Nire-ren bigarren disko honen promo orria jasotzean, bide berriak erabiliz helmuga ezagunetara iritsi dela irakurtzen dut eta funtsean ados baldin banago ere, disko honen kalitate eta zirrara izkutatzeko arriskua dagoela iruditzen zait. Kolaboratzaile zerrenda handituz (bereziki nabariak Sacco taldeko Borja Toval edota Borja Igesias maisuaren ekarpenak), gitarrak zorroztu, ehundurak zikindu (Cigar Box Guitar-aren erabilpenaren ondorio) eta erritmoak azkartu ditu Ivan Zabalegik lehen diskoaren aldean. Eta bai, noski, emaitzak ez du musikaren istorioa aldatuko. “15”-eko alt-country oihartzun goibeletatik ia garaje kutsuko rock kementsura jauzi egin baitu. Baina, kontuz, Ivan Zabalegik berezko dituen kalitate eta abesti zirraragarriak idazteko sena ez da nolanahikoa, eta ederki erakusten du oraingoan ere. “19”, ondorioz, egun nekez aurkitzen den rock dotore, indartsu eta ederreko disko horietako bat dela esango nuke. Bikain, Ivan.
Lo siento, debes estar conectado para publicar un comentario.