“Kontraesan baten isla da ‘Biluztasunez jantzia’, gizatasunaren eta umiltasunaren adierazpena”
Entrevistas / Arima

“Kontraesan baten isla da ‘Biluztasunez jantzia’, gizatasunaren eta umiltasunaren adierazpena”

Iñaki Lasa Etura — 11-05-2021

"Biluztasunez jantzita" (2021, Bonberenea Ekintzak) diskoa argitaratu berri du Arima taldeak. Hirukotearen bigarren lana da, eta jarraipena eman diote Metamorphosis-en garatutako doinu ilunei. Hor dago gitarren distortsioa, kapak, intentsitate ilunaren eta lasaitasunaren oreka jolasa. Biluztu dira erraietatik konposatzeko, eta heldutasunez jantzi dituzte sei abestiak.

"Metamorphosis" 2019an argitaratu zenuten, hogei minutura iristen ez ziren lau abestirekin; bigarren lanak sei abesti ditu, 24 minutu orotara. Disko laburrak gustatzen al zaizkizue?
Zentzua du, bereziki kontuan hartzen badugu gaur egun bizi garen gizartean oso azkar kontsumitzen dugula. Horrela atera zaigu. Aurreko diskoarekin, konposatu genuen unean ikusi genuen lau abesti genituela kontzeptualizazio aldetik esanguratsuak zirenak, eta kaleratu genituen. Bigarren disko honekin berdina pasa zaigu.

Hau zuen bigarren EPa da edo lehenengo LPa?
Binilo formatuan 12 hazbetekoa da, beraz, LP gisa kontsidera dezakegu.

"Metamorphosis" izan zen zuen aurkezpen txartela. Biluztasunez jantzita lan horren jarraipen gisa uler dezakegu?
Jarraipena da, nola ez, baina, landuagoa dago, bai sonoritate zein letren aldetik. Heldutasun maila handiagoa du. Denbora pasa da, eskarmentu gehiago dugu, eta eboluzio txiki hori nahitaez sentitzen da.

Arimaren soinua finkatua dago jada, taldea ezagutzen zuenak segituan entzungo ditu “Biluztasunez jantzia”-n jada ezagunak egiten zaizkion gitarren distortsioa, ahotsa, kapak... Baina heldutasun handiagoarekin.
Bigarren diskoak detaile gehiago ditu, gauza desberdinak antzeman daitezke. Konposatzeko momentuan nuen sentsazioari erreparatuz, osoagoa da, borobilagoa.

Esan bezala, aurreko diskoa Metaphormosis deitzen da, Franz Kafkaren liburu ezagunena bezala. Kafkak badu esaldi ezagun bat: “Hausnartzea, soseguz, oso lasai, erabakiak etsi-etsian hartzea baino hobea da”. Diskoa pandemia garaian sortua izanik, ondo hausnartzeko denbora izan duzue edo intuizioz aritzen zarete abestiak sortzerakoan?
Konfinamenduan konposatu nituen abesti gehienak. Tresna terapeutikoa zen, konfinatuta ginenean errusiar mendi emozional bat bizi genuelako guztiok, ziurgabetasuna. Ihes egiteko beharra sentitu nuen, eta horrela hasi nintzen abestiak sortzen. Hasiera batean bai dagoela intuizioa, barrenetik sortzen den hori; baina, gero bueltak ematen dizkiot, lana dago atzean. Bietatik du, beraz. Egoeraren arabera.

Lehendik ere terapeutikoa zen zuretzat abestiak sortzea? Edo sentsazio berria izan da?
Artea, eta musika bereziki, beti izan dira terapeutikoak. Sufrimendua transformatzeko, eta barruan duzun hori kaleratzeko, balio du. Entzungarri bihurtu eta jendearekin konektatzeko balio du. Oso polita da. Aukera ematen dizu barrenean duzun hori ateratzeko eta beste modu batean sentitzeko. Beste ikuspegi bat ematen dizu.

"Artea, eta musika bereziki, beti izan dira terapeutikoak. Sufrimendua transformatzeko, eta barruan duzun hori kaleratzeko, balio du"

Diskoaren izena ia oximoron bat da: Biluztasunez jantzita. Zer da zuretzat biluztasunez janztea? Emozionalki biluztea?
Kontraesan baten isla da izenburua, gizatasunaren eta umiltasunaren adierazpena. Barrenetik ateratzen zaizkidan emozio eta pentsamenduak adieraztea da.

Letretan isla dauka horrek. Hitz malenkoniatsuak dira, introspektiboak: Oroimena gara gorrotoz betetako putzu batean (“Orbainak”), Animalia bakartiak gara basoan zehar galduta, gure hutsuneak betetzen saiatzen garenean (“Noraezean”)...
Nire idazteko era da. Ez dakit zergatia, baina beti hitz egiten dut emozio “desatseginagoei” buruz. Hori da “sufriarazten” nauena.
Musika estiloarekin ere bat dator. Kuriosoa litzake udako gau eguzkitsu bati buruz hitz egitea shoegazearen distortsiotik.
[Barrez] Baita ere.

