“Estetikak gaur egun sekulako garrantzia du, niri gustatuko litzaidakeena baino gehiago”
EntrevistasDel Val

“Estetikak gaur egun sekulako garrantzia du, niri gustatuko litzaidakeena baino gehiago”

Jaione Dagdrømmer — 27-10-2025
Fotografía — M Van Koekje

Del Val proiektuak, bigarren diskoarekin —"Duda-Muda Karrusel Geldiezina"—, organiko eta sintetikoaren artean, biraka dabilen karrusel batera gonbidatzen du entzulea. Bertan dudak daude, baina baita zirrara ugari ere. Lan intimo honekin biko formatuan kontsolidatu dira Jon del Val eta Marta Ugarte. Jonekin izandako elkarrizketa honetan bere abestien antzean dauden prozesuak azaldu dizkigu, ikuspegi kritiko zorrotzarekin eta zintzotasun artistikoa lehen lerroan jarriz.

Diskoaren izena “Duda-Muda Karrusel Geldiezina” da. Izenburu iradokitzaile eta poetikoa. Zer irudikatzen du zuentzat “geratzen ez den karrusel” horrek?
Buruan ideiak, dudak eta zalantzak bueltaka daudela eta hori gelditzea ezinezkoa dela.

Disko iluna da, erantzunik gabeko galderez josia. Erabaki kontzientea izan al da horrelako atmosfera eraikitzea edo naturaltasunez sortu da sorkuntza prozesuan zehar?
Naturala izan da. Letrak idazten hasten naizenean ez dut pentsatzen nora noan, besterik gabe ateratzen zaidana idazten dut. Dudaz betetako diskoa atera da eta horregatik jarri diot aipatutako izenburua.

Aipatzen duzue “organikoaren eta sintetikoaren” arteko eraikuntza dela diskoa. Esperimentaziotik sortu al zen ideia edo aurretik argi zenuten horrela izango zela?
Sortze prozesua esperimentaziotik abiatzen dugu. Loop-ak hartu eta ordenagailuan hasten naiz saltsan. Elektronika du ardatz hasieran proiektuak. Loop horiekin probatu eta gainean sortzen hasi, jolastu, geruzak erantsi… emaitza jakinik bilatu barik. Geruzak geruzen gainean jarriz hasten gara eta azkenean hamabost bat geruzekin amaitzen dugu, —barreak—. Zailena hori antolatzea izan da, geruza horiei ordena eta zentzu bat ematea hortik abesti bat sortzeko.

Nola jakin abesti bat noiz bukatu…
Hori da, askotan gehitutakoa kendu beharra suertatzen da. Hasieran dena polita iruditzen zait, baina dena ezin da, sinplifikatu beharra dago. Pare bat ideietara mugatu behar izaten dugu jotzerako orduan egingarria izan dadin, bi baikara soilik.

Aipatu behar nizun bai, disko hau bikote formatuan sortua izan dela. Biko formatura behin betiko saltoa disko honekin eman duzue, ezta?
Bai, hala da. Orain arte, proiektuaren ibilbidean zehar, guztia nik egin dut, baina grabatzerakoan lau musikarirekin elkartzen nintzen. Oraingo honetan, logistikagatik, ezinezkoa izan da formatu horrekin jarraitzea. Martarekin topo egin nuen eta elkarrekin probatu ondoren gustura geratu ginen. Oraindik kontzertu gutxi jo ditugu formatu honetan, baina bai, bion artean defendatzen dugu proiektua eta gainera herriz herri mugitzeko aproposagoa da.

Musikan, azken emaitzean, eragin du formatu horrek?
Eragina izan du eta eragiten jarraitzen du, batez ere etorkizunera begira. Bi soilik garenez, zuzenagoak izan beharra dugu. Lau pertsonekin detaile gehiago sartu ahal genituen, orain ezinbestean zuzenagoak gara. Lehen pop sofistikatuagoa egiten genuen, orain “punkagoak” bihurtzen ari garela esan genezake.

