“Erronka handia izan da niretzat lehen lanak izan zuen oihartzunaren ondoren presiorik ez sentitzea”
Entrevistas / Olatz Salvador

“Erronka handia izan da niretzat lehen lanak izan zuen oihartzunaren ondoren presiorik ez sentitzea”

Urko Ansa — 08-02-2021
Fotografía — Unai Bellamy

Sakoneraino heltzen diren melodiak eta atmosferak. Talentua eta profesionaltasuna disko osoan barreiatuta. Ekoizpen soila eta eraginkorra. Sortzen dituen giroak, soinu kapak, ahotsaren biluztasuna... Eta guztiaren gainetik soinu potentea eta inguratzailea.

Lehen lanarekin gain altuak garaitu eta gero, goian mantentzearen bertigoa sentitzea hain erraza denean, Olatzek magia sortzen jarraitzea lortu du. “Aho Uhal” (Airaka) diskoan sorpresarik ez da falta, nekez imaginatuko genituen kolaborazio hainbat izan baititu. Haritz Harreguyk Usurbilen duen estudioan grabatu da: ekoizpena, aldiz, Pablo Novoarena izan da.

Urtea hasi berri dugu eta hementxe daukagu zure bigarren diskoa, labetik atera berria. Lehenik eta behin, nola sentitzen zara? Erditze prozesua amaitu ondorengo lasaitasunarekin, ala zuzenean jotzeko desiratzen?
Bietatik pixka bat. Esan behar dut neke metatu handia daramadala eta, erditze baten ostean, amatasun baja ematen den bezala, nik ere eskertuko nukela erditze osteko atsedenalditxo bat, kar-kar. Aldi berean, oso gogotsu nabil disko hau aurkezteko, argitaratzeko beharra banuen eta jendeak hain bere egin duela sentitzea oso gauza handia izan da. Zoriontze mezu asko jaso ditut eta oraindik ezin sinetsita nabil.

Zure lehen diskoa hain kalitate onekoa izanik, ez da erronka makala izan bigarrena ateratzea. Orain fokuak zuri begira dauzkazu, egiten duzunak oihartzun handia du eta komunikabideen erreakzioa ere ikusgarriagoa izan da...
Bai, erronka handia izan da niretzat lehen lanak izan zuen oihartzunaren ondoren presiorik ez sentitzea. Jendearen babesa izan dut eta hau gauza handia da, baina ardura handia sentitu dut kalitatezko zerbait sortzeko ahalegin horretan eta nire buruarekiko exigentzia maila altua izan da. Horregatik, askotan ez dut lan honetan merezi bezainbeste sinetsi eta zalantza handiak izan ditut prozesuan zehar, luzea eta gorabeheratsua izan delako.

Kolaborazioena sorpresa handia izan da. Aurreko diskoan ere gertuko hainbat musikarik parte hartu zuten, baina oraingoan Rozalének “Ahots hari”ri ahotsa jartzea lortu duzu! Kantua xarmangarria da, borobila, eta Rozalén eta zure artean sortzen duzuena oso ederra da, klimax hutsa.
Mila esker! Ez zen erraza izan, baina Ñakok (managerrak) eta biok argi izan genuen saiatu behar ginela. Nik Viña Rock jaialdian izan nuen berarekin lehen aldiz egoteko aukera eta nire “Zintzilik” diskoa eman nion, esanaz euskaraz zela eta ez zuela ezer ulertuko, baina espero nuela gozatzea. Berak erantzun zidan euskaraz abesteko gogoa bazuela eta hari horretatik tiraka, Ñakok kudeaketa lan handia egin du beregana iritsi eta hau dena posible egiteko. Pablo Novoak berak ere ezagutzen du María eta, azkenean, osagai guztiak batuta, posible izan zen. Esperientzia gisa ederra izan zen momentu oro oso zainduak sentitu ginelako eta emaitza ere, sinestezina.

