Hamaika abestiz osatutako diskoak taldearen nortasun musikalaren bilaketa erakusten du, gizarte-kritika, bizipen pertsonalak eta euskal kulturarekiko lotura ardatz hartuta. Diskoaren sorkuntza-prozesuaz, mezuaz eta etorkizuneko erronkez hitz egin dugu taldearekin.
“Aireratzea” zuen lehen LP-a da. Nolakoa izan da disko hau sortzeko prozesua hasieratik amaierara?
Egia esan, ez da prozesu lineala izan; gorabeherak izan ditu. 2025eko udan hasi ginen, hasieran arrakasta handirik izan gabe, baina behin guztiok elkartu ginenean, grabaziorako datak adostu genituen, gure buruari presio apur bat egiteko. Azkenean, urritik abendura bitartean amaitu genituen konposizio eta moldaketa guztiak. Hau da, bizpahiru hilabete behar izan genituen dena egiteko. Ondorioz, diskoaren grabazioa otsailean egin ahal izan genuen, gure bileran adostu bezala.
Zer esan nahi du zuen taldearentzat “aireratzea” kontzeptuak? Zergatik aukeratu duzue izen hori?
Taldekideok ez genion suziriaren gaiari garrantzi handiegirik eman nahi. Hala ere, ordu dezente izenburuak pentsatzen igaro ondoren, ezin genuen izenburu hobeagorik asmatu. Izan ere, diskoa kaleratu ondoren taldea bera aireratzear zegoela iruditzen zitzaigun. Azkenean, ez da diskoa soilik aireratzen; taldea bera ere bai.
Lehen lan honetan jamaikar erritmoak eta euskarazko mezu kritikoa uztartzen dituzue. Nola sortu da nahasketa hori zuen soinu propioa definitzeko?
Hasieratik genuen argi euskara izango zela gure mezua zabaltzeko tresnarik garrantzitsuena. Inspirazioari dagokionez, gaur egungo gizarteak hainbat gai eskaintzen dizkigu. Bestalde, jamaikar erritmoak oso gustuko ditugu, baina alde horretatik oraindik asko dugu lantzeko. Disko hau gure soinuaren bilaketaren parte dela esan genezake.
Diskoko abesti bakoitza gai edo testuinguru desberdin batetik abiatzen da. Nola erabaki dituzue gai horiek, eta zer lotura dute zuen eguneroko bizitzarekin?
Abesti edo gai bakoitza modu independentean landu dugu. Horregatik, gaiaren aukeraketa une horretan genituen emozio eta sentsazioekin lotuta dago.
Diskoak 11 abesti ditu. Ba al dago diskoaren mezua ondoen laburbiltzen duen kanturik?
Egia esan, ez dago mezu hori modu bakarrean laburbiltzen duen abesti zehatzik, baina “Hamaika frogak” edo “Suziria” izan daitezke diskoaren mezua argien adierazten dutenak.
“Suziria” edo “Likidator” bezalako izenburuetan indar eta irudi potenteak sumatzen dira. Zer sinbolizatzen dute zuen unibertsoan?
“Likidator” abestia izen bera duen kanta batean oinarritzen da, baina guk zeharo aldatu dugu. Reggae-zaleentzako keinu bat bezala jarri diogu izenburua. “Suziria”, bestalde, taldea irudikatzen duen objektu bat da, eta gure asmoak eta grinak adierazten ditu.
“Gure bidea” edo “Bihotza eskuetan” bezalako kantuek badute tonu pertsonalagoa. Zenbat dago autobiografiatik eta zenbat fikziotik?
%80 autobiografia eta %20 fikzioa dago.
Diskoan bi bertsio berezi sartu dituzue: bat Kepa Junkeraren abesti batena eta beste bat Lekeitioko herri-kantu batena. Zergatik erabaki zenuten bi lan horiek zuen diskora eramatea?
Bat-batean otu zitzaizkigun ideiak izan ziren, eta diskoan sartzeko aproposak iruditu zitzaizkigun. Kepa Junkerarena Rekalde auzoarekin dugun loturagatik sartu genuen; Lekeitiokoa, berriz, herriarekin berarekin dugun loturagatik.
Zuen diskoko letretan gizarte-kritikak eta eguneroko errealitatearen behaketa ageri dira. Zein da transmititu nahi duzuen mezu nagusia?
Gure ustez, beti egongo dira kritika soziala egiteko gaiak, baina garrantzitsuena horiei buruz hitz egitea da. Beti izan behar dugu jarrera kritikoa.
Euskaraz sortzea hautu kontzientea izan da hasieratik?
Euskaraz sortzea hautu kontzientea izan da; garrantzitsua iruditzen zaigu euskaraz sortzea. Euskara gure ama-hizkuntza izateaz gain, gure kulturaren eta balioen ikur nagusietako bat da. Euskara duen esanahiagatik eta guretzat naturala delako aukeratu genuen.
Zuen ustez, zein da musikak gaur egungo gizartean duen funtzioa?
Gaur egun funtzio asko ditu, baina garrantzitsuena, agian, terapeutikoa dela esango genuke. Gure ongizatean eragin handia izan dezake, batez ere modu positiboan.
“Aireratzea” lehen pausoa dela esan duzue zuen ibilbidean. Nola ikusten duzue zuen soinua etorkizunean garatzen?
Momentuz, bide onean goazela uste dugu. Badakigu zertan hobetu behar dugun, eta gero eta kritika eraikitzaileagoak egiten dizkiogu gure buruari. Bide horretatik jarraituz, ziur gaude soinu berriak aurkituko ditugula.
Zer esperientzia eskaini nahi duzue zuzenekoetan?
Orain arte kontzertu batzuk eman ditugu, eta gure zuzenekoa beste maila batera eramatea lortu dugu. Diskoaren soinua fidelki errepikatzeaz gain, zuzeneko indartsu eta dinamiko bat prestatu dugu, ordubete baino gehiagoz jendea dantzan jarriko duena.
Orain diskoa kaleratu denetik, zer da hurrengo pausoa Steady Rockets taldearentzat?
Momentuz, gure zuzenekoari egurra emango diogu ahal dugun neurrian, kanta berriak sortzen jarraitzen dugun bitartean. Uda honetako kontzertuak jotzeko gogotsu gaude, eta prest gaude Euskal Herriari gure abestiekin astindu bat emateko.
Eta amaitzeko: “Aireratzea” egin duzue… non ikusten duzue zuen burua hegaldia benetan airea hartzen hasten denean?
Batek daki. Guk espero dugu jendeari asko gustatzea eta, horrela, proiektua ahalik eta urrunen eramatea.
Lo siento, debes estar conectado para publicar un comentario.