“Argitik” lehen lanetik “Biziraun” disko berrira arteko bidea nolakoa izan da taldearentzat? Zer aldatu da zuen soinu edo ikuspegian?
“Biziraun” hitzak badu esanahi bat baino gehiago disko honetan. Izan ere, denbora tarte horretan taldearen ibilbidean gainditu beharreko zailtasun eta oztopoak agertu dira —erronkak, formazio aldaketak eta bestelako egoerak—, eta gaur egungo egoera biziraupen prozesu horren fruitua da. Ondorioz, aldaketa horiek disko berrian islatzen dira, bai izaeran bai soinuan.
Hasierako ideia hura mantentzen dela sentitzen duzue edo denborarekin beste norabide batzuk hartu ditu?
Lehen esan bezala, Ziraunek bere eboluzioa bizi izan du, eta hori gure musikan ere hautematen da. Gaur egun esan dezakegu gure musika indartsuagoa dela, konposizioak konplexuagoak direla eta mezuak sakonagoak eta hausnarketara gonbidatzen dutenak direla, baina betiere Ziraunen esentzia mantenduz.
Zer esan nahi du “Biziraun” hitzak zuentzat gaur egun?
Bizirauteak, azken finean, denboran zehar, oztopoak egonda ere, aurrera jarraitzea esan nahi du. Horrela, Biziraun diskoaren kontzeptu orokorra “tabuak” diren edo gehiegi aipatzen ez diren gaiak jorratzea da, biziraun dezaten, hilezkor bihurtuz. Abesti bakoitzak horietako gai bat lantzen du, intentzio garbi batekin. Gainera, “biziraun” hitza perfektua zen, Ziraunen bigarren diskoa izanik.
Nola landu duzue disko honen identitate sonoroa?
Gure identitatearen oinarriak erritmo sendoa, gitarra potenteak eta ahots femenino indartsu eta melodikoa dira. Hori izan da beti gure esentzia, eta disko honetan ere ardatz nagusia izan da, nahiz eta inguruan estilo ezberdinak ukitzera ausartu garen.
Zein izan da diskoa sortzerakoan izan duzuen kezka edo behar nagusia?
Diskoaren kontzeptua behin sortuta, jorratu nahi genituen gaiak modu organikoan agertu ziren, gure printzipio eta ideiei lotuta baitaude. Egia da Biziraun diskoak 100 abesti izan zitzakeela, munduan bizirautea merezi duten ehunka gai baitaude. Guk gure perspektibatik hitz egin dugu.
Diskoak 9 abesti ditu, bakoitza bere izaerarekin. Ba al dago disko osoaren mezua hobekien laburbiltzen duen kanturik?
Ez genuke esango disko osoa laburtzen duen kanturik dagoenik. Azken batean, abesti bakoitza bere ideia propioan murgiltzen da, metafora zein adiera zuzenak erabiliz. Baina esan bezala, badago beraien arteko lotura hori, eta hortik diskoaren izena eta kontzeptua.
“Floema” izan da aurkezpen indartsuenetako bat, eta gainera Aitor Gorosabelen kolaborazioa dauka. Nola sortu zen elkarlan hori?
Aitor Gorosabelek eta Su Ta Gar-ek milaka pertsonaren bizitza markatu dute Euskal Herrian, eta euskal musikan erreferente argiak dira. Biziraun diskaren musikaltasuna eta kontzeptua ikusita, Aitorrek primeran enkaja zezakeela pentsatu genuen, eta zuzenean idatzi genion “Floema” abestian parte hartzeko gonbita egiteko. Hasieratik prestutasun eta gizatasun handia erakutsi zigun, eta oso eskertuak gaude. Izugarrizko esperientzia polita izan zen berarekin grabatzea, eta elkarrekin bizitako momentu zoragarriak bihotzean geratuko zaizkigu!
“Floema” kantuan euskal kulturaren transmisioaren garrantzia aipatzen duzue. Zergatik iruditzen zaizue gaur egun gai hori hain beharrezkoa dela?
