“Alde sinfoniko bat nahi izan dugu delitukide”
Entrevistas / Elizabeltz

“Alde sinfoniko bat nahi izan dugu delitukide”

Urko Ansa — 28-03-2022
Fotografía — Unai Endemaño

Kanpai hotsak entzuten dira elizarik gabeko dorrean. Liberazioaren kanpaiak. Zu al zara? Salbatzera zatozkigu? Gatozen bada zugana. Emaiguzu zure ogia, txerren, apurtu ditzagun kateak eta elkar bitez izpiritu libreak elkarretaratze askatzaile honetan. Oh patter lucifer auxilium me. Solve et coagula. Magnificate Melobei!

Atmosfera ilunak, doinu beldurgarriak, terrorezko pelikuletako estetika, bideoklip beltz eta itzaltsuak... Mezua, irudia, estetika eta eduki musikala, dena batzen duen kontzeptua sortu berri du Bermeoko laukoteak. Lan kontzeptuala dugu, beraz, tematika beltzean zentratua. “Istorio bat da, metafora bat. Azken finean giza moral ta hipokrisiaren aurkako abestiak dira”. Ez ditzagun puntu anarko eta nihilistak ere ahantzi: Solve et coagula kantuan, adibidez, sistema hau desegin nahi dute berri bat sortzeko. Disko bat bakarrik ez, esperientzia sentsorial, filosofiko, literario, etiko, kontzeptual, artistiko, estetiko eta bisuala da Elizabeltzen lehen lan luzea (eta zer esanik ez beraien zuzeneko proposamena). Jaun andreok, Bermeotik eta zuentzat: “Yersinia Pestis” disko kontzeptuala.

Lehenik eta behin, utzi iezaguzue gure harridura azaltzen, ez baita hemen sekula halakorik egin. Nondik dator Elizabeltzen sorrera, eta noiz iritsi zineten musika mota hau lantzeko erabakia hartzera?
Eskerrik asko. Garrantzi handia du harridurak Elizabeltzarentzat. Izarren hautsa egun batean bilakatu zen bizigai. Hauts hartatik, ustekabean noizbait zen Elizabeltz ernai. Musikaren kontuarentzat inoiz ez genuen erabakirik hartu, gertatu egin zen. Arimaren eskariari erantzun genion.

Aurreko galderarekin jarraituaz, nondik datoz zuen eragin musikalak? Nik Ghost eta Marilyn Manson aipatuko nituzke, hasteko. Ahotsa erabiltzeko moduan argi ikusten da Brian Warner jaunaren eragina, baita garapen musikal zenbaitetan.
Mundua bera da eragina, egunerokotasuna. Baina bai, onartu beharra dago. Brian Warner garrantzizko maisu bat izan da. Nerabezaroan ezagutu nuen eta gaur egun abesti haiek entzuten jarraitzen dut.

Dena den, zuen atmosferak oraindik beldurgarriagoak dira, eta hori diskoa soinu elektronikoz puztu gabe... 90.hamarkadan oso ohikoa zen produkzioak gainkargatzea. Zuek, aldiz, errore horretan erori gabe efektu berdina edo handiagoa lortu duzue. Musika bera da guztiaren errudun.
Zuk diozun moduan, 90. hamarkadan kristoren musika egin zen. Produkzio itzelak, soinu elektroniko eta atmosfera estralurtar edota industrialak. Guk ordea, atzera begiratuz, alde sinfoniko bat nahi izan dugu delitukide.

Orkestrazioak, koru (anti)elizkoiak, melodia ilunak, latina eta esperantoaren erabilera, atmosfera goibelak... dena da iradokitzailea lan honetan. Dramatismo makabroz jositako giroek badute B aldea: melodia politak dira, hunkitzeko modukoak. B Serieko film bateko pilulak dirudite, edo “El exorcista” moduko pelikulentzako soinu banda ideala.
Hori da bilatzen duguna, gizarte ustel honen ispilu garenez. Ez al dago mundu hau dramatismo makabroz josia?

