Bihar
Discos / Bihar

Bihar

8 / 10
Jaione Dagdrømmer — 22-09-2022
Empresa — Autoekoizpena
Género — Indie folk

Gauza gutxi dakigu Bihar proiektuari buruz. Honen atzean ezkutatzen den (ala diren) sortzailearen melodiak, ahotsa eta hausnarketak, edota azalean agertzen den paisaia lasaigarria. Besterik ez. Zer gehiago behar da, ordea, musikaz gozatu ahal izateko? Irudia eta nabarmenkeria nagusi diren honetan Bihar proiektuak kontrakoa bilatzen du; musikari merezi duen protagonismoa esleitzea, sortzailea(k) ezkutatuz. Ez dago famatua izateko gurarik, ezta asmo komertzialik ere.

Zer geratzen da, beraz, apaindura horiek guztiak ezabatzen direnean? Jazza, musika alternatiboa eta rock ukituak uztartzen dituzten abesti zintzo bezain gozagarriak agertzen direla. EPa hiru kantuk osatzen dute, baina nahikoa dira entzulearen arreta bereganatzeko. “Demain” abestian, Jurgi Ekizaren (Willis Drummond, EKIZA) nortasunez betetako ahotsak lagundurik, beldurrak kudeatuz etorkizuneko bideak jorratzeari buruzko hausnarketa egiten da. “Ez dago biharrik” lelopean, musikaren esentzia bera ere ederki laburbiltzen da. Zer da bada musika, momentuan gozatu beharreko “zera hori” ez bada? Ezin da gorde, ezin da giltzapetu; sinpleki, musika zu zeu zara, musikak dirauen bitartean. Musika errealitatetik ihes egiteko modua izan liteke, edo norbere errealitatearekin topatzeko gerizpe bat.

Azken hau delako esango nuke Bihar. Barnean, lekurik ezkutuenetan gordeta ditugun beldur eta ezinegonak azaleratu eta aurrez aurre begiratzeko leku pribilegiatua, melodia lasaigarriek itxaropena helarazten diguten bitartean. Bihar proiektua sutondo epela da egun doilorrenetan.

Lo siento, debes estar para publicar un comentario.

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.