Euskarri ilun eta geruzatuari eutsi dioten arren, 90eko hamarkadako rock alternatiboa, shoegazea zein Erresuma Batuko post-punk giroak beren egin dituzte oraingoan, melodiei eta ahotsari leku zabalagoa eginez. Musika-eszenaren zurrunbiloari eta itxurakeriei ihes eginez, entsegu lokaleko sormen-prozesuaz, kantuetako barne-gatazkez eta kideen arteko konplizitateaz aritu gara hirukotearekin.
Nola sortu da disko berri honetan nabari den doinu melodikoagoetarako eta 90eko hamarkadako rock alternatibo zein post-punkerako jauzia?
Lehen diskoa grabatu genuenetik, taldean dugun parte-hartze honen barruan bakoitzak bere bilakaera propioa izan du. Nora jo nahi genuen erabakitzeko momentu horretan, musika gehiago entzun eta aztertu dugula uste dugu. Bakoitzak bere gustu eta nahi pertsonalak ditu, eta musika entzuteko orduan oso nabaria da hori.
80ko hamarkadako post-punk ingeles horren eragina erro modura hartu genezake, baina horri buelta bat ematen saiatu gara, nolabait. Orain, 90eko hamarkadako shoegaze, dream pop edota rock alternatiboaren eragin handiagoa dugula uste dugu. Slowdive bezalako taldeen atmosferak eta progresioak, The Stone Rosesen dinamikak, Johnny Marr... Uharteetatik etorritako musika-kulturak zein janzkerak erakarri egiten gaitu; Manchesterren 80 eta 90eko hamarkadetan egosi zen horrek zuzenean eragin digu, Peter Hooken baxutik hasi, hiru marradun zapatiletatik igaro eta egun berpiztu diren bi anaien jarrera gordineraino.
Ezta Ilenek, bestalde, errotik du nahasketarako joera hori: bakoitzak bere gustu eta eraginen arabera taldeari zein bere soinuari ekarpen propioa egiten dio. Hala ere, aurreko diskoarekin alderatuta, post-punk gutxiago dagoela esango genuke; rock alternatibo edota shoegaze/dream pop doinuetarako jauzi hau hiruron naturaltasunetik irten da.
Lehen diskoarekin “lehen kolpean sartzea kosta egiten zela” esaten zizuetela aitortu zenuten. Oraingoan lehen entzunaldi eskuragarriagoa bilatu duzue ala berez atera zaizue?
Berez atera zaigula uste dugu. Eta bitxiena hauxe da: batzuentzat bigarren lan hau zailagoa dela lehen entzunaldian harrapatzeko. Berez ateratako zerbait izan da, baina helburua disko helduago eta landuago bat egitea zen. Badira abesti batzuk entzulea ohituta egon zitekeen horretatik urruntzen direnak, shoegazearen eraginez sortutako ahots eta gitarra horiek adibidez.
Nolanahi ere, lan berri bat egiterakoan, norberari eta taldeari gustatuko zaion zerbait burutzea dugu premisa nagusi. Benetan zarena eskaini behar diozu entzuleari; ez dugu merkatu baten eskaera betetzeko konposatzen, “talde handi” askok horixe egiten badute ere.
Aitortu izan duzue lehen diskoan inprobisaziotik asko edan zenutela, baina “Oroituko gara, biharko egunez” lanketa prozesu luzeago eta gogoetatsuago baten emaitza dela. Zer moduz bizi izan duzue konposaketa lasaiago eta zehatzago hori entsegu lokalean?
Bigarren lan honen emaitza prozesu luze baten ondorio da, eta, zorionez, bide zuzena hartu du. Azken urte hauetan egoera pertsonalak, lana eta mila kontu direla eta, taldea ez da oso aktibo egon, eta horrek lana atzeratu egin zuen. Lehen diskoan inprobisazioa eta entseguan abestiak sortzea zen formula, eta orain ere berbera da.
Konposatzerakoan nahiko lasai hartu dugu. “Bihotzez Naiz” eta “Ahanztura eta Adio” aurrerapenak kaleratu ostean, zuzenean sartu ginen entsegu lokalera eta indarberrituta ekin genion prozesuari. Doinu berriak bilatzeak entseatzea dakar, baita norberak motibazio-puntuak bilatzea ere (adibidez, norbere instrumentua hobeto ezagutzeko eta doinu berri horiek lortzeko zer egin behar den ulertzeko).
