Negu Gorriak Berezia: Aizkorak Zorrotz 1989-1996
EspecialesNegu Gorriak

Negu Gorriak Berezia: Aizkorak Zorrotz 1989-1996

Iñigo Basaguren-Duarte — 30-05-2026
Fotografía — Archivo

1989an Berlin banatzen zuen harresia eraitsi zen eta berarekin batera XX. mendea ere. Paradigma sozio-politiko zaharraren amiltzeak mundu berri baten hasiera ekarri zuen. Urtebete lehenago, Euskal Herrian beste arrakala bat ireki zen. Txikiagoa, noski, baina musika eszenaren paradigma ere betirako aldatuko zuena. Euskal Rock Erradikala deitu zutenaren ikurretako batek, Kortatuk, amaiera eman zion bere ibilbide labur bezain oparoari Iruñeko Anaitasuna kiroldegian. Kontzertu haren amaieran argiak piztu zirenean, begirada zorrotza zutenek bazuten nora begiratu: Fermin Muguruzaren bomber jaka gorrian Public Enemy hip-hop taldearen partxea ageri zen. Aro berri baten iragarpena zen, zerbaiten zain zeudenentzako seinalea.

Garai berriek molde eta hizkuntza berriak eskatzen dituzte. Fermin Muguruzaren buru nekaezina horretan zebilen. Betidanik izan du miresmen handia musika beltzarekiko eta The Specials taldeak Kortaturen soinua definitu zuen bezala —lehen lan luzean behintzat—, proiektu berriaren sustraia Public Enemy izango zen. Isilpean, su txikian, sekretupean joan ziren taldeari forma ematen Ferminekin batera, haren anaia Iñigo eta Kaki Arkarazo. Mikel Laboaren omenezko diskoan parte hartzeak —Bertolt Brechten olerki batetik hartua— eman zion izena konspirazio bezala jaio eta iraultza batean bilakatu behar zen taldeari: Negu Gorriak.

Izenak berak gorria izan behar zuen, noski. Ez soilik kolore gisa, baita borrokaren eta neguaren gordintasuna iradokitzeko. Gorria nagusitu zen lehen lan luzearen azalean, baita haren mamian ere. Euskal Herriko eszenan hautsak harrotu zituzten hip-hoparen eta gitarra industrialen erritmoen nahasketarekin. Euskal Herriko musikarentzat garai berri baten hasiera izan zen. Rap-a, hardcorea, sampling-a,... musika estiloak eta teknologiak diskurto politikoaren zerbitzura jarri zituzten.

Lehen lan hura erritmo kutxa baten inguruan jaio zen eta horrek soinua definitu zuen, baita esperimentu baten kutsua eman ere. Hasierako hirukoteari beste bi zutabe gehitu zitzaizkien: Mikel Kazalis (baxua) eta Mikel Abrego (bateria). Rock formazio klasikoarekin, baina edozein konbentzionaltasunetik oso urrun, taldeak sei urteko ibilbide oparo bat izan zuen: estudioko 4 disko, zuzeneko eta bertsio disko bana, Maxi LP bat, bitxikerien bilduma bat, 14 single eta 3 bideo-bilduma argitaratu zituzten guztira. Erritmo kutxa hartatik unibertso soniko aberats eta ausarta eraiki zuen taldeak. "Borreroak Baditu Milaka Aurpegi" (1993) disko bikoitza izan zen taldearen sormen-gailurra. Lan iluna izanda ere, estilo guztiak (rap-a, hardcorea, soul-a, reggae-a, saltsa, etab.) maisutasunez landu zituzten, Euskal Herriko zein nazioarteko kritikaren oniritzia lortuz. Taldeak amaiera eman zion bere ibilbideari "Salam, Agur" (1996) izeneko bertsio-diskoarekin. Bertan, erreferete izan zituzten taldeei (NWA, Errobi, The Clash, Otis Reding, etab.) omenaldia eginez itxiera eman zioten zikloari.

