"Gure bizitzako soinu banda da"
Entrevistas / -Gailu

"Gure bizitzako soinu banda da"

Antton Iturbe — 27-07-2021
Fotografía — Rosa Zozaya

Begirune, mirespen eta jakituria handiz bere proiektu guzietan sortu eta entzundako musikari begiratuz, baina nostalgia izpirik gabe eta freskotasun osoz datorkigu, Drake, Mikel eta Okeneren mutazio berri hau. Entseiu lokaleko inprobisaketa eta esperimentazio jolasetan oinarrituta egon arren, entzunalditik entzunaldira hazten doan doinu bilduma ederra plazaratu dute -GAiLU izenpean. Dantzagarri, zorrotz, zabal eta anitza, hain premiazkoak ditugun zuzenekoetan gozatu ahal izateko ezin hobea. Hona, artefaktu maitagarri honen inguruan kontatu digutena…

Zer da -Gailu? Eta Zer ematen dizue zuen beste proiektuetan jasotzen ez duzuena? (halakorik esaterik baldin badago, noski)
GAiLU musika talde berri bat da; esperientzia berri bat. Hiru musikari gara. Euskal Herriko Punkaren eztandan jaio ginen eta ordutik musika egiten jarraitu dugu. 36 urte daramatzagu esperientzia eta talde desberdinetan jotzen eta honek eman digu indar haundiena gaur egun egiten duguna plazaratzeko. Hirurok talde berean hasi ginen musikan eta berriz elkartzeko gogo haundia izanda, talde berri bat sortzea otu zaigu. Beste proiektuetan ikasitakoarekin jarraitzen dugu aurrera.

Diskoan nabaria da lehen une batetan 80-90ko hamarkadako kutsua. Beastie Boys-en instrumentalak bereziki, Tom Waits-en “Black Rider” eta “Bone Machine” datozkit burura. Bestalde, Minutemen taldearen izaera poliedrikoak eta Sleaford Mods-en soinu eta jarrerak eragin handia izan dutela ere esango nuke. Bat zatozte? Edozein erara, prozesu kontziente bat izan da edo era naturalagoan atera da?
Kaleratu dugun diskoan, gure bizitzako iturri musikalak dira ageri. Halako musika izen haundiekin alderatzea estimatzen dugu. Haien eta beste hainbesteren musika presente da gurean, musika egiteko garaian, garbi da. Guretzako ez da kontziente izaten. Hori da ateratzen zaiguna, asko pentsatu gabe. Gure bizitzako soinu banda da.

Nolabait esateko, 90ko hamarkadako garai hartara bueltatu eta uneko musika era nostalgiko batean erreproduzitu ordez, orduan sortu ahal izango zenuten esperimentazio berria da Gailu. Behin hortik hasita, garai ezberdinen arteko mugak eta logikak gainditzen dituen musika guztiz zirraragarria egiteko gai izan zarete. Meritu handiko gauza dela deritzot. Zentzurik ba al du esaten ari naizena?
Zentzurik badu, bai, entzulearen ikuspuntutik. Sortzailea garen ikuspuntutik, 1984tik musika sortzen gabiltzala, ordutik jaso eta egin ditugunak mugitzen gaituzte. Ez dago ESTiLO hautaketa propio eginda, baizik eta PRAKTiKAtzeko gogo haundia. Jarrera eta naturaltasuna ikusteko, ekiteko eta entzuteko, prejuiziorik gabe, edozein musika/arte mota.

"Dantza eta musika bizitzeko aitzakiak izatea espero dugu. Horretarako bait dago -GAiLU sortua; ahal den heinean benetako askatasuna eta sortzeko gaitasuna bideratu eta babesteko"

Gailu, Drake eta Mikelen jolastoki moduan sortu zen hasera batetan, inprobisaketa eta ideien hartu-eman aske eta jostalari batetan eraikitako riff eta pasarteetan oinarrituta, funtsean. Horrek, unean uneko eta batere post-produkziorik gabeko grabaketak baino ez direla pentsa araz dezake.
Baina kontrara, material horretatik gero izugarrizko sintetizatze, doitze, moldatze eta berreraikuntza lan bat dagoela iruditzen zait. Abesti bakoitza, ñabardura txikiez aberastuta dago eta mimo handiz zaindua eta atondua. Lan bikaina dago hor. Nola bizi izan duzue zuek prozesu hori?

Disko honetan lan haundia eta luzea egin dugu. Hasieran Drake eta Mikelek oinarriak finkatu zituzten, entseiu gutxi batzuen inprobisazioak grabatuz. Ondoren Mikelek, nolabaiteko kontzeptu bat eraiki zuen, abestiak sortzen; ordenagailuarekin egunak eta hilabeteak emanez. Guzti horri mamia eta ahots propio bat emateko beste hilabete gutti batzuk pasa ditut nik eta ondoren Martxel Arkarazoren produkzio lan ikaragarria eta ezinbestekoa izan dugu hainbat abestietan gauzatuta. Ekarpen guzti horiek, diskoa biribildu dute. Abesti gehienak estudioan bukatutzat eman ditugu.

Okeneren ahotsa eta ekarpena ondoren erabakitako gauza dela kontatu duzue, baina, egia esan, naturaltasun osoz dago txertatuta. Musikaren protagonismo maila berean geratzen da, bata bestea zapaldu gabe. Zentzu horretan, Okeneren “animalia eszenikoa” eta performerra inoiz baino askeago landu eta oraindik eta urrunago eramateko esparru egokia eman dezakeela esango nuke. Nola ikusten duzue binomio hori eta zuzenekoei begira nola planteatzen duzue?
Zuzenekoan, diskoa duen indarra eta naturaltasuna mantentzen ahaleginduko gara, abestien moldaketak prestatzen. Bai eszena, bai soinuaren aldetik, bere prozesu behar dutela lokalean ari gara jabetzen. Berriz ere, Martxelen lana eta partaidetza, ezinbestekoa aurreikusten dugu. Ez da lan erraza izaten ari, baino lan taldeaz, fio naiz eta lortuko dugulakoan nago; ea.

Honi lotuta, musikaren bizkarrezurra baxu/bateria oinarri erritmikoak halako dinamismo “dantzagarri” berezi ba ematen dio proiektu honi. Gainera, dub eta drum&bass ukitu elektroniko leun baino fin batzuk sartu dituzue ere. Hor, BAP, Inoreneroni edota beste proiektuekiko ildo berri bat ireki dezakeela esango nuke. Jarraitzeko asmorik?
ANAikide bat bezala sortua dugu, aurreko esperientzia eta ildo musikalak gureganatuz. Dantza eta musika bizitzeko aitzakiak izatea espero dugu. Horretarako bait dago -GAiLU sortua; ahal den heinean benetako askatasuna eta sortzeko gaitasuna bideratu eta babesteko. Ziklo berri baten hasieraren gaude eta hirurok badakigu hau errepikaezina izanen dela. Urte askuan, espero.

Lo siento, debes estar para publicar un comentario.

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.