“Lehen pop sofistikatuagoa egiten genuen, orain “punkagoak” bihurtzen ari garela esan genezake”

Lan honetan, abesti batzuk euskaraz dira, besteak gaztelaniaz. Aurrekoa gaztelaniaz izan zen osorik. Zer dela eta oraingoan bi hizkuntzak erabiltzearen hautua?
Nire buruak gaztelaniaz egiten du. Nahiz eta ni ikastolan ibilia izan, nire gurasoak Gaztelakoak dira, etxean gaztelaniaz egiten dugu. Urte askoan izan naiz musikaria, baina proiektu honekin hasi nintzen lehenengoz letrak idazten. Hastapenetan gaztelaniaz idaztearekin nahikoa lan, ez baita erraza barnean duzuna ateratzea. Horregatik, nire ama hizkuntzan egin nuen. Denbora pasa ahala, ordea, euskararekin ausartu nintzen eta sonoritatea gehiago gustatu zait. Bigarren disko honen sortze prozesua erdibidean zegoenean erabaki nuen euskaraz egin nahi nuela. Horregatik dago erdia gaztelaniaz eta erdia euskaraz. Trantsizio disko bat da zentzu horretan. Hirugarren diskoko letrak oso aurreratuak ditu eta esan dezaket osorik euskaraz izango dela.

Bigarrena kaleratu berri eta hirugarren diskoa jada bidean…
Bai, hala da. Diskoa orain kaleratu badugu ere, aspaldi grabatu genuen. Ordutik urtebete igaro da. Kontua da, Marta topatu arte ezin izan dudala zuzenekorik eman eta lasai ibili naiz. Jada jotzeko moduan gaude, eta horregatik kaleratu dugu orain diskoa.

Diskoaren azala kolore biziz marraztutako zaldiko-maldikoa da. Inozentzia eta nostalgia transmititu dizkit. Zer sinbolizatzen du zuentzat?
Helena Azkarragaurizarrek egindako ilustrazioa da. Nirekin lehendik ere lan egin duen artista da. Berari kantuak eta testuak pasatu nizkion eta abesti bakoitzarekin marrazki bat egiten saiatzeko eskatu nion. Hainbat egin zituen eta hiruroi gehien gustatu zitzaiguna izan zen.

Kantuei ere irudia jarri diezue Maite Artajo (M Van Koekje) artista bisualaren laguntzarekin. Zuen musikaren barruan zein funzio betetzen du estetikak?
Saiatzen gara zaintzen, horretan gabiltza. Azken bi bideoklipak Maite Artajorekin egin ditugu. Izan ere, estetikak gaur egun sekulako garrantzia du, niri gustatuko litzaidakeena baino gehiago. Apur ba behartuta sentitzen gara hau guztia egitera. Lehen bezala, diskoak kaleratu eta kontzertuak ematera mugatuko bagina nahiagoko nuke, —barreak—. Kristoren dirutza da eta ez nago guztiz ados, baina aldi berean egia da gustatzen zaidala beste taldeen bideoklipak eta abar ikustea, kontraesan batean sentitzen naiz gai honekin.

Sare sozialekiko ere antzeko sentimenduak izango dituzu…
Hori da, hor ez bazaude badirudi ez zarela existitzen. Kontzertuak eman nahi badituzu, itxura txukuna eman behar duzu sare sozialetan, hori horrela da gaur egun. Kontzertu bat antolatzen duzunean, batzuetan jendeari gehiago iristen zaio kontzertu horrek sare sozialetan mugitu duena ekitaldia bera baino. Asko kontzertua eman ostean ohartzen dira: “Hara, jo duzue ez dakit non”.

Joxen Artzeren poema bat egokituz Eskuzabalak kantua, gizakiak ingurua eta ukitzen duen guztia suntsitzeko duen ahalmenari buruzko kritika fina da. Uste duzue musika kontzientziak ukitu eta eraldatzeko erabilgarria izan litekeela?
Apurtxo bat bai, kantuen bidez helarazten diren mezuak iristen direla esango nuke, onerako zein txarrerako, —barreak—.