Biluztasuna aipatuta, bizitzan zerbait biluzia badago, hori natura da. Izan daiteke iluna, zuen musika bezala. Naturarekin loturarik al duzue? Azalean nabari da, adibidez.
Lehenengo diskoan ere islatzen zen hori. Naturan daude gure sustraiak, eta gure musikak badu era ukitu mistiko bat. Naturan bakean sentitzen naiz, leku segurua eta esanguratsua da niretzat. Bat egiten du gure musikarekin eta letrekin.

Bi kolaborazio dituzue diskoan, eta biek ala biek ekarpen handia egin dute. Lehenengoa Sara Zozayarena da, Pentsamenduen biktimak abestian. Kantatzen hasten denean, abestia bereganatu egiten du, bere eremura ematen du, eta desberdindu egiten da. Biek duzue iluntasuna zuen musikan, baina bestelako eran.
Hori da. Ahotsak grabatzera etorri zen egunean, nik banituen hainbat melodia pentsatuta, baina esan nion politagoa litzakeela berak nahi zuen moduan sartzea melodiak. Momentuan sortu genituen, inprobisatuta. Bion artean pentsatu genuen, arratsalde bat egon ginen horretan. Politago egiten du bion ekarpen bateratua izateak, eta emaitza bera osoagoa da.

Bigarren kolaborazioa Alex Uriarterena da. Haren hitzak ditu Ametsen noranzko errealistie abestiak. Diskoko desberdinena da, shoegazea baino, gehiago du La Muñeca de Sal bezalako taldeen post-rocketik. Gainera, letra luzea duen bakarra da, eta bizkaieraz, gainontzekoak euskara batuan dauden bitartean.
Hori zen ideia. Pentsatua nuen ondo legokeela abesti bat poesia errezitatzen egitea, oinarri instrumentalarekin, baina protagonismoa hitzek zutela. Beste abestietan arreta berezia eskaintzen diot musikari, eta Ametsen noranzko errealistie alderantzizko proposamena da. Alexi komentatu nion, hark lehenago Astran, Gernikan, egiten duten irratsaio batera gonbidatu ninduelako. Momentuan egindako poema bat musikatzen dute han. Eta niri asko gustatu zitzaidan niri egindakoa. Geroztik oso lagunak gara.

"Naturan bakean sentitzen naiz, leku segurua eta esanguratsua da niretzat. Bat egiten du gure musikarekin eta letrekin"

Lehenengo diskoan ere errezitatzen zenuten Beso(ak) abestian.
Bai, badu atal errezitatu bat. Hala ere ez dauka hainbesteko garrantzia zati horrek.

Bonberenean grabatu duzue berriro, Txapekin. Zer ematen dizue harekin lan egiteak?
Oso ondo ulertzen du gure soinua, lehenengo momentutik. Dentsitateak eta soinu ilun horiek izugarri kontrolatzen ditu, testurak. Izugarrizko indarra ematen dio gure musikari. Txapekin lan egitea izugarria da, oso jatorra da. Bonberenean etxean bezala sentitzen gara, eta horregatik erabaki genuen han grabatzea berriro. Astebete egon ginen, abuztuan, oso gustura.

Txapek badu ospe hori, etxean bezala sentiarazten dituela musikariak, eta mimo handia jartzen diola proiektu bakoitzari. Ibilbide luzea ez duzuen musikarientzat lasaigarria izango da hori.
Txapen lana nabaritzen da emaitzan. Kristoren esfortzua jartzen dio, gogo handiz egiten du lana. Astebete egon ginen, goizetik gauera bitarte. Egiten zuen guztia abestiak hobetzeko helburuarekin egiten zuen.

Hirukoa zareten arren, proiektua bereziki zurea da. Lehenengo lanean zu arduratu zinen letrak eta musika egiteaz. Lan egiteko era hori mantendu al duzue Biluztasunez jantzia-n ere?
Nik konposatu ditut abestiak, konfinamenduan. Gero, hiruon artean eman dizkiogu azken ukituak.

Abestiak zuzenekoei begira konposatu dituzu, jotzeko erraztasunean pentsatuta?
Kontrakoa. Bigarren disko honek detaile gehiago ditu. Zuzenekoetan looperrarekin jotzen dut, momentuan sortzen ditut gitarra geruzak. Looperrak anplitudea eta indarraren oinarri hori ematen dit. Euskarri hori izanik, ez dut uste abestiak biluzik geratuko direnik. Baina, konposatzeko garaian, ez genion bereziki erreparatu honi.

Aita taldeko bateria jolea izanda [Gontzal Bilbao, Ama Say eta Zein? Taldeetako kidea], nolakoa da hari aginduak ematea?
Gure harremanak alde batera uzten saiatzen gara. Nahiko gustura aritzen gara, eta nahiko modu naturalean suertatu da dena. Ez zait zaila egiten, elkar laguntzen gara.

Lotu dituzue jada lehenengo kontzertuak, ezta?
Bai, lotu ditugu hainbat: maiatzaren 22an Berrizko Kultur Etxean ariko gara, maiatzaren 29an, Bonberenean, Tolosan; ekainean, berriz, 5ean Jimmy Jazzen, Gasteizen, eta 12an Astran, Gernikan.

Lo siento, debes estar para publicar un comentario.

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.