Hiruzpalau amets larri
Discos / Tatxers

Hiruzpalau amets larri

7 / 10
Iñigo Basaguren-Duarte — 26-07-2021
Empresa — Egilea editore
Género — Post punk

Ezer ez da dirudiena. Udazkena ematen duen uda honek are astunago egiten du gure ibilera. Errealitateak erdipurdiko simulazio baten zantzuak ditu. Gauzatu ez den etorkizunaren mamuekin bizi gara eta iragan eternala dirudi orainak. Ezer ez da dirudiena eta -ustezko- oi! taldeek punkrocketik baino, pop melodikotik hurbilago dauden soinuak egiten dituzte. Hau da Iruñeako Tatxers taldearen kasua eta hori da hirukoteak kaleratu berri duen "Hiruzpalau amets larri" EP-an aurkituko duguna.

Kafe huts bat bezain mingotsa eta odolaren zaporea bezain garratza. Hori da lan hau osatzen duten lau abestiak entzun ondoren geratzen den kutsua. Bi alde eta bi ahots, biek ala biek taldekideen kanpoko eta barneko munduaren mapa kartografiatzen dute. Melodietan kitarra garbiekin osatutako pop eta post-punk doinu dotoreak daude. Blitz-en bigarren etapa izan daiteke erreferentzia, baita Euskal Herriko Jotakie edo eta Itoiz-en Espaloian lana ere.

Hitzetan ere ohikoak diren panfleto eta topikoetatik urruntzea erabaki dute. Aukera honek ez dio mezuari kalte egiten, inola ere ez, zorroztasunez deskribatzen baitute garai geldo honen agonia existentziala. Asko bizi izan dutela ematen du. Gazteak diren arren, hainbat borroka galduetatik datozela nabari da, bizitzaren gazi-gozoak, frustrazioak eta beste hainbat gezur aski ezagunak dituztela. Eguneroko gudari aurre egin baino lehen kafe hutsa eta kea gosaltzera behartuta dagoen belaunaldi baten irakaspenak aurkituko ditugu hirukoteak marraztu duen mapan.

Hala ere, Tatxersena ez da nostalgia ariketa bat, ezta ezagutu ez duten iragan baten aldarrikapena ere. Malenkonia eta etsipen guztiaren artean itxaropen mezua sumatu daiteke, baita oraina bizitzeko urgentzia eta pasioa ere. Hitzetan eta melodietan bada hari bat zeini tiraka eginez etorkizuna lausoki ikus daitekeen. Etorkizun horren kolorea soilik denborak emango digu. Tatxers-ekin berdin, lehen pausuak eman dituzte euren burua aldarrikatuz eta askoren arreta deituz. Etorkizuna euren eskutan dagoela aldarrikatu dute hurrengo pausua eman aurretik.

Lo siento, debes estar para publicar un comentario.

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.