Omago talde bizkaitarrak itxaronaldi luze baten ostean lan berria plazaratu du, “Kontzientziaren hitzak”, bost kantuz osatutako disko laburra. Aitziber Omagogeaskoaren ahotsa ardatz hartuta, pop atmosferikoaren bueltan sortutako abestiak direla esan daiteke, post-rockean entzun daitezkeen hainbat zertzelada batuta.
Diskoari izena ematen dion kantuarekin hasten da lana eta introan Anastaciaren ‘Sick And Tired’ abestiaren edota Mobyren unibertsoko sokak ekarri dizkigu burura. Perkusio elektronikoaz, post munduko gitarrak eta Aitziberren ahots eta kantatzeko modu bereizgarri horrekin janzten dute abestia. Errepikan taldea batzen zaio abestera eta bateria organikoarekin indie-pop girora garamatza, tremolodun gitarrak lagunduta. Barrura begira jartzen gaitu hasieratik, gainera, mantra moduan errepikatutako hitzekin.
Espazioarekin jolastea maite duen taldea da ezbairik gabe Omago, hutsaren eta betearen arteko oreka, zaratatxoak, plano desberdinak… elementu bakoitza fin kokatzen dute eta abestiak behar duen hori neurrian eskaintzen dute. Izan gitarrarekin, sokekin edo pianoarekin, ‘Gure zatiak’ kantuan, esaterako, agerikoa da hori. Unisonoan gizon eta emakume ahotsa entzutearekin zerbait berria ere ekarri digu talde bizkaitarrak, koroetarako erregistroa dezente zabalduz.
Hiru lauko konpasean dator goizean goiz, nahiz eta a cappella moduko batean hastearekin arreta berezia eskaini behar diogun erritmikari horretaz jabetu nahi badugu. Baina hori ere aldatu egiten da kantuan, giro ilunago batetara eramaten gaituzte haren narratiban, sarrera-korapilo-bukaera egitura nabarmena baitu piezak.
‘Bizi ikasi’ abestiak bihotzaren taupadak aipatzen ditu hitzetan eta bonboaren soinuak haren tankera duela esan dezakegu. Sokak, reverb eta delay izugarriko gitarrak eta perkusio goxo eta beroa dituen abestia, Aitziberren ahotsa lehen planoan jarriz. Pianoa ere gehitzen diote une batez abestiari, oso modu lotsatian bada ere. Abestia oso anbientala delako akaso, nahiz eta azken zatian zertxobait handitu.
‘Hormako izakia’ da diskoko azkena, desert elementuak dituen gitarra batekin eta Ipar Amerikako tribuen perkusio eta dei modukoak entzun daitezke, jolas oso berezia, izan ere dena oso apal entzuten da, atzeko planoan.
Pasartez pasarte, musikak erlaxatzera zein hausnarketak egitera garamatza, horretatik ere bai baitu Omagoren berrienak. Pausa bat jarri abiada handian doan guztiari eta nork bere kontzientziari arreta jarriz entzuteko moduko lana. Oso fina den diskoa ezbairik gabe Omagorena.
Lo siento, debes estar conectado para publicar un comentario.