Arrakastaren Rave Eternalean
DiscosSuperlore

Arrakastaren Rave Eternalean

7 / 10
Iker Gurrutxaga — 10-06-2026
Empresa — Autoedizioa
Género — Rock

Proiektu guztiz desberdinetatik datozen musikariek osatutako taldea da Superlore. Buruntzaldeko taldea Meltdown eta Kyxo proiektuetan ibilitako kidez osatzen da eta esan dezakegu erdibide bat topatu dutela beren musikan. Post-hardcore eta emo musikaren bueltan dabiltza, gaur egungo tendentziak izan daitezkeen soinu landuekin. Riff indartsuak eta geruza zikin eta ez hain zikinak entzun daitezke gitarretan, oinarri erritmiko sendo baten gainean. Ahotsa batzuetan melodiko eta beste batzuetan apurtuta.

Sei abesti ditu "Arrakastaren rave eternalean" diskoak, izan ere, lehendabizikoa intro moduan ulertzen bada ere, kantu bat da bere horretan, ‘Hitzaurreak’. Paneatutako gitarra baten ostean, laster dator energia deskarga. Bateriaren kutxarekin jolas dexente eta oihu festa polita, nahiz eta haietako asko hor daudela jabetzeko belarria zorroztu beharra dagoen. Bizitzari musikari batek luzatu diezaikoeen begirada jaso dute abesti honetan. Diskoaren sintesia dela ere esan daiteke, hein batean.

‘Nitasunak’ dator atzetik, berriz ere paneatutako gitarra batekin, kasu honetan beste aldetik. Argia da kantua, nahiz eta zikintasunari eta distortsioei ez dieten ukorik egiten. Gitarra akustiko bat ere entzun daiteke abestian aurrera egin ahala eta oihu batzuk ere bai. Gordintasun dezenteko zatia, era berean nahikoa hunkidura sortzen duena. «Mr. Zoragarri»-k gizartean sortutako irudiaren itzalari, positibismo faltsu horri, zuzendutako mezua gordetzen duena.

Arrazoiaren eta emozioaren arteko talka klasikoaren inguruan ari zaizkigu ‘Zauriak’ abestian. Tinbalaren jolasak, minorrean akordeak… beste pisu bat hartzen du kantuak ezbairik gabe. Diskoan entzun daitekeen sinte bakarra ere hemen dago eta sinte horrek Turnstilen mundura garamatza, haien ‘Never enough’ diskako etapara. Oso fin egindako konponketa.

Gitarra zorrotzagoak eta punk-rock amerikar edo hardcore melodikoa den horretara goaz ‘Pertenentziak’ kantuarekin. Lehen riffak guztia markatzen du eta nahasketan planoen erabilera oso dotore egin dute Black Cat Studiosen. Ez baitugu ahaztu behar han nahastu den arren, guztia lokalean grabatu dutela Superlorekoek. Abesti honetan ere gogoetarako tartea uzten dute, baina hori haien bandcampera sartu eta letra irakurriz egitera gonbidatzen dugu irakurle eta entzule oro.

«Folklore disfuntzionalaren azoka» aipatzen digute ‘Ereserkiak’ bosgarren abestian. Sortzaileei zuzendutako kritika bezala ulertzen da abestia, benetan musikari emanak izan ordez musika merkantilizatzen ari direnaren salaketa moduko bat egiten dute Superlorekoek. 90etako soinuetatik abiatzen da abestia, melodikotasun dezente gehituz eta screamo ukituak ere txertatuz. Chorusaren erabilerak, nola ez, Itoiz ere ekartzen digu burura euskaldunoi. Erritmo ohikoagoak eta bereziagoak tartekatzen dituzte abesti guztietan Superlorekoek, belarrira estimulu berriak ekartzen dizkigute eta hori eskertzen da entzule modura.

‘Autopiak’, hitz-jokoa egiten duen bigarren titulua daraman abestiak ixten du diskoa. Akordeak zortzikoetan, freskotasuna eta baxuari sekulako espazioa utzita bukatzen dute "Arrakastaren rave eternalean" lana Buruntzaldekoek. Kontzertuak abian, lehen disko zinez interesgarria da aurkeztu dutena. Ea, bada, arrakastarik izaten duten.

Lo siento, debes estar para publicar un comentario.

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.