“Floema” kontzeptu botaniko bat da. Landare batean, sustraietatik etorritako osagaiak hostoetara joan eta han mantenugai bihurtzen dira, fotosintesiaren bidez. Floema mantenugai horiek landare guztira zabaltzen dituen ehuna da. Kontzeptualki honek oso ondo adierazten du abestiaren ideia: garai bateko belaunaldiek (sustraiek) egindako lana eta lortutako aberastasuna, gure generazioari (hostoak) dagokiola zabaltzea eta lantzen jarraitzea (floema), hurrengo belaunaldietarako (landarearen lorea).
Gu haurrak ginenean, euskal kultura eta euskal edukiak oso eskura genituen, oso gertu bizi genituen. Marrazki bizidunak, pailazoak, pelikulak, jokoak, herri kirolak… Gaur egungo gazteengan ikusten duguna da, beraien errealitatea aldatu denez, euskararen erabilpena eta kontsumoa ere aldatzen ari dela, baina okerrera. Mundu digitalizatu batean bizi garelarik, oso eduki gutxi dago sare sozialetan euskaraz (nahiz eta geroz eta gehiago dagoen!), eta gaur egungo belaunaldiarentzat hori da gakoa. Horregatik abestiaren leloa: ez, ez ezazu ahaztu, ez izana galdu!
“Santimamiñeko Paretak” edo “Plazandreak” bezalako izenburuetan irudi eta sinbolo indartsuak sumatzen dira. Nondik dator diskoaren imaginario hori?
Abesti bati izenburua jartzeko momentua garrantzitsua da, abestia guztiz osatzen duelako. Letrak idazterako orduan asko gustatzen zaigu gaur egun ezagutzen ditugun leku, kontzeptu eta irudiei bigarren esanahi edo interpretazio bat ematea. Hori da Santimamiñeko Pareten adibidea, esaterako. Garai hartan odolez eta pigmentuak erabiliz beraien lorpenak eta planak marrazten zituzten. Horrela, gaur egun ere, amets bat izatekotan “izerdi-odolez margotu” behar dugula esaten dugu abestian, gogor ekinez, eta inoiz ez dela berandu aldarrikatuz.
“Plazandreak” abestiaren kasua berezia da. Garbi geneukan gure aurreko belaunaldiko emakumeen irudia goraipatzeko abesti bat idatzi nahi genuela, askotan ahaztuak izan direnak, baina gaur egun garena izaten lagundu digutenak. Garbi geneukan beraien izenak agertzea nahi genuela, baina kontzeptu orokor bat genuen faltan. Informazio bila, irakurtzen ibili ginen, eta “plazandre” kontzeptua aurkitu genuen. Garai batean “plazagizon” ideia zegoen onartua, jendaurrean hitz egin edota bertsoak botatzen zituena definitzeko. Batzuetan emakumeak izanda ere, kontzeptu hori erabiltzen omen zen. “Plazandre” kontzeptua hiztegietan ere ez zegoen jasoa. Eta hori gertatu da historian zehar emakume askoren lan eta ekarpenekin ere. Anonimatoa izan dute bidelagun, eta oztopoak mila. Ba zer hobeagorik, abesti erdian plazandreak direla, garela eta izango direla oihukatzea baino.
Diskoko abestien artean, zein da barrutik gehien ukitzen zaituztena?
Oso zaila da hori aukeratzea, abesti bakoitzak bere momentua eta esanahia duelako. Baina aipatzekotan, “Enararen itzulera” eta “Hanamiaren B aldea” nabarmenduko genituzke. Lehenengoa norbere buruari idatzitako karta moduko bat da; bigarrena, berriz, dolu mota isilduen inguruko hausnarketa bat.
“Zer Da Arrakasta” kantuak galdera zuzena planteatzen du. Zer da arrakasta zuentzat?
