Indartsua eta freskoa da Glaukomaren hirugarren lana, udazkeneko nobedadeen irteera-parrilaren buru izateko jaioa. Kasu, ala damutu!

Lehen entzunalditik zuzenean burmuinera sartzen den horietako lana argitaratu berri du Glaukomak: “Kalima” (Bonberenea, 2017) hip-hop, reggae, raggamuffin eta dubstepaz jantzitako fusio atomikoa da. Gantxo handiko hip-hop errimak musikaltasun sakoneko pasarteekin borobiltzen dituzte. Etchecoy anaiek zuzendutako“One, two” aurkezpen bideoklipa ikusia baduzue, badakizue zertaz ari naizen. Segidan, Juantxo Arakama abeslari eta hitzen egileak den-dena azalduko digu.

Zuen aurreko bi diskoetan (“Vol.1” eta “Vol.2”) zazpina kantu sartu ostean, oraingo honekin bikoitza, hots, 14 sartu dituzue. “Vol.2”-tik lau urte pasatu izanak lagunduko zuen horretan…
Ba bai. Egia esan lau urte hauetan ez gara geldik egon, tartean Bad Sound System-ekin egindako proiektu bat ere izan da… Baina egia da disko honi bere denbora eskaini nahi geniola eta gauzak patxadaz egin nahi genituela. Azkenean 13 abesti eta interludio bat sartzeko adina eman du.

“One, two” izan da zuen lan berriaren aurkezpen-kanta, bideoklipa ere badaukana. Etchecoy Anaiek zuzendu dute. Nortzuk dira Etchecoy anaiak? Iparraldekoak izango dira, noski… Gustura gelditu zarete emaitzarekin? Lokaleko irudietan musikarien naturaltasuna nabaria da. Gainera, garai bateko pilotariak ageri dira, gaur egungoak ere bai, bai ezker paretan, baita plazan ere. Are gehiago, “Goxo-goxo txokon utzitako pelota. Goxo-goxo zukin dantzatu nahi det Soka” diozue “Pixkanaka” abestian. Abesti horren bukaeran, trikitixa zati bat ere sartu duzue, kredituetan argi azaldu duzuena. Trikitixa zaleak ere bazarete?
Etchecoy Anaiak gure lagunak dira. Bizkaitarrak (ez dira iparraldekoak jeje). Eurekin beste arlo batzuetan aritu izan gara lehenago eta elkar ezagutzen genuenez eta bideo egile apartak direnez, beraiekin lyric bideo bat egitea erabaki genuen, eta emaitzarekin oso gustura gaude, irudiek letrari eta abestiari indar gehigarri bat ematen dietelako. Ez gara bereziki trikitixa zaleak, baina argi daukagu non dauden gure sustraiak eta hori argi utzi nahi genuen “One, two” abestian eta baita “Pixkanaka”-n ere. Azken hau dantzarako oihu bat da, eta nolabait konparazio bat egin nahi genuen hainbeste maite dugun dance hall estiloa eta trikitixaren artean.

“Irakasleik hobenak zeuzkeau: Bad Sound System” diozue “Pixkanaka”-n. Erreferente bat izan da Bad Sound System zuentzat, ezta? Bide batez, 2015ean haiekin grabatu zenuten singlea (“Sua zaintzen”) egia bihurtutako ametsa izango zen…
Bad Sound gure anaiak, eta noski, erreferenteak dira. Ez bakarrik musikalki, baita ere musika bera ulertzeko duten moduagatik. Eredu bat dira guretzako eta horregatik diogu irakaslerik hoberenak dauzkagula. Uste dut Euskal Herrian beste inork ez duela hain barneratua reggae-aren kultura bere osotasunean. “Sua Zaintzen” singlea naturalki atera zen. Urteak dira elkar ezagutzen dugula eta gogo handia genuen zerbait batera egiteko.

Bestalde, “Algaraka kantatzen gaztek, izerdi patxetan. Baten batek esan du: ‘Pull it up Selektah´” diozue “Pixkanaka”-n. Selektah Kolektiboaz ari zarete?
Ez. Ez dakit oso ondo nondik datorren Selektah Kolektiboaren izena. Kontua hau da: reggaearen kulturan “selektah” DJ-ari esaten zaio, pintxatzen duenari (“selector” hitzetik dator, hau da, musika aukeratzen duena). Gu banda bat gara baina betidanik gustatu zaigu sound system-en kultura. Reggae festa batean berebiziko garrantzia du selektah batek, bera gabe ez dagoelako musikarik eta, musika gabe ez dagoelako festarik.