“Beti da arazo bat kantu polit eta kutunak egin eta zuzenekoetara eramatea, ez da ondo islatzen diskoa, ez bada behintzat areto batean jotzen”

Diskoan zehar hainbat kolaborazio izan dituzue: Idoia Asurmendi eta Sara Alonso ahotsetan, Ander Urzaga teklatuetan. Zuen proiektua beste pertsonei irekitzeak zer eman dizue bueltan?
Asko gustatzen zaidan zerbait da, geroz eta gehiago gainera. Gaur egungo musikan eta musika urbanoa deitutakoan egiten dena da. Hori nire proiektura eraman dut. Arrasateko Tatta taldearekin ere jotzen dut eta eurek asko egiten dute. Egun kolaborazioak egitea askoz ere errazagoa da. Kantuak ordenagailuan egoten direnez, norbaitekin etxean edo lokalean geratuta nahikoa da eta erraztasun hori gustatzen zaidanez, aprobetxatu egin nahi izan dut. Abesti batzuetan “emakumezko ahotsa ondo etorriko litzaidake” pentsatu nuen eta lagunei idatzi. Pianoa adibidez oso gaizki jotzen dut eta pentsatu nuen ondo jotako piano bat ederto geratuko zatekeela, beraz, Anderri (Urzaga) deitu nion. Asko gustatu zaidan bidea da eta horretan jarraitzeko asmoa dut.

Disko oso intimoa iruditu zait. Intimitate hori zuzenekoetara nola eramaten duzue? Zer aurkituko du zuen kontzertuetara hurbiltzen denak?
Intimitatea zuzenekoetara eramatea zailena iruditzen zait. Kontzertuetara abestirik bizienak eraman ohi ditugu, baina ez gara oso gogorrak, —barreak—. Neurtzen gabiltza, ikusiz nola erantzuten duen jendeak. Leku eta egunaren araberakoa izan ohi da. Igande batez jo genuenean, entzuleak eserita, oso harrera ona izan genuen. Ikusi beharko da beste egun eta formatuetan zelan erantzuten duen publikoak. Baina beti da arazo bat kantu polit eta kutunak egin eta zuzenekoetara eramatea, ez da ondo islatzen diskoa, ez bada behintzat areto batean jotzen.

Ez da erraza izango aretoetan kontzertuak lotzea…
Hori da orain daukagun arazo potoloena. Gure proiektua defendatzeko baliabideak behar dira, eta oraindik baliabide urriekin ari gara jotzen. Ondorioz, diskoa ez da nahi genukeen bezala islatzen. Soinu ekipo on bat behar dugu eta horretarako gutxieneko cache bat. Oraindik ez gaude hor, ea noizbait iristen garen —barreak—.

Iruditzen zaizu talde hasiberriek edo izen bat ez dutenek jotzeko erraztasunak badituztela?
Geroz eta zailagoa dela esango nuke. Jada izen bat dutenek kontzertu ugari lotzen dituzte, baina besteontzat geroz eta zailagoa da. Taberna gutxiagotan programatzen da, gaztetxeetan ere kontzertu gutxiago antolatzen dira… hasiberriek hortik hasi beharra dute, beraz, aukerak urriagoak dira. Talde mordoa dago, publikoa berriz, geroz eta gutxiago. Gazte jendea makro-kontzertuetara joaten dela gehien bat iruditzen zait.

Zer amets edo helburu betetzea gustatuko litzaizueke disko honekin?
Proiektuak aurrerapausoak ematea; batzuei bada ere, diskoa gustatzea eta berau ezagutzera ematea. Urtean zehar kontzertu batzuk jo ahal izatea. Horrekin konformatzen gara. Tira, honetan jarraitzeko energia mantendu ahal izatea gehituko nuke, batzuetan zaila izaten da eta. Asko gustatzen zaigulako egiten dugu, baina feedback apur bat gehixeago eskertuko litzateke.

Lo siento, debes estar para publicar un comentario.

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.