Supertalde bat osatu du Iñaki Larrayoz, Larrak, bere bigarren lana kaleratzeko bidean, "Larra bideak II". Bakarlari moduan ulertu beharreko diskoa, nahiz eta Larra Bideak izenaren azpian publikatu. Pop-rock bezala bataiatzen dugun arren, rockaren elementu ugari entzun ditzakegu lehen unetik ‘Esaidazu ez’ kantuan. Efektu desberdinak sartu dizkio gitarrari Ibai Gogortzak, ekoizpenean ere bera izan du laguntzen, gainera, Larrayozek. Ane Fagoagaren koroek goxotasun berezia ematen diote kantuari eta Julen Suarezen eskutik datoz haizeak.
Oinarri erritmiko sendoa dute kantuek, eta horren ardura Iñigo Telletxea eta Mattin Arbelaitzena da (Harat taldean Gogortzaren kideak direnak), baxu-jotzaile eta bateria-jotzaile esperimentatuak inondik ere, eta estudioa ere ez da nolanahikoa, Atala estudioa hautatu baitute, Iñigo Irazokiren etxea, modu analogikoan eta 24 pistatan grabatzeko. Hala ere, ez diote ukorik egiten xehetasun txikiei, ‘Kide’ kantuko perkusioek erakusten dutenez. Kantuak dinamika ederrak ditu, ahotsa gordin eta bero entzun daiteke eta interesgarria da gitarraren reverbarekin duen kontrastea, baita bikoiztutako ahotsen paneoak sortzen duen efektu berezia ere.
Pausa berezia duen kantua da ‘Hezurrek’, elementuen soiltasunak Larrayozen ahotsari espazioa ematen diote lehen zatietan, bere kantaera sentikorra azalerazteko. Gero elementu desberdinekin kantua hazten joaten da, eta uneren batean sinteak diruditen gitarrak ere entzuten dira, nahiz eta elektriko garbia den protagonista nagusia.
‘Libre’ beste giro batean koka genezake, baxuaren grooveak markatzen du kantua, Telletxeak jotzeko duen modu propio horrekin. Disfrutoia da kantua eta nik uste dut taldekideen arteko konplizitatea ere nabaritu daitekeela jotzerako garaian. Bloke sentsazioa ematen dute hasi eta buka. Berriz ere tempoa jaisten dute ‘Dantza’ kantuan, haizeek kabida duten kantua, sentsualago edo beroago gutxienez nabaritzen den pieza. Eta, bukatzeko, ‘Tanta’ dator, gitarra tantaka entzuten hasten garen abestia. Bonboaren partxea nabarmen entzuten da sartzen den unean, gordin. Mardula, luzea, rock progresiboaren unibertsora eraman genezakeena kasik, horretara iritsi gabe.
Sei kantu, baina ia ordu erditik gorako iraupena duen lana. Merezi izan du zazpi urteko itxaronaldiak behin emaitza entzun ostean.
Lo siento, debes estar conectado para publicar un comentario.