"Diskoaren grabaketa eta masterizazio prosezuan konturatu ginen tratamentu ezberdina behar zuten kantuak genituela"
Entrevistas / Jupiter Jon

"Diskoaren grabaketa eta masterizazio prosezuan konturatu ginen tratamentu ezberdina behar zuten kantuak genituela"

Arkaitz Villar — 24-11-2015
Fotografía — Archivo

Soinu eta erritmo ezberdinen nahasketari esker disko eklektikoa osatu du Jupiter Jon taldeak. Bigarren estudioko lan honetan asko landu dituzte ahotsak eta konponketek ere tratamendu berezia erakusten dute. Osagai hauekin emaitza sendoa lortu dute eta entzulea harrapatuko duten momentu biziak eskaintzen dizkigute. Aida Torres baterijoleak erantzun dizkigu galderak.

Askotariko erritmoak aurkitu daitezke lan honetan. Zuen eraginen edo interesatzen zaizkizuen doinuen "bilduma" bezalako bat izan daiteke disko berria. Disko eklektikoa dela esan dezakegu.
Egia da disko eklektikoa atera zaigula, hasieratik egon da joera hori. Diskoaren grabaketa eta masterizazio prozesuan konturatu ginen tratamentu ezberdina behar zuten kantuak genituela. Abestiei nola heldu diegun izan daiteke horren arrazoietako bat. Paleolitikoa eta gero Elvis eta Fakirra bezalako abestiek adibidez, non kitarren presentzia nabarmenagoa den, funtsean hasierako ensaioetan bezala mantendu dira. Beste batzuk ordea, Satanak eta Joaquin adibidez, konposaketa prozesu ezberdina izan duten abestiak dira: oinarria lokalean grabatu eta ondoren etxean landu dira elementu batzuk gaineratuz eta hasierako egitura ere aldatuz.

Hasierako doinuetatik soinu "sofistikatuago" bat duzuela iruditu zait. "Pleistozenoko astelehenak" diskoko soinua gordinagoa iruditzen zait. Abestien konponketak gehiago landu dituzela dirudi.
Abesti batzuek jolasteko eta konponketak sartzeko aukera eman ziguten. Konponketa horietako batzuk letren osagai narratiboa indartu dute: Olatz Perezek Gansterrak operara doaz kantuan abesten duen operak bezala. Baita Navajo Kodiogoan abestiko indioen kantuak, Joaquín kantuko harmonika eta txistuek, etab.

Diskoko letrek bestalde joera antropologikoa dutela iruditu zait: "Navajoak", Afrikako eragina, Asiako erreferentziak, Fakirra, Elvis... gizakiaren historiako pertsonaia ezberdin eta esanguratsuak daudela iruditu zait.
Baxi da letra gehienak idazten dituena. Nik letrak modu narratiboan ikusten ditut, istorioak kontatzen dituztenak. Diskoko abesti bakoitzak ipuin bat daukala pentsatzea gustatzen zait. Baxik titulu batean pentsatzeak berarentzat duen garrantzia azpimarratzen du beti. Sustrai edo Haiku bezalako bat litzateke nondik gainontzeko istorioa garatuko den. Istorio horietan pertsonaia ugari daude: Elvisen bikoitza, Navajo indiar bat, operara doan gansterra, etab.

Ez dakit zuzen nabilen baina joera antropologiko horrekin jarraituaz abesterako orduan ere sumatu dut, batez ere "Navajoak" eta "Satanak" abestietan. Indioen kantu tradizionalak eta albokaren kasuan Maurizia eta Leon bezalakoen doinuak gogoraraztean.
Aurretik aipatu dudan bezala "Navajo Kodigoan" abestiko letrak abestia amaitzeko gustatu zitzaizkigun konponketa batzuk izan ziren. Azkenean indioek abestu zezaten! 'Satanak' abestia kantu arabiar bat bezala hasi zen. Lehen aldiz jo genuenean nik 'ey habibi! Ey! Ey!' bakarrik abesten nuen (habibi-k maitea esan nahi du arabieraz). Gainera albokaren soinuak suge-liluratzaileen gaita marokiarrak gogorarazten dizkit. Eta guzti hori Mauriziaren giro sorginduei batuta. Ahots hori etxean atera nuen. 'Güatxugüere' moduan abesten dudanean oso txarra naiz beraz melodiak frogatzeko egin nuen lehen gauza 'Orhipean' liburuko orrialde bat irekitzea izan zen. 17.a ireki zen eta bertan 'Jupiter' eta 'Buljifer' bertsoak ikusi nituen. Gerora horiek izan dira gelditu zirenak.

Baxuaren presentzia ere nabarmena da, erritmoak asko markatu dituzue, eta disko "dantzagarriago" bat osatu duzue.
Niretzat itzela da abestiak dantzatzeko modukoak izatea. Kontzertuetan jendea dantzan ikusten dudanean asko pozten naiz. Festa moduko bat izatea nahi dudalako gertatzen zait hori. Gu ikustera datozenentzat eszenatokira gure kantuak jotzeko igotzeak suposatzen duen erritual moduko bat. Beastie Boys-ek 'Fight for your right to party!' abesten zuten.

"Joaquín" kantuan Dub giroetara ere jo duzue tempoa baretuz. Doinu afrikarren eragina hemen ere nabari daiteke.
Bitxia da, bigarren aldia da abesti honek giro afrikarrak dituela entzuten dudana. Abestia nire aitona Joaquini buruz eta Soriako landei buruz ari da (bertan jaio zen). Iluntzean izpiliku eta ezkai usaina darien landa eta zeru zabalei buruz. Horregatik abestia sortzen ari nintzen bitartean western pelikuletako irudi batean pentsatzen nuen: amaierako irudi hori non antzezleak muin batean esertzen diren eguzkia desagertzen ikusteko zigarro bat erretzen duten bitartean.

Lamberto Perurean arduratu da diskoaren irudia osatzeaz. Diseinu primitibo, koloretsu eta surrealista egin du.
Baxiren oso lagun ona da eta Lambertoren marrazki batzuk erakutsi zizkigun. Asko gustatu zitzaizkigun. Horren indartsuak ziren, horren kaotikoak, baina aldi berean bere ordenarekin: azaltzen den gauza bakoitza arrazoi batengatik dago hor.

Lo siento, debes estar para publicar un comentario.

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.