Lurphekariä
Discos / Kokein

Lurphekariä

7 / 10
Urko Ansa — 12-02-2017
Empresa — Autoeditado
Género — Hard Rock

Boterea dauka Eibartarren disko berriak. Lau urte pasa dira “Izan” bikaina argitaratu zuenetik, eta “Lurpekhariä” haren mailara iritsi den edo ez denborak bakarrik esango duen arren, oso gertu izango da, ziur. Bonberenean grabatu dute, Karlos Osinaga “Txap”-en esanetara. Izukariren diseinua, hots, Liam K. Larraberena, deigarria da: “Ondo baino hobeto islatu du guk geneukan ideia bai azalean baita biniloaren diseinu guztian ere. Oso pozik gaude egin duen lanarekin”!- esan digu Haritz Letek-.

Kokeinek estilo propio eta markatua dauka dagoeneko. Diskoa hasten duen “Ohi duen bezala” da horren lekuko, bateria kolpeen nortasuna eta gitarrak astintzeko era direla medio. “Gaur” erakargarria da oso. Esan dezagun behingoz, Zaloa Urainen ahotsa oinarrizkoa da taldearen nondik norakoak ulertzeko: daukagun abeslaririk onenetakoa da teknika aldetik, baina pasarte melodikoetan lortzen duena sentimendu hutsa da, benetan zirraragarria. Horrez gain, sakonetik ateratzen zaion boterea eta garra azpimarratzekoak dira bai abestirik gogorrenetan zein gainontzekoetan ere. Kantu honetan, batzuetan egiten duen bezala, Haritzek ere kantatzen du, Zaloari kontrapuntu maskulinoa emanez. “Gaur”-ek TAOMek egindako bideoklipa izan du bidelagun. Donostiako Larratxo auzoan dagoen skate parkean grabatu zuten. Zaloak esan zigunez: “Aurreko esperientziak oso onak izan zirenez oraingoan ere ez genuen inolako zalantzarik izan. Zerbait dinamikoa nahi genuen, indartsua, eta plazera izan da beraiekin beste behin lan egitea”.

“Larruak” eta bertan gitarrei eman dieten tratamendua aipagarriak dira ere. Zaloaren ahotsaren sarrera bere momenturik onenen parekoa da; oso zaila iruditzen zait sentimendu hori berdintzea. Gitarrek nota gutxirekin asko esan nahi dutenaren inpresioa dut, eta melodia bera gogoangarria da. “Errealitate aukeratuak” gartsua eta zitala da. Noski, Haritzen atabalek presentzia handia dute, bonbo, plater eta kaxa zigortzeari inoiz utzi gabe. Gitarretako batekin sonoritate ezberdin eta oso erakargarria nabari da, gainera. “Loturak”-ek, berriro ere, Kokeinen sarrera gogoangarri haietako bat dakarkigu: ahots goxoa, leuna, sakona, eta zorionez luzea, bigarren minutuan ondo sartu arte ez baita lehertzen. Gitarraren melodia, erritmo basearen sendotasuna eta ahots-melodia gozagarriak eramaten dute olinpora. Baina onena etortzear dago.

“Beste behin”, berriro ere Zaloaren sarrera iradokitzailea daukana, Hard Rock erritmo sakonean murgiltzen da, ia Stonerrean, gerora ere atabal kolpe sinple baina sendoek sostengatzen dutena. Gitarrek sortzen duten armiarma-sare horiekin, disko osoan bezala, uneoro atmosferen barietate handiagoaren bila dabiltzala dirudi. Eta amaierako koruak zirraragarriak dira, sekulakoak. Disko osoko momenturik onenetakoak, dudarik gabe. Berriz ere abiadaren bila, “Lokatza” zaplastako hutsa da: rockeroa, gitarreroa, zikina. Hori bilatzen duenean, Kokein makina hutsa da. Hori baita euren kredoa: egurra eta sentiberatasunduna. Orain muxua eta gero kolpea.

Amaitze aldera, “Hil artean” eta bere etendako erritmoa jostagarriak dira oso, dantzagarriak erabat. Nola gitarrak muntatzen dituzten, eta beste instrumentuekin partekatzen, magia hutsa da. Zaloaren ahotsa bikoizten denean ere, dirdira dario zentzu guztietan. “Dhaka”k erritmoa sostengatzen du, gero gitarra solistaren negarrak lagundurik, eta badoa… badoa kanta errekan behera, Zaloa hunkitzen den arte. Tonu altu horiek hartzen ditu, hain galanki, eta erremediorik gabe, bukaerako koruek diskoaren grand finalle bikainera garamatzate. Aparta.

Akabo da. Hauxe da Kokeinen deskarga berria, nagusitasunera iritsi den boskote honen azken kolpea. Zuzenekoetan ikusgarriak dira, gainera dagoeneko errepertorio zabala daukate eta momentu gorenak pilatzen doaz. Zaloak sentsualtasun handia erakusten du taula gainean, gorputz-espresio handia dauka, eta rock and rolla eta egurra datorrenean ere pose bikaina dauka eta asko transmititzen du. Kokeinek bigarren diskoan zuen line up berbera mantentzen du egun ere, hots, gutxienez duela 12 urtetik hona berbera: Iker Saenz Zaitegi eta Ruben Txitxes gitarretan, Jatsu Argarate baxuan, Haritz Lete atabaletan eta Zaloan Urain ahotsean. Gainera, lehen diskoan, Jatsu ezik beste denak taldean zeuden dagoeneko. Hots, ia beti berdinak izan dira, eta horri daukan balioa eman behar zaio.

Lo siento, debes estar para publicar un comentario.

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.