Zintzilik
Discos / Olatz Salvador

Zintzilik

8 / 10
Urko Ansa — 11-06-2018
Empresa — Airaka
Género — Pop-Rock

Folk bakarlaria eta Skakeitan taldeko partaidea da Olatz, eta bere lehen bakarkako diskoa dugu hau. Alabaina, talde formatuan eta pop rock doinuak landuz eraiki du “Zintzilik”, amets bat dirudien lan limurtzailea. Izena ematen dion lehen kantatik harrapatzen zaituen disko honetan, soinu eta atmosferek sentsazio flotatzaile bat sortzen dute. Halaxe ba, Olatzen ahotsaren efektuak mozkorgarriak dira. Lan hau Zestoako Gaztain estudioan grabatu dute, Eñaut Gaztañagaren gidaritzapean.

Giroa da inportantea hemen, giro sofistikatu eta soinu garailea, momentu gehienetan sintetizadoreek ahalbidetzen dutena. “Sustraiak” ildo horretatik doa, baina geldialdi batean, erritmo basea soilik entzun daiteke Olatzen ahotsaren azpitik, eta segidan, lehen kolaborazioa: Jon Basagurenen ahots kristalezkoa, goxoa eta laztangarria. Gero bikoa egiten dute sintetizadore eta hodeizko koltxoi baten gainean. “Lokarriak”, aski segur, Olatzek egin duen kanturik borobilena da. Ahotsarekin egin duen lana da, alde batetik, horren arrazoia. Leuna da, goxoa, eta berriz ere Julen Idigorasen bateria, sinte eta programazioek guztia jainkotzen dute. Aipatu atmosferei nolabaiteko kontrapuntua egiten die “Korapilatzen” biluziak. Maitasun kantu polit honek gitarra akustikoa eta ahotsaren arteko jokoa dakar, han-hemenka eta aldiz-aldiz agertzen diren teklatu, slide eta sinte pintzelada apal batzuek borobilduta.

“Nirvanaren printzipioa” dator. Zoragarria, uhin hedakor baten modukoa, Nirvana hutsa. Arestian aipatu moduan, atmosferak berebiziko garrantzia hartzen badu ere, melodia oso lortuta dagoela uste dut. Zer esanik ez, sintetizadoreen armoniek eta Julenek sortu dituen kapek guztia estasi batean lehertzen dutela, egurra eta bateria kolpeen artean. Chapeau!. “Betileekin” aztertzerako orduan aurreko ezaugarri guztiak aipatu behar dira. Haatik, hau kañeroagoa da, batez ere bukaera aldera Borja Antónek gitarra elektrikoarekin egiten duen erakustaldian, baita, orokorrean, gitarra-baxu-bateria eskema lantzen dutenean. “Nora” ere aski potentea da. Olatzen ahotsa berriz erreinatzen sumatu dezakegu; ordea, oraingoan errepikan aski goratzen du bere tonua, eta hori gutxi balitz, berriz ere kantu guztia azken estasira zuzenduta dago.

“Fort. Da”k sorpresa dakar, Olatz rapeatzen hasiko zenik inondik ez baikenuen espero. Glaukomako Juantxo Arakama sartzen da ondoren, bere estilo propioarekin kantaren maila edo hobeto esanda benetakotasuna igoaz, baina Olatz ere sobera ondo maneiatzen da. Hau guztia egia izanagatik, ezin ahaztu ostera sobera azaldu dugun disko honen soinu propioa. Eraul taldeko María Bustosen biolontxeloa sartzen da beranduago, kantari beste dimentsio bat emanez. Diskoaren amaiera dator. Goizegi. Gehiago nahi dugu. “Kulunka” “Greensleeves” kantu ingeles tradizionalaren moldaketa bat da. Olatz ezin hobeto moldatzen da estilo biluzi eta pausatu honetan. Baina hemen Iñaki Salvador gonbidatuaren pianoa da protagonista: jario sentikor eta sakonean, barne-barneraino heltzen zaigun edertasuna eskaintzen digu Salvadorrek. Maisuek bezala, nota gutxirekin infiniturainoko emozio erauntsia sorraraziz.

Amaitu da: 9 kanta eta beste hainbeste bizipen. Partaideen gaztetasuna ikusita harrigarria dirudi erakutsi duten heldutasunak. Soinua totala da, borobila eta ondo osatutakoa. Milaka ñabardura han eta hemen, dena giro konkretu bat lortzeko xedearekin egina. Partaideak Olatz Salvador (ahotsa, gitarra), Julen Idigoras (bateria, sintetizadoreak, programazioak), Borja Antón (gitarra elektrikoa, ukelelea, biolina, aurreko biak bezala Skakeitan taldeko partaidea) eta Joseba Salvador (baxua) dira. Donostian gertatzen ari den mugimendua hobeto adierazteko, erreferentzia batzuk ematea komeniko litzake: “Nirvanaren printzipioa” Eraul taldeko buru den Asier Beramendik proposatutako doinu batetik abiatu zen, diskoaren liburuxkan adierazten den bezala. Eraul taldeko María Bustosek jo du biolontxeloa “Fort. Da” kantan. Borja Antón Eraul, Skakeitan eta Olatz Salvadorren taldeko kide da edo izan da, Julen Idigoras bera bezala. Konexioak ez dira hor bukatzen: Julen Barandiaran baxu joleak Eraulen parte hartu zuen, eta Izaro bakarlariaren taldeko partaide da. Olatz Salvadorrek disko hau Gaztain estudioan grabatu du, Eñaut Gaztañagaren gidaritzapean, Izarok bere azken lanean egin duen bezala. Skakeitan eta Eraulek, aldiz, Haritz Harreguyekin grabatu dute Higain estudioan, Usurbilen. Ez dezagun ahaztu Izaroren “Eason” azken lana Donostiari eskainia dagoela, eta han bizi dela. Iñaki Salvador, noski, Donostiarra da, eta disko honetan lau Salvadorrek hartu dute parte: Olatz eta Joseba partaideek, eta Iñakik eta Eduardok. Donostian zer edo zer mugitzen ari da; gazte jende honek etorkizuna bere esku daukalakoan nago, eta aipatu taldeen arteko soinuan nolabaiteko konexioa antzematen dut, estilo ezberdinak jorratzen dituzten arren.

Lo siento, debes estar para publicar un comentario.

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.