(K)Ito
Discos / Islabat

(K)Ito

7 / 10
Iker Gurrutxaga — 20-07-2022
Empresa — Egilea editore
Género — Rock

Itotzearen eta kito esatearen arteko muga nahikoa estua izaten da askotan, estua baino gehiago, muga hori pasa behar izaten itotzetik ihes egiteko. Kito horretara iristeko moduak, ordea, asko dira eta horiek kantu bihurtu ditu Asier Olabarrieta musikari bilbotarrak Islabat proiektuan.

Esperientzia pertsonaletatik abiatuta 7 kantuko “(K)ito” albuma sortu du Olabarrietak, Silvia Hernandez eta Josu Erviti bidelagun dituela. Tiraderan urteak gordeta zeramatzaten riffak berreskuratu eta pandemia garaian egurra eman eta gero borobildu ditu abestiok Islabat proiektuari forma emanaz.

Post rockaren ukitu nabarmenak dituzten ‘(K)ito’ edota ‘Bakarrik gaur’ abestiak topatu ditzakegu. Lehenengo abestiak atmosferak garatzen ditu, espazioak, itsasoaz hitz egiten digu eta itsasoko soinuekin deskribatu atzera begira jartzeak batzuetan sortzen digun itolarria. Itolarri hori, gainera, esplizituki arnasestu batekin adierazten digu. Diskoan behin baino gehiagotan entzungo dugun arnasestua. Bakardadetik ihes egitera bultzatzen gaitu, berriz, ‘Bakarrik gaur’ kantuaren epikak, nahiz eta atzean istorio gordina duen.

Stonerra, post-hardcorea eta black metalaren koralak uztartu ditu, bestalde, ‘Gainezka’ kantuan Olabarrietak. Norberak kontrako egoera askoren ondotik ezinak metatu eta lehertzen den une hori deskribatzen digu riff indartsu eta kantu melodikoz bustitako abestian. ‘Eten etengabea’ pistak ematen dio segida, non Silvia Hernandez errezitatzen entzun dezakegun, denbora batzuetan zulo etengabea bihurtzen dela narratzen diguten abestian.

Josu Ervitiren groovea ‘Isilune’ kantuan nabarmentzen da. Berez Olabarrietak konposatutako abestiak badira ere, Ervitik grabatu ditu hark pentsatutakoak eta hemen modu askean garatu du Drum Groove Studioko buruak bateria jotzeko duen gaitasuna. Aipatutakoez gainera, lagunartea baliatuz, Amorante, Ni edota Jon Villatek hartu dute parte diskoan, bakoitzak bere ekarpen xumea eginaz.

Rock konbentzionalagoz ixten du bere lehen lana Islabatek, ‘Norbera’ deituriko kantuarekin. Energiaz betetako abestia, askatasuna dariona, eta mezu argi bat daramana: norberak bere burua on eta txar guztiekin onartzen duenean, kito, akabo itoa.

Zuzenean kontzerturen bat edo beste eskaini duten arren, momentuz ez da ohikoa izango Islabat proiektua zuzenean ikustea, hortaz, aukera dagoenetan aprobetxatu Olabarrieta eta konpainiaren musikaz disfrutatzeko. Gainontzean, diskoa formatu fisikoan eskuratzeko moduan jarri dute, liburuxka oso interesgarri batekin, zeinetan zuriak eta beltzak protagonismo handia duten eta artelan dotorea osatu duten.

Lo siento, debes estar para publicar un comentario.

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.