Zoriontsu izatea egiten dugunarekin, eta bizitzako plazer txikiekin disfrutatzea. Eta, noski, jendeak gure musikarekin konektatzea, baina lehenengo hori inoiz galdu gabe.
Lehen diskoan Liher eta Moonshine Wagon taldeetako kolaborazioak izan zenituzten, eta oraingoan Aitor Gorosabel edo
Vittersweet bezalako artistak batu zaizkizue. Zer ematen diete kolaborazioek Ziraunen unibertsoari?
Bi diskoetan egin ditugun elkarlanak miresten ditugun artistekin izan dira. Modu batera edo bestera inspirazio iturri izan dira guretzat, eta abestiak guztiz borobiltzen dituztela uste dugu. Gainera kolaborazio hauetan gure logelako bakardadean hainbestetan entzun eta hunkitu
gaituzten ahotsak espazio bereko lau hormen artean sortu diren akorde-sorta eta ideiekin elkartu dira, ametsak betez eta gure entzuleekin partekatzen ditugun oroitzapen ederrak sortuz.
Nolakoa da zuen arteko lan dinamika?
Normalean, hasierako ideia edo “haziak” planteatzen ditugu taldean, gero instrumentalki garatzen dira, eta ondoren ahotsaren melodia eta letrak iristen dira. Asierrek gidatu du batez ere konposizio instrumentala, eta Jaionek ahotsak eta hitzak landu ditu, azkenik talde osoaren artean kantuak borobilduz.
Ahots femenino indartsua taldearen nortasunaren parte handia da. Nola eraiki duzue identitate hori hasieratik?
Historian zehar askotan emakumearen irudia ahultasun, hauskortasun edota profil baxuarekin lotu izan da. Guk argi daukagu emakumea indarra, presentzia eta eredua dela eta hori musikaren bidez hedatu nahi dugu, guztiok argi izan dezaten. Musikaren munduan badaude identitate hau islatzen duten eredu miresgarri asko, horra hor Lide Hernando (Liher / Bele) edota testuinguru urrunagoetara joanda Cecilia Boström (Baboon Show), eta guk hauekin bat egin eta entzule oro musika estilo honetaz distrutatzera gonbidatu nahi dugu.
Zer ikasi duzue Su Ta Gar, Zetak edo Janus Lester bezalako artistekin oholtza partekatuta?
Musika, talde baten ibilbidean, etengabeko ikaskuntza prozesua dela. Bidean frustrazioa, erronkak eta poztasunak daude, baina garrantzitsuena prozesuaz disfrutatzea dela ikasi dugu. Eta egia esan, kontzertu horiek guztiak “tiramisu on bat baino gozoagoak” izan dira guretzat.
Denbora gutxian Euskal Herriko hainbat plaza garrantzitsutan jo duzue, BBK Music Legends edo ZEID Fest Gaztea bezalako jaialdietan. Nola bizi izan duzue hazkunde hori?
Talde autogestionatu bat izanik, lan asko dago atzetik, baina oso pozik gaude, jendearen feedback-a beti izan delako oso ona, eta pixkanaka gure lekua egiten joan garelako euskal musika panoraman. ZEID Fest Gaztea edota Metro Musika Bilbo lehiaketak irabazi eta horrelako eszenatoki bereziak zapaltzeko aukera izateak ere asko animatu gaitu.
Atzera begiratuta, zer sentitzen duzue 2022ko Ziraun hura eta gaur egungoa alderatzean?
Proiektuan jarritako ilusio eta egindako lan guztiak merezi izan duela. Hasierako esentzia mantentzen dugun arren, taldeak ikasi egin du, eboluzionatu egin du, helduagoa da eta hasieran
amets moduan ikusten genuen hori lortu dugu. Hala ere, gure ilusioa eta bokazioa ez dira aldatu, eta erronka berriei ekiteko irrikitan gaude.
Euskal rockaren eszenan gero eta proposamen gehiago daude. Non kokatzen duzue Ziraun panorama horretan?
