen duen. Aurten ere Entzun!-en liburua salgai egongo da Eragin-en Standean, eta ohi bezala artikulu, argazki, elkarrizketa, analisi, kritika eta komikiz josia etorriko da.

Lo siento, debes estar para publicar un comentario.

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.