Sorpresan etorri den talde horietakoa da Urola Kostan sortu den M I N taldea. Neguan eskaini zuten lehen emanaldia Zestoako Gaztetxean eta denbora gutxira etorri da beren lehen lana, homonimoa.
‘Etxeko goxotasunean’ sortu ziren ideiak lokalean landu eta emaitza berezia eskuratu dute. Distortsio asko duten gitarrak rockaren unibertso desberdinetako erritmoetatik eraman dituzte, 90etako rock alternatibotik abiatu, 60etako surfetik pasa eta txandal-metalean ere murgilduz.
Duela gutxi bideoklip eta guzti biziberritu duten ‘Denbora kapsulan’ kantuarekin ekiten diote diskoari. Lehen riffetik zerbait berezia datorrela ikusiarazten digu taldeak, disonantzia puntu bat baitu kantuak. Dinamika dezente eta txarles jostari bat tartean, ahots erregistro desberdinekin. Zortzidunen (oktaben) presentziak emo unibertsora eramaten gaitu nolabait ere ‘Erbestian’-en. Efektu sorta luzea gitarretan eta jolas txiki ugari nabaritu daitezke gisa horretara, nabari da Ion Brakamontek bide luzea duela instrumentuarekin.
Suharri Aranburu abeslaria gehienok Trini Foxekin lotu izan dugu eta talde hura txandal metal deitzen den horrekin, bada ‘Haizea dabil’ gisa horretakoa da, nahiz eta halako metal sinfoniko unetxo bat ere baduen abestiak bere baitan. Jon Sarasketak tempoa lasaitzen du bateriarekin ‘Amildegian’ kantuan, erdi ye-ye erritmo batekin. Chorusa da efektu nagusia abestian, baina ahotsetan ere dezente erabili dituzte. Maite Martiarenak jotzen ditu teklatuak taldean, eta protagonismo berezia hartzen du ‘Garai berri bat’ kantuan, Pi.L.T taldearen unibertsora eramaten gaitu-eta haren soinuak. Unisonoan abesten dute eta rock klasikoago batetara bideratzen gaituzte.
Orohar kantu nahikoa politikoak diren arren, maitasunari egindako abestia da ‘Biona’ zalantzarik gabe. Erritmika desberdinak, konpas aldaketak, distortsia eta garbiaren arteko kontrastea… kantu borobila ezbairik gabe. Ibon Telletxeak baxuarekin riff potente bat eginaz halako fade in moduko batean hasten da ‘Ama lurraren’, whamy eta halako efektuen presentziarekin, jostari. Naturaren aldeko oihu indartsu bat. Egitura ohikoago bat eta berriz ere intro dotore bat duen ‘Zizareak eztarrian’ dator jarrian, pianoak pisu handia duen abestia.
Azken pieza ‘Lo’ da, palm mutearen teknika protagonista nagusia den abestia. Bederatzi kantu indartsu eta lehen lagin interesgarria ezbairik gabe M I N taldearena.
Lo siento, debes estar conectado para publicar un comentario.