Jarrera ez zen nahikoa eta, hitzetatik haratago, ekintza bidezko propagandara igaro ziren. Musika talde soil bat ez zirela argi utzi zuten. Prozesu artistiko eta politikoaren kontrol osoa izatera igaro ziren haiek sortu eta kudeatutako zigiluarekin. Taldeak egitura konbentzionalekin apurtu eta Esan Ozenki Records sortu zuen, autogestioa eta independentzia bermatzeko tresna gisa. Zigilu honen eredua AEBetako Alternative Tentacles eta Dischord zigiluetan zegoen islatuta, eta banaketarako Euskal Herriko gaztetxeen sarea izan zuten oinarri.

Zigilu propioarekin lan egiteak askatasun, erantzunkizun eta boterea eman zion Negu Gorriak-i. Taldeak gerrila baten izaera hartu zuen eta mundura ireki zen, atzerriko edizioen eta NG Brigaden eskutik. Azken hauek ez ziren zale hutsak, agitazio eta propagandarako zelulak ziren, fanzineak editatu, pegatinak itsatsi, konspiratzaile sarea hedatu eta ideia zabaltzea zuten helburu. Esan Ozenkiren itzalpean Gora Herriak azpi-zigilua sortu zuten, beste latitude eta hizkuntza batzuetan sortutako musikari aterabidea emateko eta taldearen mezua nazioartekotzeko.

Hasieran zuzenekorik emango ez zutela esan arren, 150 emanaldi baino gehiago eskaini zituzten mundu osoan zehar. Negu Gorriak LP-a 1990ko ekainean argitaratu eta lehen kontzertua Herrera de la Mancha espetxearen hormen aurrean eman zuten urte bereko abenduaren 29an. Zerbait puntuala izan behar zuenak Euskal Herria, Europa eta Amerikan zeharreko hainbat birei eman zien bide.

Bozgorailu politiko izateak eta taldeak hartu zuen dimentsioak arazoak ekarri zizkien, noski. Mehatxuak, arazoak errepide kontroletan eta, guztiaren gainetik, Enrique Rodriguez Galindo teniente koronelaren salaketa eta hortik eratorri zen prozesu judiziala. Intxaurrondoko kuarteleko, eta gerra zikineko, arduradun nagusiak taldea eta diskoetxea salatu zituen Ustelkeria abestiagatik. Han Guardia Zibilak, Intxaurrondoko kuartelak eta Galindo jeneralak droga trafikoan jokatzen zuten papera salatzen zen Kakik eta Ferminek zuten elkarrizketa telefoniko baten bidez. Galindok 15 milioi pezetako kalte-ordainak eskatu zituen, baita disketxearen master guztiak ere. Horrek elkartasun uholde bat sortu zuen, hainbat mezu, kolaborazio eta kanpainekin. Prozesu judiziala 2001 urtera arte luzatu zen. Irabazi eta gero, talde berriro batu egin zen hiru kontzertu eskeintzeko urte bereko otsailean: bat Baionan eta bi Donostian.

3 HAUSTURA

Radio Rahim (Oihuka, 1990)
Euskaraz idatzitako lehen rap abestia? Espainiar estatuan argitaratutako lehenengoetarikoa? Dena dela, Radio Rahim zaplazteko historikoa izan zen. Iritzi kontrajarriak sortu bazituen ere, mugarria izan zen: rock-aren hegemonia apurtu eta hip-hoparen kodeak euskaraz naturaltasunez txertatu zitezkela erakutsi zuen. Erreferentzia nagusia Public Enemy izanda, kantu honetan Run DMC edo Eric B. & Rakim-ek garai berean egiten zutenaren zantzuak daude. Taldeak gerora beste hamaika bide hartuko bazituen ere, honek Euskal Hip Hop Erradikalaren abiapuntua izan behar zuela zirudien. Hitzak ere, hatz koskoetan baino, burmuinean geratu ziren askorentzat tatuaturik. Spike Lee zuzendari afroamerikarraren Do The Right Thing (1989) filmean oinarriturik, Brooklyn-eko gau sargoritsu baten irakaspenak geurera ekarri zituzten: amodio eta gorrotoa, Martin eta Malcolm, Tina eta Raheem.

