"Hitz gehienetan jolasak daude, bai fonetikoak, bai egiturazkoak, bai letraren kontzeptua zalantzan jartzekoak"
Entrevistas / Eten

"Hitz gehienetan jolasak daude, bai fonetikoak, bai egiturazkoak, bai letraren kontzeptua zalantzan jartzekoak"

Arkaitz Villar — 27-10-2015
Fotografía — Ima Paralux

Hiru urtez luzatu den prozesuaren ondorioa da talde bizkaitarraren lan berria: 2012ko martxoan grabatu zituzten kitarra eta bateriak, 2013ko abuztuan ahotsak eta 2015ko urtarrilean amaitu zuten prozesu guztia. Punk gordina, zuzena eta azkarra aurkezten duen diskoa da "Atx!".

2012tik 2015era luzatu den proiektuaren ondorioa izan da diskoa. Zer dela eta burutu duzue denbora horretan?

Tarte luzea den arren, oso denbora gutxi eman dugu diskoa grabatzen, baina tarte oso luzeak utziz urrats bakoitzaren artean. 2010 aldean hasi ginen lehenengo kantuak egiten eta ohartu gabe bost urte izan dira, baina ez gara geldirik egon. Hainbat proiektutan gaude murgilduta gutako bakoitza, eta Eten beti gure lehentasuna den arren, patxadaz hartzen dugu. Prozesu honen hasieran ez genekien zein izango zen emaitza, denborak eman dio duen izaera.

Denboran luzatzeak ez al du abestien dinamika galduarazten?

Denbora da epailea: distantzia jartzen dizu abestiekiko eta berriro hurbiltzean erabaki behar duzu gainditu duen ala ez. Gure epaia aldekoa izan da, horregatik argitaratu dugu. Areago, argitaratu ditugun grabaketak hasiera batean maketa huts baterako ziren, gerora hobeto grabatzeko. Baina gustura geratu ginenez, horiek izan ziren Tzesneri eman genizkionak gero berak lantzeko.

Tartean 'Gogoz' kantua KLOF fanzinearen Underground bilduman sartu zenuten 2014an.

Kolaborazioa eskatu zigutenerako kantu berriago hori genuen solte, eta aukera bikaina izan zen, bilduma eder askoa baita. KLOFek ez zuen gutxiago merezi. Azkenean beranduen sortu zen kantuak lehenago ikusi zuen argia.

Hamar urtetik gorako ibilbidea daramazue musikaren munduan. Hasieratik underground zirkuituan aritu zarete eta bertan jarraitzen duzue, nahiz eta zirkuitua asko aldatu den azkenengo urteetan.

Ez dakit hainbeste aldatu ote den kontua. Zoritxarrez ere esan beharko nuke. Nik neuk eszena hasi ginenean bezain gaizki ikusten dut. Kontzertuetan jende berbera ikusten dut, ez dugu lortu belaunaldi berrien interesa gureganatzea, eta gure belaunaldiko jendea tantaka desagertuz joan da. Guk geuk duela 17 urte baino jarraitzaile gehiago baditugu, bidean jende gehiago ezagutzen joan garelako da, orduko “eszenako” jendea, alegia, baina gure kontzertuetako publikoan lehenengo lerroa eta azkenengoa berbera izan ohi da.

Punkaren alderik gordinena isladatu duzue disko berrian: kantu azkarrak, zuzenak eta gogorrak dira. Lan intentsua da.

Asko pentsatu gabe hasi ziren horrelako kantak ateratzen, abiadurak ematen zien behar zuten pultsua eta aurreko sasoiarekin apurtzeko gakoa-edo. Hori bai izan da konzientea, gure iraganarekin apurtzea, hori gabe ez genukeen jarraituko.

Tzesne arduratu da diskoa osatzeaz, haren eskuetan utzi duzue guztia eta emaitzarekin gustora gelditu zaretela dirudi.

Erabateko askatasuna eman genion, baita laguntza ere. Beti nahi izan dugu berarekin jardutea. Eta gauza bera esan dezakegu Jon Martín marrazkilariaz ere. Askatasun eta adiskidetasun horiekin erraza da guztiok gustura geratzea, ego arazorik ez baitago, norbera aritzen baita lan osoaren onerako, kritikak eta aholkuak emanez eta jasoz, zorrotz. Ez dakit emaitza baino garrantzitusagoa den prozesua, baina kasu honetan fede itsua genuen.

Hala ere iruditzen zait lan hau ez dagoela esperimentazioarekin eta soinu frekuentziekin lan egiten duten beste disko batzuen dinamikan. Kantuek egitura finko bat dutela iruditzen zait, punk disko bat dela esango nuke.

Jakina, kantuek egitura finkoa dute. Ez dugu arazorik horrekin. Gutxiago punk etiketarekin. Tzesneren ekarpenagatik badiozu, bere jarrera izan zen berak landu ohi dituen drone eta ultrafrekuentzietatik aldendu eta guk pasatu genion materiala lehengaia izatea, hortik kanpoko soinu berririk ia gehitu gabe. Nolabait esateko, asmoa ez zen Tzesnek bere soinu propioak gehitzea kantuei, baizik eta guk eman genizkion gure soinuekin jolastea, adibidez pistak bikoiztuz, irauliz, moztuz, atzeratuz, aurreratuz, etab.

Badirudi diskoan zuen barnealdera salto egin duzuela barruko kezkak azalerazteko.

Hitz gehienetan jolasak daude, bai fonetikoak, bai egiturazkoak, bai letraren kontzeptua zalantzan jartzekoak. Atx! kantuan dena politikoa dela diogu: gure begiradak, gure agurrak, gure gosaria, etab. baita elkarrizketa hau ere. Beraz, gure (eta denen) kantu guztiak ere politikoak dira, instrumentalak direnak ere bai. Oso gustura aritu gara letragintzan, asko dibertitu gara. Pentsa, letra bat baino gehiago ahotsa grabatu eta gero idatzita dago!
Eduki aldetik, umoretsuagoak dira, baina guztietan nahi izan dugu mina egin, mina gure buruari bereziki. Kritika gehienak gure buruari egiten dizkiogu, bai hitzez, bai musikaz. Guretzat musikan letra beti dago musikaren atzetik, bigarren mailan dago, baina horrek ez du esan nahi ahaleginik merezi ez duenik.

Poesiak pisu handia izaten jarraitzen du zuen lanean. Letrak olerki moduan aurkezteaz gain oraingoan Leopolo Maria Paneroren olerki bat erabili duzue.

Hau ere dibertigarria izan zen. Kantu batean “Panadero” kantatzen genuen leloan. Horren moduko zerbaiten bila hasi ginen forma emateko, eta begiratu zertan bukatu duen...

>>> Hemen deskargatu dezakezu "ATX!".

Lo siento, debes estar para publicar un comentario.

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.