“'Azal ezten' da nire buruarekiko izan dudan liberazioa, askatasuna, orain naizena”
Entrevistas / Libe

“'Azal ezten' da nire buruarekiko izan dudan liberazioa, askatasuna, orain naizena”

Paula López — 12-02-2024

Libe, sei urte eta gero, bere bakarkako proiektura bueltatu da "Azal ezten" diskarekin (Alde Iluna, 2024). "Zalantza" eta "Otzan" single-ekin aurrerapen txikiak egin ditu, dakarkigun disko indartsurako publikoari prestatzeko. Efektudun ahotsak, sintetizadoreak eta teklatu erreberberatuak gainontzeko abestietan erabiltzera animatu da, bizitzaren iluntasuna musikaren bidez adierazteko.

Sei urte eta gero musika argitaratzera bueltatu zara. Nolakoa izan da prozesua? Nola sentitu zara bidean barne zinenean?
Sormen prozesuak normalean gogorra dira, batzuetan ez dakizu nondik hasi, eta bururatzen zaizunean ideiaren bat edo melodia bat, egun batetik bestera ez zaizu gustatzen, edo zalantza asko sortzen dira. Badaude une ederrak ere jakina, baina gorabehera askoko garaia izan da.
Frustrazioak askotan blokeatu izan nau, eta hortik ateratzea zaila da, baina lanarekin eta burugogorkeriaz egin dut aurrera.

Zeintzuk izan dira zure inspirazio iturri nagusiak lan honen atzean?
Musika asko entzun dut, baina batez ere Orbel, Low, Agnes Obel edo Chelsea Wolfe.
Asko landu nahi nuen soinua, ekoizpena, eta hasieratik bilatzen nuena zen soinu oso iluna. Nire aurreko diskoek bazuten iluntasun puntu bat, baina lan honetarako argi nuen hasieratik asko esperimentatu nahi nuela eta inoiz erabili ez ditudan musika tresnak, soinuak edo efektuak erabili nahi nituela.

Nola deskribatuko zenuke “Azal ezten” esaldi bakar batean? Zergatik izenburu hori?
Azal ezten da nire buruarekiko izan dudan liberazioa, askatasuna, orain naizena. Izenburua, “Kemen haitz” abestiaren hitzaren hasiera da, eta hitz joko bat da: kanpotik ikusten ez dena dagoela diskoan, edo geruzak zulatzen dituen ezten hori, barruan nituen milaka soinuetara iristeko.

Sormenezko prozesuaren arabera... Nolakoa izan da ideiaren kontzepziotik diska osoa gauzatzerainoko ibilbidea?
Nire metodologia da jartzea pianoaren aurrean eta hastea jotzen pentsatu gabe. Eskuak joaten utzi eta ahotsarekin inprobisatzea.Disko honetan ez nekien hasieran zer kontzepturen inguruan aritu edo nondik hasi, denborarekin diskoa joan da forma hartzen konturatu gabe.
Ondoan izan ditudanek asko lagundu didate diskoa borobiltzen, oso konektatuta gaude bostok, berehala ulertzen dugu elkar eta oso zorte ona izan dut beraien talentuekin kontatzeagatik, azken emaitza guztion lan handiarena da.

Nola deskribatuko zenuke zure musika soinuaren bilakaera lan berri honetan zure aurreko proiektuekin alderatuta?
“Azal ezten” niretzako da momentu honetan naizena, sentitzen dudana eta abestu eta jo nahi dudana. Aurreko diskoak oso zahartuak geratu dira, eta gaur egun ez naiz batere konektatuta sentitzen orduan egin nuen musikarekin. Zuzenekoetarako errepertorioa osatzerakoan konturatu naiz, ez nintzela eroso sentitzen ordungo abestiekin.

“Neubat” eta “Izaki Gardenak” taldeetan baita ahotsa jartzen eta teklatua jotzen duzu. Zer moduz daramazu solista izatea?
Talde batean jotzea oso “erosoa” da, erantzukizun nagusia beste batek darama edo batzuen artean eramaten da, eta proiektu pertsonal batean zuk eraman behar duzu pisu handi hori. Lehen den-dena nik neuk egin nahi nuen, baina horrek ere faktura pasatzen zidan, eta orain, berriz, ikasi dut laguntza eskatzen eta delegatzen, eta egia da, gauzak askoz hobeto ateratzen direla.

“Adinarekin konturatu naiz, libreago izan nahi nuela, eta musikan ere bai”

Otzan abestiak, “Arima galdu, itzal apaldu, begien gandu, buru otzandu” esaten du. Noizbehin zure burua islatua ikusi duzu esaldi honetan?
Bai zoritxarrez. Gizartean sentimentu hori arlo askotan ikus daiteke, erlijioek sortzen duten adoktrinamenduan, gizartearen estereotipoetan, integratuta edo onartuta sentitzeko egiten ditugun gauzetan… eta persona asko, ez sartzeagatik normaltzat ikusten diren etiketetan marginatuta sentitzen dira edo sentitu izan gara. Egoera honek norbaiten bizitza izorra dezake eta “otzan” abestiaren mezua da guzti hori salatzeko, nahikoa delako.

“Ihesaldi Handia”-diskaren diferentziaz, sintetizadore eta teklatu erreberberatuen presentzia asko ohartzen da, egia da iluntasun horretan mantentzen zarela, baina, Zerk eraman zaitu osagai berri hauek sartzera?
Adinarekin konturatu naiz, libreago izan nahi nuela, eta musikan ere bai. Aurreko diskoetan ez nuen arriskatu nahi edo gauza desberdinak probatu nahi oso eroso nengoelako beti egiten nuenarekin, baina nekatu naiz horretaz eta gainera gauza berriak probatzea askoz dibertigarriagoa da. Jende oso ederra eta sentsibilate handikoa ezagutu dut azken denboraldian eta asko ikasi dut beraietaz. Esaterako, disko honetan alboan ditudan lagunak, eta, horri esker, atera naiz erosotasun horretatik nolabait libreago izateko.

“Esnatzea” abestiak, argia ikusteari buruz doa ezta? Gure sozietatea esnatu behar dela pentsatzen duzu? Ze aspektutan?
Esnatzea justu da orain komentatu dizudana, erosotasunetik ateratzea, gauza berriak probatu, gozatu, ondo pasatu eta gauzak gehiegi pentsatu gabe egitea, askatasun guztiarekin. Esnatzea konjuru bat da, errutinatik atera, denbora aprobetxatu eta zoriontsu izaten saiatzeko.

Diska honetan, Ba al dago entzuleak arreta jartzea gustatuko litzaizukeen gai edo mezu konkreturik?
Ez dakit ze harrera izango duen diskoak, ni oso ase geratu naiz emaitzarekin, eta orain entzuleekin konpartitu nahi dut prestatzen ari garen zuzenekoa, esperientzia berezia eta bizia izateko bi aldeentzat.

Lo siento, debes estar para publicar un comentario.

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.