Iban Durruti bezala hainbat proiektutan ibili ostean (Raimundo el canastero, Eskafandra), bakarkako bideari atea zabaldu dio Iban Martin lekeitiarrak. Lau kantu plazaratu ditu «dolua eta galeraren aurrean edertasuna bilatzeko premiatik sortuta». Soiltasuna da nagusi ‘Zaurietan lore’ disko laburrean, eta gitarra akustikoa eta ahots hauskorra dira gehien nabarmentzen direnak, atmosfera goxo eta besarkatzaile baten inguruan.
Gitarra eta sinte atmosferikoak sarreratik entzun daitezkeenak ‘Zaurietan lore’ diskoari izena ematen dion abestian. Tonalitate altuan dago abestia, gitarraren nylona entzuteko moduan. Abesten goxo Iban, desberdin orain arte entzun izan dugunetik eta horrek zerbait adierazi nahi du: intimotasuna. Itsasertza eta aioak ere entzun daitezke. Koroak sotil, perkusio gutxi eta bero eta sokak ere tankeran.
Gitarrak beste pisu bat du introtik ‘Bezpera bat’ abestian, bi melodia edo kantu eta kontrakantua entzun daitezke. Hammond itxura izan dezakeen sinte bat ere entzuten da eta gero hirugarren soka geruza bat, oso altu. Bira bakoitzean elementuak gehituz doaz kantuan, gozo, kargatu gabe, ahotsak dena bare mantentzen duen bitartean.
Soinu klasikoago batetara, folk kantautore giro horretara, goaz ‘Zuen altzoan’-ekin, izan ere ahotsak eta gitarrak melodian bat egiteko gai diren estilo horretara garamatza Martinek. Errepikak badu, gainera, karga emozional berezi bat, malkoen askatzeaz hitz egiten baitu eta malko horiek gerturatu egiten dira begi ertzetara akordeoia batzen den unean. Malenkoniatsua eta hunkigarria erabat.
Saxofoia eta akordeoiarekin hasten da ‘Roberren bibotia’, diskoko azkena. Kantu jazzeroa dela esan dezakegu, erritmo jostariarekin, bateria organiko eta guzti. Beste giro batetara bidaiatzen dugu, instrumentu bakoitzari bere solo uneak errespetatuz, estiloak eskatzen duen moduan. Inprobisazio puntua agerikoa duen pieza.
Sorpresan harrapatu gaituen lan goxoa da inondik ere Iban Martinek estreinakoa.
Lo siento, debes estar conectado para publicar un comentario.