Mende Erdia Euskal Kultura Bultzatzen
Noticias / Durangoko Azoka

Mende Erdia Euskal Kultura Bultzatzen

Urko Ansa — 04-12-2015
Fotografía — Aurkezpena (Durangoko Azoka)

Abenduaren 4tik 8ra ospatuko da, Landako Gunean. Euskal kulturaren topalekua eta argitaletxeen urteko erreferentzia nagusia denak inoiz baino ekitaldi gehiago programatu ditu aurtengoan.

Gezurra dirudi, baina jada 50 urte bete dira Andra Mari elizpean lehen azoka antolatu zutenetik. 1965eko urriaren 30 hartan, aurrekontua 46.587 pezetakoa izan zen, eta guztira 25 editoreren lanak aurkeztu ziren, 18 standetan. Urteurrenaren harira, Gerediaga elkarteak Jesus Mari Arruabarrenak eta Joseba Sarrionandiak idatzitako liburu bat kaleratuko du, azokaren historia biltzen duena: "Denok harritu ginen, editorialak bai geu, lehenengo Azokak izan zuen arrakasta ikusita. Jendeak egarria zeukan, gosea"- dio José Luis Lizundiak liburuan-. Geroztik, urtetik urtera handitzen joan da, gaur eguneko mailara iritsi arte: Gero eta artista gehiagoren aurkezpenak, gero eta jende gehiago azokan, gune ezberdinak, kontzertuak, irudienea… Aurtengoan, gainera, Nafarroako Gobernuak Azokan parte hartuko du, 15 urte eta gero.

Bestalde, iaz bezala aurtengoan ere, Ahotseneak bi karpa izango ditu: Bata kontzertuentzat, eta bestea solasaldientzat. Aurten ere iazko marka gainditu eta inoiz baino emanaldi gehiago izango dira: 70 zuzeneko emanaldi eta beste 50 elkarrizketa. Besteak beste, Izaki Gardenak, Tutan Come On, Ze Esatek!, U.K. Bill, Maddi Oihenart, Hesian, Lain, Hira, Txapelpunk, Piztiak, Josu Bergara, Bi Bala eta Bidaia bikoteak (Mixel Ducau eta Caroline Philips) Ahotsenean, zuzenean, lan berriak aurkeztuko dizkigute. Solasaldien atalean, aldiz, Fermin Muguruza, Entzun! Liburuaren aurkezpena, Noka eta Mikel Markez, Ken Zazpi, Mikel Urdangarin, Bide Ertzean edota Jean Mixel Bedaxagarrek beraien nobedadeak aurkeztuko dizkigute. Idazle, artista eta poeta ugari ere elkarrizketen atalean topatuko ditugu: Mikel Antza, Bernardo Atxaga, Joxemari Iturralde, Beñat Sarasola, Gotzon Barandiaran, Jasone Osoro, Harkaitz Cano, Goizalde Landabaso, Itxaro Borda, Karmele Jaio… Bertsolariak ahaztu gabe: Miren Amuriza, Uxue Alberdi, Andoni Egaña… Ahotseneko solas gunean izango dira. Plateruena Kafe Antzokian ere hainbat kontzertu ikusteko aukera izango dugu: Iheskide, Olatz Zugasti, Esne Beltza, Korrontzi, eta lehenengo egunean, aparteko kartela: Jupiter Jon, Sacco, Irazoki & Lagunak, Nire, Anari eta Audience. Zortzi gune nagusi izango dira: Ahotsenea, Irudienea, Plateruena, Areto Nagusia, Azoka TB, Szenatokia, Saguganbara eta Kabi@. Aurtengo Azokaren kartela Jose Luis Zumetak egin du. Azkenik, Etxepare Euskal Institutuak Poloniako editoreak gonbidatu ditu.

Hemen kontzertuen egitaraua.

Lo siento, debes estar para publicar un comentario.

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.