Hitzak oso zainduak daude, gantxoa eta ironia daukate. Oraingoan ere Juantxo Arakamarenak dira?
Bai. Hip hop eta reggae kulturan idatzitakoa abesten da, edo beste modu batera esanda: bakoitzak egiten ditu bere letrak. “Recreation” abestian, adibidez, “zure atzetikan bueltaka nabil ta… Bueltaka, berriz” esaldia Iker Pandok abesten du berak idatzi zuelako. Aurreko diskoan ere abesten ditu paragrafo pare bat “Al beat de hits” abestian, baita ere berak idatzita baitaude.

Oso hitz zuzenak dira: izen propio asko aipatzen dituzue: banketxeak, alderdi politikoak, enpresak, komunikabideak… Eskertzen da zuzentasun hori, baina horrek ez dizue poesiara jotzea eragotzi. Poesia eta metaforak nabari dira zuen hitzetan.
Oreka kontu bat dela uste dut. Mezu zuzena eta izenak aipatzearena beharrezkoa da, baina metaforak ere bai. Gauza batzuk errazago azaltzen dira metafora bidez eta beste batzuk mezu zuzenarekin…

“Raggamuffina izan da gehien markatu gaituena banda bezala”

Estilo nahasketa erakargarria landu duzue. Pentsa liteke zuen hip-hop kutsuek izan dezaketela eraginik handiena gazteengan, baina musikaltasun sakona irradiatzen duzue. Garapen instrumental erakargarriek hip-hop taldeetatik bereizten zaituztete, eta abestiak Reggae eta raggamuffinez janzten dituzuenean gaindiezinak bihurtzen dira.
Banda bat gara. Funtzionatzerako garaian eta konposatzerako orduan rock banda baten antzera funtzionatzen dugula esango nuke. Bestalde, hip hopa eta reggaea beti izan dira gure ardatzak, baina egia da ziurrenik tartean topatzen dugun raggamuffina izan dela gehien markatu gaituena banda bezala.

“Pixkanaka” eta “Kalima”-rekin argi uzten duzue zuen filosofia, baina diskoan sakontzerakoan ñabardura harrigarriak topa daitezke. Han-hemen topa daitezkeen detaileak : “Semen de tinta”-ko teklatua, “Fire (They’re Commin)” eta “Gure Kaiola”-ko crescendoak, “Pass the wine”-ko gitarra elektrikoa edo bukaerako kaxaren kolpeak, eta segidan aipatuko ditudan beste hiru:

-Ia 9 minutu irauten duen “Recreation” ia instrumentala. Voilá!
Glaukomaren influentzia musikal ezberdinak erakusteko modu bat. Pajeo musikala, hainbeste letra duen disko batean gorputzak hala eskatzen zigun.

-“D.Q.E.M. (Saudade)”. Guztiz ezberdina iruditu zait, balada antzeko bat dirudi. Bikaina.
Ez dauka bere forma, baina nik esango nuke fado bat dela. Barru-barrutik ateratako abesti bat.

-“Outro”. Honekin ere eskemak apurtu dizkidazue! Hasteko, koruak daude. Gainera, bereziak dira, melodia oso erakargarri batez jantziak, eta guztiaren gaindi, halako goxotasun bat… Portada kanta honetan inspiratuta dago, ezta? Mediterraneoan hiltzen diren etorkinak… Panpina hautsiak.
Diskoaren diseinua diskoaren osotasunean inspiratua dago. Litekeena da, OUTRO epilogo antzeko bat izanik, diskoko kontzeptu nagusiak biltzea. Hala ere, diseinuak ez du abesti zehatz bat hartu erreferentzia gisa, baizik eta guztien osotasuna.

Estiloak eta hizkuntzak nahasten dituzue, produktu erakargarri bat lortuaz. Baina ene ustez zuen konbinazio gorena euskaraz eta reggae, dubstep, raggamufin ildo horretatik jotzen duzuenean lortzen duzue. Hitzetan ere, denak ondo landuak badaude ere, euskarazkoekin lortzen dituzue bai errima bai espresio originalenak. Iritzi pertsonala da, besterik ez.
Eta ados nago. Hala ere, gure egunerokotasunean elebidunak gara, eta gure izaera hori ez dugu ukatzen, alderantziz. Batzuetan gorputzak abesti batzuk erdaraz eta beste batzuk euskaraz egitea eskatzen du.