Gaur egun eskaintza oso zabala da, nahiz eta rockaren garairik onenak ez izan. Hala ere, rocka beti egon da eta beti egongo dela uste dugu. Guk pasiotik egiten dugu musika, eta publikoaren erantzuna oso ona izaten ari da. Beraz, argi dugu: rocka bizirik dirau.
Zuen letretan identitatea, memoria edo transmisioa bezalako gaiak ageri dira. Zer paper du musikak gaur egungo gizartean zuen ustez?
Musika emozioei guztiz lotua dago, horregatik konektatzen dugu horrenbeste musikarekin. Dantza egiteko, poztasuna adierazteko edota negar egiteko, baina baita gai garrantzitsuak plazaratzeko ere. “Biziraun” diskoak emozio hauek gai sendoekin uztatzen ditu.
Rocka askotan erresistentziarekin lotu izan da. Zuentzat rocka bizirauteko modu bat ere bada?
Guretzat rock-a bidelagun bat da, gure egunerokotasuneko arazo eta buru hausteetatik ihes egiteko tresna baliotsu bat. Guri musika honek bebesgune bat eskaini digu, eta gure musikaren bidez gure entzuleei baliabide berdina eman nahi diegu.
Euskaraz sortzea hautu naturala izan da hasieratik? Zer ematen dizue euskarak musikalki eta emozionalki?
Guztiz naturala izan da. Gure ama hizkuntza da eta euskaraz bizi gara. Gure emozioak, sentipenak eta pertzepzioak euskaraz azaltzea da gorputzak eskatzen diguna. Eta gaur egun, euskararen egoeran kontuan hartuta, garrantzitsua iruditzen zaigu ideia hori indartzea.
Zer transmititu nahi diozue entzuleari edo zein emozio gustatuko litzaizueke entzuleak diskoa amaitzen duenean?
Esperientzia pertsonal bat. Guk sentipen eta intentzio batzuk islatu ditugu abestietan, baina helburua ez da entzuleari mezu itxi bat ematea. Nahi duguna da bakoitzak bere interpretazioa egitea eta kantuak bere eremu pertsonalera eramatea.
Zuzenekoetan zer nolako esperientzia eskaini nahi duzue? Diskoko atmosfera mantentzen da edo kontzertuetan beste aurpegi bat ateratzen da?
Konposatzen dugunean zuzenekoetan pentsatzen ari den talde bat gara. ‘Biziraun’ diskako kantuak entzun eta begiak ixtean, entzuleak zuzeneko batean egotearen sentsazioa izatea da gure helburua. Kontzertuetan energia hori transmititu nahi dugu, baina pantaila edota aurikularren mugak gaindituz.
Datozen hilabeteetarako kontzertu edo aurkezpen berezirik aurreikusia duzue?
Diska berriaren argitalpenarekin batera gure agenda ziztu bizian betetzen ari da eta oso pozik gaude, gure helburua musika gure entzuleengana hurbiltzeko kontzertu asko eskaintzea baita. Data hauen artean bada berezi samarra izango den kontzertu bat. Maiatzaren 22an diskaren aurkezpen berezi bat prestatu dugu Gernikako Alai Tabernan. Bertan gure auzokideekin partekatzeko ekitaldi berezi bat prestatu dugu. Gure asmoa, bideokliparen proiekzio bat egitea, diskaren kantuak zuzenean jotzea eta komentatzeko edota diskak sinatzeko uneak izatea da.
Epe luzera begira, zein da Ziraunek lortu nahiko lukeen hurrengo pausoa?
Maitatzen duguna egiten jarraitzea, kontzertu gehiago eskaintzea, musika berria sortzea eta erronka berriak bilatu eta lortzea.
Eta azkenik, zer da gaur egun Ziraun zuentzat?
Pasioa, ilusioa, motibazioa eta oso proiektu pertsonala. Orain, Ziraun zuentzat zer izan daitekeen erakustea dagokigu.
Lo siento, debes estar conectado para publicar un comentario.