Heriotzaren martxa dirudite “Kornukopi iraultza” bezalako kantuek. Beldurra sentitu daitekeen arren, kantuotan itxaropena antzemango duenik ere egongo da...
Itxaropena ezinbestekoa da, ilusioa baita gizakumeon gasolina. Ilusioa hiltzen denean depresioa dator, biziz heriotza. Umetatik ondoratzen gaituzte, baina gure erraiak oraindik guztiz ustelduta ez badaude munduaren pisua eskuetan eusteko gai izan gaitezke.

“Itxaropena ezinbestekoa da, ilusioa baita gizakumeon gasolina”

Jaun beltza, izenda ezina, demonioa... Harengandik asko ikasteko daukagu? Ongia eta gaizkia zer den birdefinitu beharko litzake, ala postura kritiko izate hutsak gauzak hankaz gora jartzen ditu? Satanismoa askatzailea izan daiteke ematen zaion erabileraren arabera. Bestalde, zenbaitetan satanismoa barik tematika beltza da erabiltzen duzuena.
Jaun Beltz, izenda ezin eta deabrutxo horietaz ikasi behar du gaur egun gizarteak... haiek baitira moral, hipokrisia eta gizartearen hierarkiak auzitan jarriaz, Jauntxoen kontrola eta mundua dardarka jartzen dituztenak. Deabru hauek dira etorkizuna eta azken esperantza, baina leloek, ikasi ordez, pertsonai hauek harrikatzen dituzte, odola eraginez. Satanismoak baditu bi aurpegi. (Anton) Laveytarrak adibidez.... Hark gizakiaren askatasuna bilatzen du, hori ondo dago, baina ez dio albokoaren minari larregi begiratzen. Beraz, nahiago dugu goizeko Izarraren Irreberentzia, eta haren desobedientzia.

Latina erabili duzue “Lucifer bagauda”n eta “Bildotso (Ortuko otoi)” kantuetan, eta esperantoa aldiz “Kanpai”n eta “La mizantropa himno” kantuaren bukaeran. Joder, ez dut hori egin duen beste talderik gogoratzen...
Latinez ezagutzen ditut batzuk baina esperantoz ez. Esperantoz egiteak badu mugen aurkako esanahi bat. Baita ere Babelgo dorrean gertatukoari erantzun bat (jajaja).

Guk Marilyn Manson eta Ghost aipatu ditugu eragin posible bezala. Zuek Mikel Laboa, Pink Floyd eta Burzum aipatu dizkidazue... bat baino gehiago harritu daiteke azken eragin hauek entzunda. Ez, noski, Burzumengatik...
Eragin asko ditu eliza beltzak. Mikel Laboa eta Burzumen artean ere badaude paralelismoak; dramatismo, sakontasun eta poesian adibidez. Pink Floyd-en The Wall asko maite izan dut txikitatik. Iluna eta sakona da, kritika zuzen bat.

Getxoko Pan Pot estudioan grabatu duzue Alberto Macíasekin. Albertok ezin hobeto islatu du lortu nahi zenutena, eta horretarako kontzeptua bera ulertzea ezinbestekoa da. Bere kurrikulum zabala errepasatuz gero, musika klasikoa eta opera munduan ere aritu dela ikusiko dugu. Zenbait kantutan hori bereziki nabaritzen dela esango nuke: bi adibide jartzearren, “Kanpai” eta “La Mizantropa himno”.
Alberto gaur egun taldekide moduko bat da. Esan genezake eliza beltzaren kide ohoragarria dela. Gainera, zuzeneko teknikari lanak ere egiten ditu. Guretzat ohore handia da berarekin lan egitea, eta beste gauza askoren artean, koruekin ere lagundu digu.

Egia al da “Kornukopi iraultza” kantuak Ozzy Osbourneren “Gets me through”en hartu zuela inspirazioa?
Bai, introan batez ere. Jethro Tull edo Itoizen eraginak ere baditu, baita bukaera aldera Deep Purple edo Black Sabbathenak ere.

