Nahieran
Discos / Dupla

Nahieran

7 / 10
Iker Gurrutxaga — 21-04-2022
Empresa — RuralKids
Género — Pop

Bad Gyal, C. Tangana edota Rosalía bezalako artistak hain presente ditugun garaiotan, euskaraz ere haien unibertsoko musika egin daiteke. Horren adibidea da Dupla biko aguraindarra. Beñat Oribe eta Gari Uriarte dira Duplaren atzean dauden bi musikariak, mundu oso desberdinetatik datozenak eta biak uztartu dituzten “Nahieran” deituriko albumean.

Diskorik ez zutela kaleratuko esan zuten bere garaian, baina azkenean kantu bilduma osatu eta 12 abestiz osatutak lana kaleratu dute. Kolaborazio asko eta onak dituztela ere aipatu behar, Juantxo Arakama, Tapia eta Leturia, Aguraingo aurreko belaunaldietako Txiki, Evaristo eta Kaotiko taldekoak, Pello Armendariz, Sara Zozaya, Zoo taldeko Panxo eta Xsakara.

Abesti bakoitzak berezitasunak ditu, ezbairik ez horretan, baina batez ere jolastu egin dute disko hau egiterakoan Duplakoek. Nahieran egin dituzte abestiak, albumaren izenburuak argi uzten duen moduan. Rocka eta tropical housea uztartzen hasten dute diskoa ‘Kontraesanak’ kantuarekin, eta hor ikusten da bakoitza mundu batetik datorrela. Beñatek elektronikaren munduan gehiago esploratu du eta Garik gitarra eta distortsioaren mundua. Baina ez hori bakarrik, izan ere erromeria talde batean aritu zen Gari eta orain ‘Eromeria’ goitik behera aldatu eta trap doinuetara eraman du. Tapia eta Leturiaren klasiko hau era apurtzailean aurkeztu dute, baina sortzaileen bedeinkazioarekin, haiek parte hartu baitute abestian.

Musika urbanoaren bueltan sortutako proiektua dela argi dago, aipatutako trapaz gainera reggaetoia ere badelako eta rap edota hip-hop zantzurik ere bai. Tira, eta zergatik ez, technoa ere musika urbanoa izan daiteke ezta? ‘Dantza gaua’ aldarrikapen abestia bihurtu zen sorreratik, Euskal Herrian ‘perreoa’ geroz eta gehiago maite duelako jendeak eta geroz eta onartuagoa izaten ari delako. Gogokoago izan edo ez, errealitate bat da hori. Gainera, kantuaren hitzak herriko taberna batean sortu zituen Gari Uriartek, zerbaitegatik izango da.

Agurain herri musikaria dela ezaguna da, beti ere punk doinuekin lotu izan bada ere. Hala, hiru belaunaldietako musikariak elkartu dituzte Duplakoek ‘01200’ abestian. Aguraingo posta kodea, Duplakoek kanpora ezagutzera eman dutena. Posta kode horren azpian daude aurretik aipatutako Kaotiko taldea, Txiki eta Evaristo Páramos. Punkik ez, baina indar asko duen abestia osatu dute denen artean. Drillez josita agertzen dira ‘Konforme’ eta ‘Zugandik ihesi’ kantuak ere. Euskaraz eta euskal artistekin lagunduta abestutako bi kantu. Izan ere, bietara abestu dute Duplakoek, nahiz eta euskara izan protagonismo gehien eraman duena.

Baina badute soinu propioa eta dagoeneko identifikatzeko moduko erritmo eta doinuak sortzen dituzte Oribek eta Uriartek. Diskoaren irekiera kantua da horietako bat, baina baita ‘Tururú’, ‘Somo así’, ‘Mundua geldi’ eta ‘Un mal día’ ere. Eta, kasualitatez edo ez, baina horiek dira kolaboraziorik eduki ez duten abestiak. Pop kutsu nabarmena duten eta bestelako elementuak batzen zaizkien abestiak. Rosalíaren hitzak eta drum & bass estiloko erritmo suabeak nahasteko gaitasuna erakutsi dute. A, eta guztia beren lokaletik atera gabe sortua. Ez ekoizle, ez ezer. Berek egina, gure gozamenerako.

Diskoa ixteko bi kantuak ere ezin aipatu gabe utzi. Ilargiaren semea, XSakara izan dute ‘Txiki‘ kantuan. Euskal Herriko diskoteka askori errepasoa eman diete bertan, nahiz eta berek ezagutu ez aipatzen dituzten asko. Techno iluneko abestia inondik ere, edozein txokotan gaua luzatzen doan heinean entzun daitekeen abestia. Begiak itxi eta Berlin, Amsterdam edota Bruselako klub batean egon gaitezkeela irudika dezakegu. Eta, bukatzeko, perreoa. ZOO taldeako Panxo izan dute ‘Animali’ abestian lagun. Sexuaren gaia modu gordinean azalduta. Sexuaren zaleak zirela aurretik ere XSakararen ‘Beroa’ kantuan argi utzi ziguten arren, berriz ere erakutsi dute hemen.

Zuzenekoak martxan dituzte, Gazte Martxan edota ZEID Festen ikusi ditugu oholtza handietan jendea bero-bero jartzen. Nahieran festa egiteko musika aproposa Duplakoena. Eta, aurreko batean esan nuen moduan, New Wave bezala kataloga daitekeen lana. Euskal Herriko Olatu Berriaren parte direla diotelako, baina baita diskoa katalogatzeko modurik aurkitu ezin daitekeelako ere.

Lo siento, debes estar para publicar un comentario.

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.