“Gelditu hor” zirraragarria da. Idoia Asurmendik kantatu du zurekin batera. Berriz ere oso sentibera eta iradokitzailea da azken emaitza. Artifiziorik gabekoa, ondo jantzia baina sinplea. Aipatu bi kantu hauek Alaia Martin eta Ane Labakaren bertsolarien hitzak dauzkate, hurrenez hurren. Ane Labakak zure lehen diskoko “Betileekin” ere idatzi zuen.
Horrelako jendearekin lan egitea pasada bat da. Jende honek magia dauka burmuinetan, ez nau harritzen bertsolarien garunak ikertzen aritzea! Hitzen jolas horretan txunditzen naute eta beraiek transmititzen didaten guztiari forma ematen saiatzea oso gustuko dudan ariketa da. Instrumentazioan ere lan handia egin dugu eta buelta asko eman dituen abestia izan da, Pablo Novoaren eskua eta musikarien ekarpen guztiak bertan daude. Hori guztia eta Idoiaren ahots ederrak ematen dion kolorea batuta, emaitzarekin oso gustura geratu gara.

Pablo Novoa grabazio honetan zure taldeko partaide bihurtu da. Sorpresa handia izan da bere parte hartzea. Nondik etorri da berarekin grabatzeko aukera? Sintetizadore eta programazioez gain, gitarra ere jo du. Pablok Ivan Ferreirorekin kolaboratu zuen duela pare bat urte, eta ez hori bakarrik: Iván Ferreirok berak zure diskoan ahotsa sartu du bere “Promesas que no valen nada” kantuan. Gazteleraz (bakarkako ibilbidean behintzat) kantatu duzun lehen aldia izan da.
Berriro ere, Ñakoren ideia izan zen Pablo gurekin elkarlanean aritzea. Nik berari esker ezagutu nuen eta oso testuinguru desberdinetatik etorri arren, pertsona bezala oso ondo konektatu dugu eta horrek ahalbidetu digu lanerako giro osasuntsu bat sortzea. Abestien alde egin dugu momentu oro, bakoitzak bere ikuspuntutik, eta bere umiltasuna eta inplikazioa ezinbesteko izan dira prozesu guztian zehar. Pablo urteetan zehar ibili da Iván Ferreirorekin gitarjole gisa eta hortik suertatu zen Ivánekin zerbait egiteko aukera ere. Nerabezaroan asko entzun nuen kanta zen eta, aukera hori izanda, aprobetxatu behar nuela sentitu nuen.

“Mareak” kantuan La Marek kantatu du zurekin. Kontraste polita da zure ahotsaren eta bere rapeatze eta errezitatuen artekoa. Disko honetan kolaboratzen duen Espainia aldeko hirugarren artista da. Nondik etorri da berarekin konexioa eta berarekin elkarlana egiteko ideia?
Mar lehendik ezagutzen nuen gure disketxe berarekin lan egiten duelako. Pertsona honek argitasun eta bake handia transmititzen dizkit eta, egia den arren bera ez zela guk buruan izan genuen lehen izena, aholkua eskatu genion momentuan bere burua eskaini zuen eta pozez hartu genuen bere keinu hau, abestiari ekarpen handia egin diolako eta gainera, bere kontzeptu artistikoarekin bat egiten duelako, La Mare eta Mareak elkartzea oso naturala izan da guztiontzat.

Garazi Esnaola gonbidatu duzu pianoa jotzera “Ez garen gu”n, eta Eraul taldeko partaide izateaz gain, Izaroren azken diskoan partaide ofiziala izan da. Zure lanaren bigarren zatia dexente pausatuagoa da, eta kantu hau horren adibide garbia da. Bestalde, badauka hit anglosaxoien aire bat.
Garazi eta biok lagunak gara duela urte askotatik eta, gure harremanean musika beti presente egon den arren, pertsona bezala dugun harremana gailendu da beti. Horrek asko laguntzen du, presiorik gabe elkartu eta sortzeko gai garelako. Abesti honen demo bat pasa nion gitarra eta ahotsarekin eta gauzak probatzen hasi ginenean, bagenituen gako batzuk, baina abestiak gu eraman gintzan saiatu ginen. Argi ikusi genuen zati batzuk oso biluziak izan behar zutela eta, besteek, kaña gehiago behar zutela, nahiz eta balada baten testuinguruan mantendu. Garazik sentiberatasun handia dauka pianoarekin ahotsa laguntzeko eta, gainera, lagun bezala badaki zergatik eta nori idatzi nion abesti hau, nahiz eta gero unibertsal bilaka daiteken. Horrek ere testuinguru seguru bat bermatzeko aukera eman zidan.

