Lenao
Discos / Lenao

Lenao

7 / 10
Urko Ansa — 07-04-2016
Empresa — Autoeditado
Género — Rock

Ahots leuna eta zoragarria, koru landuak, arnasa hartzen uzten duten gitarrak, sustraidun rock klasikoaren bertute guztiak CD batean bilduta… Oñatiar laukotearena sekulako debuta da eta niretzat, urteko disko onena izan daiteke, eskarmentu handia behar baita dotorezia hau lortzeko. Zaila izango da, zinez, “Geltokian” bezalako balada zirraragarririk aurkitzea aurten ateratako (nahiz eta online iaz eskuragarri egon, edizio fisikoa aurten atera baita) diskoen artean. Bihotzetik egindako lan honetan dena da atsegina, iradokitzailea.

Dena dago bere lekuan, pausak ezin hobeto eginak daude, minutuko milaka nota sartu beharrean dotorezia eta sentimendua gailentzen baitira. Ahotsak abestiaren zerbitzura daude, klasikoek egiten duten bezala, eta gainera, gustuz sartutako bozak dira, melodia askorekin eta era oso goxoan. 70. hamarkadara garamatzaten atmosferek gozamen hutsa bihurtzen dute disko osoaren entzumena. Zein ederra den musugitarra “Geltokian” politaren hasieran entzutea! Gitarra soloak han eta hemen, riff itsaskorrak (“Berandu”) eta hainbat single potentzial. Dena, disko berdinean. Noiztik ez dugu entzun gisa honetako lanik? Ez nuke esaten jakingo, baina bada denbora bat. “Ez nazi isilduko”ri buruz, pasarte batzuetan (atrebentzia badirudi ere) Arkaitz taldea gogora ekartzen didate. Hala nola, denborazkanpoko rocka jotzeko erraztasun hori, ahotsaren garrantzia, teknika, koruak… 80. hamarkada datorkit burura. Hasiera gaindiezina da: “Bidaiatuz argia” ona bada, “Gutxiago” gantxo izugarriaren jabe da, atabal kolpe aproposak, musugitarra gero… Uf, adiktiboa! Lehen aipatu dugun “Ez naiz isilduko”-n haize sekzioarekin ematen digute sorpresa, gitarra elektrikoen kañarekin nahasketa kuriosoa sortuaz. “Zuzenean emititzen”-ekin, berriz, gustu eta abileziaz eginiko koruek lortu dezaketena erakusten digute. “Ezkutatu” beste harribitxi bat da, lilura handikoa, apur bat biguna. “Ez dut ikusten”, bukaera aldera, taldearen gustu onaren adierazgarria da. Begiak itxi eta notak agudoago imaginatuaz, Neil Young izan zitekeela pentsa daiteke. Zoragarria. Eta amaieran, “Bakarrik gaude”, bere punteo eta koru harrigarriekin, diskoa ixteko modu ezin hobea da.

Disko osoan Kaki Arkarazo ekoizlearen lana nabaritu daiteke. Soinua garbia da, txukuna, eta artifiziorik gabea. Autentikoa. Atabal kolpeak ezin hobeto entzuten dira, baita gitarren ñabardura guztiak ere. Ander Etxaniz taldeko baxu jolearenak dira bai portada baita barruko diseinuak ere. Ukitu oso pertsonala daukaten marrazkiak dira, dudarik gabe. Lau taldekideek daukaten curriculuma nabarmentzekoa da: Iker Martinez de Zuazo (Latzen, Potemkin, Amonal…) gitarra eta ahotsean, Egoitz Olalde (Sharon Stoner, Sorkun…) atabaletan, Joxeba Aranburu (Bitz) gitarran eta ahotsean eta Ander Etxaniz (Gas) baxuan eta ahotsetan.

Ez dakigu nola hartuko duen publiko zabalak maila honetako disko hau, baina aski ezagun izateko osagai guztiak ditu. Agian beraien ezaugarri guztiak mantenduaz baina musika eta ahotsak apur bat gogortuz gero, oraindik gorago iritsi daitezkeela uste dut.

Lo siento, debes estar para publicar un comentario.

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.