“2zio bat da euskaraz rapeatzen aritzea” diozue “Pass the weed”-en. Asmo-deklarazio hutsa iruditzen zait!!! “Euskarak behar du reggae, euskarak behar du hip-hop” diozue “One, two”-n ere!!
Hala dela uste dut. “Pass the weed” euskaraz rapeatzen duten talde eta artisten zeharkako erreferentziaz josita dago: Ziribulio Sound, 2Zio, Norzzone, Bad Sound System, 121 crew, Norte Apache, Nikotina Music… Gure omenaldia honetan sinesten dutenei. One two-k badauka beste ikuspegi bat: Euskarak hip hop eta reggae artistak behar ditu, egia esango dutenak eta “artistilla” jatorrak izango ez direnak.

“Euskarak hip hop eta reggae artistak behar ditu, egia esango dutenak eta “artistilla” jatorrak izango ez direnak”

Nola izan da taldearen azken 4 urteotako ibilbidea? Bad Sound Systemekin atera zenuten singlea 2015ean, eta aurten Bonbereneako bilduman zuen “Emaionk” kanta ageri da… Abesti berria da azken hau, ala lehenagotik konposatuta zeneukaten? Zuzenean jotzen jarraitu duzue?
Abesti berria da, bildumarako egindakoa. Ez dago “Kalima”-n eta oraingoz abesti hura grabatu genuenetik kontzertu bakarra jo dugu (Hatortxu Rockekoa), eta han jo genuen “Emaionk”. 2014 osoa biran pasa genuen (60 kontzertutik gora), eta 2015a eta 2016a Bad Sound-ekin egindako proiektuarekin eta “Kalima”-rekin joan zaizkigu. Ezkutatuta egon gara, kobazuloan, baina geldik ez.

Bonbereneari lotuta marraztu duzue zuen bizi-zikloa. Bonberenea zigilupean argitaratutako diskografia osoa, Karlos Osinagarekin han bertan grabatutako diskoak (“Vol.1” eta azken hauxe bai behintzat; “Vol.2”-ri buruz ez dakit nork ekoiztu zuen)… Bonberenearekin duzuen konpromisoa sakona da oso. Lan egiteko lekurik onena da zuentzat?
Bai. Ia hasieratik gaude han, eta Tolosako Otsabi Auzo Elkartearekin batera, gure etxea da. Orain arte grabatutako guztia han grabatu dugu Karlos Osinagarekin. Bat gatoz bertako filosofiarekin eta Bonbereneako kideentzat bezala, guretzat ere autogestioa baldintza bat da funtzionatzerako orduan. Musikatik ez dugu xentimo bakar bat poltsikora eramaten. Taldekide bakoitzak bere lana du eta musika militantzia bezala hartzen dugu, Bonbereneako piromanoak bezalaxe.

Aurreko lanetako kredituetan bost hauek agertzen zarete:
·Pablo Rubio, bateria
·Asier Arandia, baxua
·Jokin Albisua, gitarra
·Iker Pando, gitarra
·Juantxo Arakama, ahotsa

Oraingoan, ordea, Julen, Luis, Josetxo eta Haritz ere ageri dira…
Banda bera aurreneko 5ak gara, eszenatokira ateratzen garenak. Baina taldea edo ekipoa 9ok osatzen dugu. Julen izan zen aurrenekoa batzen duela urte batzuk, ondoren Luis, gero Txetxo eta azkenean Haritz. Bakoitzak bere zereginak ditu eta taldeko kide bezala hartzen ditugu entsegu lokaletik kanpo hartu behar diren erabakiak hartzeko orduan.

“Ez dut izan nahi artistilla jator bat” diozue “One, two”-n. Halako askotxo dagoela uste duzue?
Gehiegi! Gainera uste dut Euskal Herrian nahiko erreza dela artistilla jator bat izatea.

Hurrengo kontzertuak_:

– Irailak 8, ostirala – Bonberenea (Tolosa) 22:30 Agortuta

– Irailak 9, larunbata – Bonberenea (Tolosa) 22:30

– Urriak 5, osteguna – Gaztetxe (Arrasate)

– Urriak 7, larunbata – Stage Live (Bilbo)

– Urriak 28, larunbata – Jimmy Jazz (Gasteiz)

– Azaroak 4, larunbata – Intxaurrondo KE (Donostia)

– Azaroak 18, larunbata – Apolo (Bartzelona)

– Azaroak 25, larunbata – Beikozini (Ondarru)