Erraietatik
Discos / Sharon Stoner

Erraietatik

7 / 10
Urko Ansa — 07-01-2020
Empresa — Almehuna
Género — stoner rock

7 urte luze pasatu dira oñatiarrek azken diskoa atera zutenetik. “Puntu bakar batean elkartzen diren ertzak” (2012) urrun geratzen den lana da, denboran behintzat. Garai hartan, eta GOR diskoetxearekin “13 Taupada” (2008) argitaratu ondoren, hirukotea autoedizioaren eremura itzulia zen, hain zuzen ia bere norabide guztian bidelagun izan duen argitaratzeko modua. Ez da lan berri hau salbuespena izan, beraz, nahiz eta oraingoan Almehuna izenpean argitaratu duten, Iker Martínez de Zuazorekin elkarlanean eta haren bakarkako nahiz Lenao taldearen diskoak argitaratzeko balio izan diena, Zingira-ren diskoaz gain.

Zer topatuko dugu lan berri honetan? Horra hor, bere adin nagusitasunean, bandak orain arte grabatu duen lanik borobilena eta mardulena. Taldearen nortasun agiria izan diren ahots melodiak era esanguratsuan hobetu dituzten honetan (“Loto lorea”, “Otso” eta “Zirkuluan” zoragarrietan adibidez), ahots tonu agudoak inoiz bezala batere konplexurik gabe erabili dituztela bistan da. Gitarra riff arraspatu eta soinu grabe eta potoloarekin kontrastea egiten entzuten da Iñigoren ahotsa beraz, eta horrek sortzen duen efektua aski zirraragarria da. 2019 honetan nortasun eta soinu propioa lortu dutela esatea ez legoke inola ere lekuz kanpo. Diskoa hasi eta berehala, “Loto lorea”k inpresio handia egiten du. Batez ere ahotsa entzun eta berehala; apustu garailea, inondik ere. Are gehiago oraindik hasiera besterik ez dela kontuan hartzen badugu. Edonola, “Loto lorea” diskoko onenetarikoa da, eta gainera Sharon Stonerretaz espero dugun osagai guztiak dauzka.

“Sateliteak” beste Stoner pieza borobila da. Bideoklipa ere grabatu dute, Oñatiko musika entsegu lokaletan, Kepa Arangurenen gidaritzapean. “Hasieratik argi genuen abesti esanguratsuenetako edo adierazgarrienetako bat zela. Luzea izanik ere bideoklipa egiteko abesti egokia zela iruditu zitzaigun” -aitortu zidan Iñigok berak-. Kantak nolabait Neubat taldea eta Kandaren kantatzeko modua ekar lezake gogora, ez dezagun ordea ahantzi lehen aipatu dugun Sharon Stonerren nortasun propioa.

“Otso” abestiarekin argi ikusten baita hori: gitarra soinu harrigarria, ahots melodia eta errepika aski ederrak, eta hau guztiaren osagarri, berezko botere eta indarra. Ez dira hor amaitzen kantu honen ahalmenak: gitarra solo motza baina sendoa, eta sorpresa moduan, garapen instrumental irudimentsua; erritmo aldaketak, gitarra bikoiztua, oinarri instrumental heavya eta atabal kolpe zehatzak. Bai, urteko abestirik onena dugu! Garapen instrumentalez ari garenez, ezin ahantzi “Zirkuluan”-ek eskaintzen dizkigun plazer berberak. Nota altuak, melodia dotorea, ametsetako gitarrak eta koru borobilak ez ziren falta ahal. Ez gaitezen ahaztu amaiera epikoaz ere, bolumena pixkanaka zerora jeisten den azken segundu misteriotsu horiek direla medio. Ezin uka hau ere kanturik onena izateko hautagai sendoa dela, iritziak iritzi, baina hautagai ahalduna aski segur.

Hori baino lehen, ordea, Queen Of The Stone Age taldearen betiereko eragin guztiahaltsua bereziki nabari da “Inozoen salbamena” eta bere zurrunbilo instrumental eta gitarra ziklikoetan, melodia beraz gain. Zikintasunaren beharrean gelditu denarentzako, hor dauzkagu “Maskara” (diskoko luzeena) eta animalezko gitarra riff gaztigatzaileak. Gitarra bulartsu eta soinu potoloduna, ahots altuarekin kontrastea egiterakoan (batez ere koruen momentuetan), diskoaren beste gailur batean bihurtzen da, inondik ere. “Gela iluna” 100 % Stoner Rocka da, pisutsua, errukirik gabekoa eta adiktiboa, Egoitz Olalderen atabalek (oinarri instrumental zitalarekin bat) sekulako boterea ematen diotena. “Sorgindu”-k ere “Erraietatik” disko honek dauzkan bertute guztiak batzen ditu: Egoitzen erritmo etenak markatu eta aparteko nortasuna ematen dio ordea, agian beste guztiaren gaindi.

Inspirazio sasoi bikainean harrapatu ditugu oñatiarrak. Tarte honetan, jakingo duzuen bezala, Zingira talde progresiboa martxan jarri du Iñigok, bere proiektua, nahiz eta Mikel eta Egoitz alboan izan dituen. Hala bada, bata edo besteagatik, ziur nago nagusitasun artistikoa erdietsi dutela tarte honetan. Agian “Agurra”, beste 8 pieza bikainen alboan, apur bat beherago geratu da, nahiz eta han-hemenka pasarte interesgarriak topa daitezkeen noski.

Sharon Stoner, duela 18 urte hasi zirenean bezala, Iñigo Ibarrondok (baxua eta ahotsa), Mikel Zarketak (gitarra) eta Egoitz Olaldek (atabalak) osatzen dute oraindik ere. Horrenbeste urte elkarrekin egotea meritua da gero. Gainera, laugarren lan honekin beraien gailurrean daude. Stoner Rock esperientzia totala dugu, bai diskoan baita oholtza gainean ere. 2020 honetan zuzenean ikusten dituen edonor laster konturatuko da horretaz.

Lo siento, debes estar para publicar un comentario.

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.