Abestiarentzat propio ekoiztutako bideoklipean jaio berri zen fenomenoa laburbiltzen zuen: dantza, grafitia, kultura herrikoia, irrati-uhinak, biserak eta, guztiaren gainetik, X bat osatzen zuten bi aizkora irudi-hondo gorri baten gainean. Taldearen iruditeria eta bideogintza Manolo Gil zuzendariaren esku egon ziren; haren estetika berritzialeak Negu Gorriaken mezu politiko eta musikalari dimentsio estetiko moderno eta apurtzailea eman zion.
Abesti bat baino, Radio Rahim gerra makina geldiezin baten lehen erasoa izan zen.


Gure Jarrera (Esan Ozenki, 1991)
Mugimendu orok bere manifestu propioa behar du eta Negu Gorriakentzat bere bigarren erreferentziak bete zuen paper hori. Izenburuak, azalak eta abesti zerrendak asmo-adierazpen bat baino gehiago dira. Musikalki taldearen izaera definitu zuen diskoak, crossover edo mestizaia bezala definitu zuten askok. Rap eta rock-aren nahasketa baino askoz gehiago aurkitu daiteke. Ez zen, inolaz ere, zentzugabeko collage bat. Hardcorea, metala, soinu jamaikarrak, sanpleatutako albokak, Jon Maiaren bertsoak, trikitrixa eta abarrekoak koherentziarekin nahastu zituzten, tradizioa eta modernitatea uztartuz. Mestizaia deitu zenaren bidean, Manu Chaoren laguntza izan zuten ‘Gora Herria’ abestian, taldearen ereserkietako bat izan zena.

Kaki Arkarazoren ekoizpen lana funtsezkoa izan zen eklektizismo horri guztiari batasun sonoroa emateko; diskoak badu pisu bat, dentsitate industrial bat, ordura arte gurean entzun ez zena. Sendotasun horrek taldea bosteko finko bilakatu izanan du zergaitietako bat. Kakiren eta Iñigoren gitarrei Mikel Kazalis eta Mikel Abregoren oinarri erritmikoak gehitu zitzaizkien hormigoiaren pareko sendotasun bat emanez.

Disko honetan argitaratu zen "Ustelkeria", taldearen ibilbidea (eta bizitza judiziala) markatuko zuen kantua. Hor argi geratu zen Negu Gorriak ez zela soilik estilo-ariketa bat egiten ari; informazio-izpien eta salaketa zuzenaren bidez, boterearen estolderiak argitara ateratzeko gaitasuna zuela.


Ideia Zabaldu (Esan Ozenki, 1995)
Taldearen azken estudio lanak —bertsioz osatutako Salam, Agur (Esan Ozenki, 1996) kontuan ez badugu— Negu Gorriaken unibertso musikala zein aberatsa zen erakutsi zuen. Muga guztiak hautsi eta aurretik landutako estiloei joera berriak gehitu zizkieten. Hor daude dub ohiartzunak, soinu latinoak, funk dantzagarria eta Urban Dance Squad edo RATM bezalako taldeen zantzuak. Agian ez da taldearen disko ezagunena edo goraipatuena. Baliteke horren arrazoia Borreroak Baditu Milaka Aurpegi (Esan Ozenki, 1993) monumentalaren ondoren kaleratu izana. Haren denstitate ilun eta pisutzutik aldendu ziren eta kolore eta tonalitate berriez zipriztindu zituzten haien abestiak.

Diskoa taldearen hedapen internazionalaren islada izan zen, bai musikan zein hitzetan. Zapatisten iraultzak —1994ko urtarrilaren 1ean gertatutakoa— Negu Gorriaken kosmobisioa eta diskurtsoa moldatu eta aberastu zituen, euskara hizkuntza metropolitar eta global bihurtuz. Milurtekoari amaiera eman behar zioten mugimendu iraultzaile eta antiglobalisten soinu banda izan zitekeen gure mugen eta haietatik kanpo ere. Taldea ez zen bitxikeria periferiko bat, munduan zehar sare erraldoi bat josteko gai zen kolektibo bat zen. Galindo jeneralak taldea itotzeko asmoarekin aurrera jarraitzeko asmoa bazuen ere, Hitz Egin kanpainak kontrakoa egiaztatu zuen. Aizkorek zorroztuta jarraitzen zuten, inoiz baino distiratsuago gainera.

Lo siento, debes estar para publicar un comentario.

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.