II
Discos / Kuartz

II

7 / 10
Urko Ansa — 30-11-2020
Empresa — Autoekoizpena
Género — stoner rock

Stonerrak gurean jarraitzaile andana duenik ez dut esango. Stoner eszena bat dagoela baieztatzea aski arriskatua den afera da, onartzen dut. Badaude azken urteotan, ordea, estilo hori armarritzat eta batez ere bidelaguntzat hartu duten taldeak, estilo anitzeko hard kontestuan izan ohi den arren. Gauzak horrela, stonerraren enbor nagusia den taldeak baino gehiago, zenbaitetan haren adarkadura edo eboluzioaren jarraitzaileek landutako piezak izaten dira. Melodiarekiko atxikimendua nabarmena da askotan, eta adaxka hauen gainetik planeatzen dabilen erreferentzia, dudarik gabe, Queens Of The Stone Age taldea da.

Behenafarroako bikotea dugu Kuartz: Oihan Delavigne (bateria eta koruak) eta Ibes Mongaburek (gitarra eta ahotsa) osatzen dute. Estiloa eta formatuari begiratuz gero, gurean Tutan Come On eta Niña Coyote eta Chico Tornado har genitzake erreferentziatzat. Kuartzek ez du hauek bien testigua hartu, eta honela, ez dauka lehenengoen agresibitatera heltzeko asmorik, ezta bigarrengoen riff-zurrunbiloak hain intentsuki lantzekorik ere. Bestalde, ez dira Sharon Stoner bezain melodikoak, ezta Rodeo bezain teknikoak ere. Azken aipamen hori eztabaidagarria da, noski, baina ez dute erakustaldi teknikorik egiteko asmorik; hori egia da.

Isiltasunak kudeatzeko duten gaitasuna da bereizten dituena. Bi bakarrik izanda, Tutan Come On-ekoek ia espektro guztia betetzen zuten gitarraren afinazio grabea eta tinbal handiak erabiliaz. Niña Coyote eta Chico Tornadok eboluzio bat izan dute, baina erritmo espiralak lantzen espezialistak dira. Kuartzek gustu onez eta nolabaiteko sinpletasunez betetzen ditu disko osoko pasarteak. “Sortu arindu”ren erritmo markatuak eta “Sirenak” atseginaren Josh Hommeren estiloko koruek egiten digute ongietorria. “Outsider” afizioa sortzen duen horietakoa da. Disko osoan azeleratu gabeko erritmoak dira nagusi. Gutxirekin asko esaten duten pieza motak dira, horregatik tenpoa azkartzen den momentuetan efektua ikusgarria da, kantu honen erditik aurrera gertatzen den moduan.

“Haltzazko totema” abisu bat da, zain daukagunaren preludioa baino gehiago haren hasiera. Q.O.T.S.A.ren itzala biziki nabaritzen da hemen, erritmo geldoz jantzitako ariketa den arren. Aldiz, atzera 90etako sustraietara maisuki jauzi egiten dute “Parentesiak” hipnotiko-psikodelikoarekin. Hor kokatuko du bere arima entzuleak, bai, baina Haight-Ashbury kaleen elkargunean izan ordez, Palm Springeko desertura bidaiatuko du. Kyussen unibertso magikora, hots, etxera itzultzea da proposatuko digutena. Hau da, noski, diskoko kanturik luzeena.

Osagai gutxirekin eraikitako monumentua, estilo eta gustu handiz egindako pieza zoragarria dugu “Dena erretzen”. Ñabardura eta soinu ezberdinez jantzitako orgia, guztia erritmo eta atmosfera dantzagarriez borobilduta dago. Nork esan du rock gogorra ezin dela dantzatu? Kanta honek eskeletu guztia mugitzen jartzen digu erremediorik gabe. CD honetako singlea/bideoklipa den “Etxeko zakurra”k badauka klasiko eta standard bat izateko gatza eta piperra. Akaso lan honetako onenak baino linealagoa da, baina seguru zaleei asko gustatuko zaiela.

Desertuko bidaia pausatura itzulera “Bion dena” sarkorrarekin, erdialdean P.A.ren turboa martxan jarri eta atmosfera loditzen duen arte. Pelikula baten hasiera edo bukaera izan liteke. Guzti honek transmititzen duena “Energia” da. Erritmo guztiz magikoz jantzitakoa, akaso bikotearen historiako kanturik onena dugu hau. Dena da maiestatikoa hemen: Koordinazio musikal harrigarria, isiltasunen kudeaketa fina, ahotsaren efektu limurtzailea eta atmosfera orokor gaindiezina. Delicatessen hutsa.

Kuartzen ezugarririk aipagarriena, konposizioen kalitateaz, isiltasunen garrantziaz eta itxurazko sinpletasunaz gain, erakusten duten barietatea da. Erritmo, abiadura zein tonalitate ezberdinak lantzeaz gain, hainbatek ahazten duten zeruetarako trip bidaia da. Kyussek oso ondo zekien hori, egurra emateko ez baita 50 minutu irauten duen mole bat soilik behar, arimarentzako pausalekuak bilatu baizik. “Zer egin nezakeen” etxera itzulera da. Desertuan instrumentuak P.A.ra konektatu eta egurra emateaz gain atmosfera askatzaile eta bibranteak ere eskaini behar baitira.

Ez dakigu koronabirus madarikatu honek lana ganoraz aurkezten utziko dien Oihan eta Ibesi. Zuzenekoak biziki interesgarriak izateko itxura guztia daukate, baina ez dakigu noiz iritsiko den haiek ikusteko eguna. Bitartean, diskoa entzun eta bikotearen unibertsoan murgildu gaitezke. Aurtengo rock diskorik onenetako batean, alegia. Iparraldea ate joka daukagu; beti egon da hor egia esan, baina ez dakit gu Hegozentristak, horretaz konturatzen ote garen.

Lo siento, debes estar para publicar un comentario.

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.