Diskoaren lehen zati osoa inpaktu handikoa bada (“Yersinia pestis”, “Lucifer bagauda”, “Kornukopi iraultza”) “Lasto txakur”en koru hotsandikoek diskoaren bigarren zati bikainari ongi etorria egiten diote. “Bildotso (ortuko otoi)” Mansonen estiloko ahotsarekin hasten da, baina gero datorrena sekulakoa da: meza beltz baten soinu banda dirudi, dramatismo eder batek bustitakoa ordea. “Oh patter lucifer auxilium me” kontzertuetan oihuka kantatzeko modukoa da, eta sorpresa ederra ere badakar erritmo aldaketa eta berebiziko energiaz jantzitako amaiera luzearekin. Hau bai kokatu genezakeela Norvegiako muturreko metalaren eszenan.
Nire abesti kuttunenetarikoa, zintzotasunez sortua, oinazearen minutu berberean landutakoa. Musikalki, diozun moduan, pasai ilunak eta gaixotasun atmosfera dauzka. Eta, nola ez, maite dugun Norvegiako metalaren ukitua bukaeran.

“Solve et coagula” ere Europa erdialdeko zein iparraldeko eszenan txertatu genezake. Orkestrazioak, ahots guturalak, abernuko koruak, erritmo aldaketa konstanteak... Zentsumenentzako gozamena!
Diskoaren istorioari jarraituz, Yersinia ez da belaunikatuko, ez du etsiko. Solve et Coagula egingo du, zaharrak kanpora eta berria eraikiz aurrera jarraituko du. Solve et Coagula alkimiaren maxima bat da, eta haren bidez benetako indarra bilatzen da. Bitxikeri moduan eta satanismoari lotuta, Baphometek bere besaurretan idatzia dauka Solve et Coagula.

Melodia polita eta koru landuak dauzkan beste kantu bat: “Kanpai”. Kanpaiekin hasten da, ez da falta Mansonen ahots gaixobera, ezta amaiera epikoa ere: “Magnificate malobei, nigra flago, aboli et magnificate Elizabeltz”. Wow... kontzertuetarako gasolina gehiago!
Abesti honetan Yersiniak puntu gorena lortzen du eta profetarenak egiten ditu. Hipokrisia erraustu nahi du, eta desobedientzia goraipatzen du, bandera beltza. Estatua eta inposatutako erlijioak deuseztatu nahi ditu, Eliza beltza goraipatuz.

“Black Mass” hit single garbi izatetik oso gertu dago. Esan dezagun besteen aldean egitura klasikoagoa duela. Bestalde, melodia dotoreak ahots guturalekin nahasten dituzue kantu honetan. Gainera, barre makabro batzuk ere entzun daitezke han-hemenka. Baina gitarra riff ezaguterrazak ere badaude, eta horregatik guztiagatik (Metal) irratietan entzuteko ideala dirudi.
Bai, esan genezake diskoko abesti komertzialena dela. Baditu bere paisai ilunak, eta gure ama beltzak akelarrera gonbidatzen gaitu.

“La Mizantropa himno” konplexuarekin amaitzen duzue. Opera beltza, hamaika ñabardurako ereserkia, beldurtzeko moduko grand finalle bikaina... “Gau hontan izar berriaren suak dakar koru berri hau Anarkangela, zuretzat”. Amaierako kanpaiek dena esaten dute.
Halaxe da, hemen Yersiniak (ama) eta Bildotxikik (alaba) berriz elkar topo egiten dute. Bildotxiki koskortu egin da, arkangelu bihurtuz. Umetan Lasto Txakurrek baitua izan zen, amaren eskuetatik erauzia. Asmo onak zituzten, inori ez zioten minik eman. Hala ere Yersina seinalatu zuten: bere burua naturalki erakusteagatik sorgintzat jo zuten eta alabak ere ordaindu zuen... Azkenean, iluntasunak giza mundu txikia irentsiko du. Anarkangela egun batean bildotxiki izan zen, orain indarrean datorren mizantropa bilakatu da; guztia kixkaliko du.

Diseinuari buruz, zer esan? Irudi politak dira, zuri beltzean maisuki marraztuak, eta musikarekin guztiz bat datorren iluntasuna islatzen dute. Aitor Bengoa izan da guzti honen arduraduna. Nik neuk hurrengo diskoetarako kontratua luzatuko nioke, berehala!
Aitor Bengoa, jenio paregabea. Heriotz beltzaren hiru morroietako bat da. Bere kontratua betiko sinatua du Elizabeltzarekin.

Lo siento, debes estar para publicar un comentario.

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.