Demotest: Arima
Entrevistas / Arima

Demotest: Arima

Zarata — 10-12-2019
Fotografía — Cris P. Lareo

Arima Paule Bilbaoren proiektu personal da. Josu González eta Gontzal Bilbaoekin batera bere lehen EPa kaleratu du, “Metamorphosis” (Bonberenea Ekintzak). Gure “Demotest” ataleko galderak erantzun dizkigu.

- Taldearen Izena: Arima

- Jatorria: Ni (Paule) eta Gontzal Muskizkoak gara, eta Josu berriz, Hernanikoa.

-Argitaratutako lanak: Azaroaren 26an Bonberenea Ekintzekin gure lehenengo lana aurkeztuko dugu “Metamorphosis” izenekoa.

- Estiloa: Gure soinuari eta estetikari erreparatuz, shoegaze, dream-pop, post-rock… estiloen barnean sartzen gara; kitarra distortsionatuak, ahots erreberberatuak, sentimenduak eta atmosfera espazialak gailentzen baitute.

- Partaideak: Paule Bilbao (Kitarra eta ahotsa), Josu González (Baxua) eta Gontzal Bilbao (Bateria).

- Kontaktua: Paule ([email protected]), Instagram (@arimagara) eta Facebook (A R I M A – taldea)

 

 

1. Zerk bultzatu zuen taldearen jaiotza?
“Arima” proiektua 2018. urtean jaio zen, nire behar emozionalak eta sentimentalak modu ezberdin batean azaleratzeko helburuarekin. Beraz esan genezake emozioak, sentimenduak eta abestiak sortzeko grina direla talde honen bultzatzaileak.

2.Nola definituko zenukete zuen musika?
Melodia sentimental eta etereoek, kitarra distortsionatuekin nahastuz bidaia pertsonal eta berezi batera gonbidatzen zaituzte. “Arimaren” kontzertu bat txirrista shoegaze baten modukoa da; berezia, pertsonala eta sentimentala.

3. Zein beste taldeetan aritu zarete iraganean edo aritzen zarete egun?
Ni proiektu honekin hasi aurretik “Buenas Tardes, Comandante” izeneko talde bilbotarrean aritu nintzen. Josu berriz, “Indian Feathers” talde donostiarraren partaide da, eta bi proiektuak tartekatzen ditu. Bukatzeko, Gontzalek “Ama Say” eta “Zein?” izeneko taldeetan aritu da, eta gaur egun “La-La Perez” izeneko taldearekin dabil lanean.

4. Noiz kaleratuko duzue zuen hurrengo diska? Autoekoizpena edo disketxea?
Azaroaren 26an 4 abestiz osatutako “Metamorphosis” EP-a aurkeztuko dugu 10”-ko binilo baten bitartez. Diskoa Karlos Osinaga, “Txap”-ekin grabatu dugu Bonberenea ekintzetako estudioetan.

5. Zein taldeek dute eragin gehien zuengan?
Nik bereziki atzerriko musika asko entzun dut eta erreferente asko ditut shoegaze munduaren barne sartuko nituzkeenak: Slowdive, Whirr, Drop Nineteens, DIIV, Beach House, Airiel, My Bloody Valentine...

Halaber, Euskal Herri mailan eta estatu mailan baita, talde oso kuttunak ditut, besteak beste: Anari, Lisabö, JP Lohian & Klonen klana, Eskorbuto, Nudozurdo, Mourn, Celica XX, Apartamentos Acapulco, Triángulo de Amor Bizarro…

6. Orain arte zein izan da talde bezala gertatu zaizuen dibertigarriena?
Uda honetan, Bonberenean diska grabatzen egon ginenean, Josu eta biok egun batzuk pasa genituen bertan. Kulturaren eta sormenaren aldetik hain indartsua den gune batean lo egitea izugarrizko esperientzia polita izan zen. Bestalde, etxe horretan Gontzal, Txap, Patxi eta Toporekin partekatutako momentuak oso bereziak izan ziren. Baina jaio berria den proiektu bat denez, ziur nago hemendik hilabete batzuetara esperientzia dibertigarri gehiago kontatu ahal izango ditugula! jajajajajaj

7. Zer asmo duzue epe motz/ertainean?
Euskal Herritik zehar hainbat kontzertu egingo ditugu lana aurkezteko helburuarekin. Tolosatik, Ataunera bidaiatuko dugu, Gasteiz, Durango, Bilbo, Ordizia eta beste hainbat lekuetatik pasatuz. Gainera, udan beste pare bat abesti grabatzea gustatuko litzaiguke. Horren ondorioz, musika berak gidatuko gaitu gure etorkizunean…

 

Lo siento, debes estar para publicar un comentario.

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.