Isladen itzaletan
DiscosDeñe

Isladen itzaletan

6 / 10
Jaione Dagdrømmer — 22-09-2023
Empresa — Autoekoizpena
Género — Pop

Deñek 14 urterekin sortu zuen bere lehen abestia, "Azken agurra", eta ordutik ez da gelditu. Haur zenetik izan du lotura estua musikarekin. Zuri-beltzeko teklek melodiak jo, abestu eta sortzeko harra piztu zioten eta gitarra eta kantu ikastaroak bukatu zituenerako garbi zuen musikaz inguratuta bizi nahi zuela.

Horren emaitza da argitaratu berri duen "Isladen itzaletan" EPa. Bost abesti zaurgarriz osatzen da. Horien artean dago guztiari hasiera eman zion "Azken agurra". Lehen entzunaldian pop musika atsegina nagusitzen da, baina entzunaldi gehiago eskainiz gero, berehala ohartuko zara, melodia gustagarriak baino zerbait gehiago duela eskaintzeko gipuzkoar gazteak. Nabari da letrei arreta berezia eskaini diela, pop erritmo xurgatzaileei kontrastea egiten baitiete hausnarketa ilunek; "La vida es bella" abestia horren adibide. Itzalak eta argiak etengabe agertzen dira diskoan zehar, bere zentzurik onenean. Lehen EPa izanik, oraindik, nabarmenegiak dira akaso bere erreferenteak (Olatz Salvador, Izaro), eta abestien artean aniztasun gehixeago faltan bota dut; baina aldi berean, bihurtu litekeen bakarlari paregabearen zenbait zertzelada eskaintzen ditu, bestela nola azaldu "Zu" kantua entzun eta berehala garunean iltzatua geratzea?

Desoreka hori, zerbait ezkorra beharrean, positiboa dela esango nuke. Hazi baino egin ezin duen artista interesgarri baten aurrean baikaude eta ziur etorkizunean poz ugari eskainiko dizkigula.

Lo siento, debes estar para publicar un comentario.

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.