Gelditu da denbora
Discos / Kaserna

Gelditu da denbora

7 / 10
Iker Gurrutxaga — 26-05-2021
Empresa — Taupaka
Género — Rock

Estilo uztarketa berezia bezain ederra egin du Kaserna taldeak "Gelditu da denbora" diskoan. Iaz, 2020an sortutako taldea, urte bitxia taldea eratzeko baina emaitza ikusita, eskerrak elkartu zirela. Dena dela, fenix hegaztiarena eginda sortu da taldea, aurretik Mr. Pongo taldean ibilitako kideak daudelako tartean.

Bi adiera ditu kaserna hitzak berak eta bien arteko uztarketa bat eginda ulertzen dela taldearen izena aipatzen dute taldekideek beren biografian. Bat ala bestea izan, beren kasernatik kanpora kantu interesgarriak zabaldu dituzte berriki. Gitarra indartsuekin sortutako melodiak rap estiloan abestu eta saxofoiaz lagunduta. Horrela laburtu liteke hein batean diskoa. Linkin Park edota Limp Bizkit bezalako taldeak etortzen dira nahi gabe burura, Kimosoundzen scratchak eta gitarren distortsioek hori gogorarazten digutelako 2000. hamarkadan musika mota hori modu intentsoan bizi izan genuenoi.

Baina hauen aniztasuna zabalagoa da, saxoak jazz ukitua ematen diolako eta kanturen batean funkya edota dubstepa ere entzun daitezkeelako Kasernaren diskoan. Baita Michael Jackson beraren abesti baten samplerra ere. Aski ezaguna, gainera. Letrei dagokionez, kritika soziala da nagusi. Baina arreta berezia deitzen du ‘Irailak 11’ abestian aipatzen denak. Inperialismo amerikarrak gugan duen eragina zenbatekoa den ikusteko adibide bikaina delako kantu hori. Non zinen zu irailaren 11n? Galdera horrek 2001ean eta New Yorken kokatzen gaitu zuzenean eta ez Txilen urte batzuk lehenago. Gogoeta polita planteatu digutena.

Gainerako hitzekin ere antzerako zerbait gertatzen da. Erreferentziaz josita daude, baina beren webgunetik diskoa deskargatzean, letren liburuxka ere eskaintzen digute, xehetasunik ez dugu galduko hartara. Eta guztia doan. Mimoz landutako musika eta diskoa dira, Mirene Gonzalezek egindako diseinuan bertan ere argi eta garbi ikusi daitekeen modura. Bi bideoklip ere kaleratu dituzte eta laster etorriko da hirugarrena, guztiak ere Tiropun ekoizpenaken zigilupean. Aurkezpen eskutitz benetan interesgarria talde bilbotarrarena.

Lo siento, debes estar para publicar un comentario.

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.