Badaude bi kantu motz eta zoragarri: “Gaua”, minutu batekoa, diskoaren introa da, baina gauza asko espresatzen ditu, eta guztiaren gainetik, atmosferaren garrantzia azpimarratzen. ”Zure egia” luzeagoa den arren (bi minutu eta erdikoa) magiaz betetako anbientazio bat sortzen du, eta kantu motzen xarma guztia dauka. Kantu hauetako bakoitzak binilo baten A eta B aldeei sarrera magikoa emateko potentziala daukate.
Ideia bat eman didazu hortxe! Binilo formaturik ez dugu oraindik eta agian abiapuntu bat izan daiteke diozun hori. Biek konpartitzen dute nahiko biluzik eta atmosferiko agertze hori, nik asko maite dudan testuingurua da. Zuk diozun bezala, “Gaua”-ren helburua bada background bat ematea, ongi etorri bat eskaintzea entzuleari, datorrena entzutera geratu dadin. Abestiak berak adierazten du “galdu da araua, alde ilun bat erantzi dadin, edo arima bera”. Gutxirekin asko esaten duela iruditzen zait. “Zure egia”ri dagokionez, iruditzen zait ez duela apaingarri gehiagorik behar eta bi minuturekin esan beharreko guztia esaten duela. Hitzak oso pentsatuta daude denak zentzua izan dezan eta baditu diskoan zehar errepikatzen diren elementu batzuk.

Aurreko diskotik, Jagoba Salvador baxu jolea da zurekin jarraitzen duen bakarra. Gainera, biko formatuan zuzeneko batzuk ere egin dituzue. Nobedadeak, beraz, Ander Zulaika eta Mattin Saldías gitarra jolea dira, Pablo Novoaz gain, noski.
Jagoba proiektuan oso presente egon den pertsona da. “Zintzilik” diskoan baxua jo zuen arren, taberna batean lanean zebilenez, ezin izan zuen proiektura zuzenekoetan batu. Handik bolada batera, gitarjoleak proiektua utzi zuenean, berak bere burua eskaini zuen eta hor aritu da orain arte. Disko berrian pentsatzean ikusi genuen agian bere habitat naturala baxua zela eta hobe zela gitarjole bat bilatzea. Hor sartu zen Mattin Saldias jokoan. Deskubrimendu handia izan da eta oso gustura nago berarekin. Ander Zulaikari Dagokionez, badaramatza pare bat urte nirekin eta lehen egunetik lasaitasun eta segurtasun handia ematen didan pertsona da, oso profesional ona delako eta dena asko errazten duelako. Pablo ekoizpenean aritu zen baina, Madriden bizi eta lan egiten duenez, zuzenekoetan ezingo da gurekin egon, oro har.

Azken bi urteak bereziki intentsuak izan dira zuretzat. Zure bakarkako ibilbidearen arrakastaz gain, Skakeitan taldeko partaide izaten segitzen duzu. Nola izan dira zuretzat azken bi urteak?
Skakeitan taldean teklatua jotzen jarraitzen dut, abestu ere hasieratik egiten nuen zerbait da, baina orain hammond soinuak gailendu ordez, sinte gehiago sartzen hasi gara, estilo aldaketa natural baten ondorio. Hor ere oso eroso sentitzen naiz eta, batzuetan, bi proiektuetan egotea lan karga handia izan arren, niretzat gozada bat da lagun talde batekin proiektu bat konpartitzea eta hainbeste esperientzia bizitzeko aukera hau, nahiz eta azken urtea nahiko gogorra izan den Skakeitan taldearentzat.

Lo siento, debes estar para publicar un comentario.

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.