Hiruroi gustatzen zaigu elkarrekin jotzea, eta hori da taldearen zutabe nagusietako bat: momentuan bertan saiatu eta hiruron arteko feeling hori bilatzea. Pertsonalki gehien gustatzen zaigun unea ere bada, eta askotan akorde huts batetik abiatzen gara ondorengo kantuak eraikitzeko. Prozesuak, era berean, baditu bere gorabeherak; modu profesionalean ez aritzeak bizitza eta erritmo pertsonalak elkarrekin kudeatzea eskatzen du. Estudioan sartzeko data hurbiltzen denean beti pizten dira zalantza txiki nahiz handiak, baina hori guztia prozesuaren parte da.
“Hiruroi gustatzen zaigu elkarrekin jotzea, eta hori da taldearen zutabe nagusietako bat: momentuan bertan saiatu eta hiruron arteko feeling hori bilatzea”
Zer nolako bilaketa teknikoa egin duzue estudioan kantu berrien melodia garbiak eta zuen ohiko geruza gordin eta ilunak orekatzeko?
Baliteke momentuko kontua izatea hau ere, unean entzuten ari garenaren eragina. Melodia garbiak diozunean, egia da zenbait riff edo baliabide garbi badaudela, bai, lanketa baten emaitza ere izan daitekeena. Ezta Ilenen esentzia sarrerako eta abesti arteko zubi landu horiek dira; “ilunak” dira, bai, guk ere hala sentitzen dugu.
Abestiei dinamismoa ematen saiatu gara, eta melodia argiago horiek txertatzea modu naturalean gertatu dela uste dugu. Lehen esan bezala, inprobisatzea eta entseguetan riff bati bueltak ematea gustatzen zaigu, ondoren oreka hautsi dezaketen zatiak sartzeko; horiek izan daitezke melodia “garbiak”, baina betiere gordintasuna mantenduz.
Nola eragin du grabaketa prozesuak soinu berri honetan?
Grabaketa ETEN Espazio Sonoron egin genuen, Urtzi Izaren eskutik. Oso eskertuta gaude beti Urtzirekin; soinu honen bilaketan parte-hartze handia izan du berak, gu ulertzen eta bideratzen. Grabaketa prozesua aurreko diskoaren antzekoa izan zen: hirurok batera grabatu genituen abestien oinarriak, eta ondorerako utzi genituen instrumentu zein geruzak gehitzea.
Aurretik aipatu bezala, hirurok elkarrekin jotzean sortzen dugu gure estiloa: noiz igo, jaitsi, erritmoa azkartu, “zubi” bat noiz bukatu... Dinamika hori gertatzeko ezinbestekoa dugu elkarri begiratzea. Urduri ere hasi ginen, aspaldi grabatu gabe geundelako eta lanetik itzuli ostean hasten ginelako grabatzen, baina estudioak berak ekarri zuen erlaxazio-puntua. Ahotsen kasuan, doinu berrietara jotzea berria izan da; lehen kantuko abesteko modua, adibidez, erabat berria zen guretzat, zuzentasun horretatik pixka bat urrunduz. Hiru lagunek egindako lana bat-batean gauzatuta ikusteak motibazio handia dakar.
Hitzek badute malenkolia-puntu agerikoa, abesteko moduak lagunduta. Zerbait bilatua izan da?
Doinu eta melodia askok malenkolia edota istorio bat kontatzeko beharra dutela uste dugu. Abesti bakoitzaren musikak zerbait transmititzea bilatzen du lehenik eta behin, atmosfera zehatz bat sortuz. Askotan txantxetan esaten dugu abesti bakoitza kontakizun bat balitz bezala ulertu behar dugula: hasiera bat, lanketa bat eta amaiera bat behar ditu.
Puntu horretan, ahotsak berak ere abesteko modu sakonagoa du aurreko diskoarekin alderatuta. Hitzek behar zuten doinua zela uste genuen. Lan honetan ahotsak beste lanketa bat du; bilatua izan da hein handi batean: doinu grabeagoak, zati batzuetan ia hizketarako joera... “Malenkolia” deitu genioke, bai. Hitzek zentzu handiagoa hartzen dute euskarri melodiko apropos batekin.
“Aski Dut, Gezur Batez” kantuan “Batzutan aski dut gezur batez / Disdira den hori heldu nahian beti” diozue. Zergatik da batzuetan errazagoa babesa ilusio edo gezur txiki batean bilatzea?
Askotan errazagoa zaigulako unean bertan behar dugun lasaitasuna edo “momentuko zoriontasuna” lortzea. Gezurra izango da norberarentzat, une horrek amaiera azkarra baitu. Zaila egiten zaigu askotan erronka bati heltzea zein egunerokoak helarazten dizkigun arazoei konponbidea bilatzea; askotan ez gara ausartzen. Eta ausartzea ez da batere erraza. Bestalde, beti gabiltza ez garen hori izan nahian edo etengabe miretsi beharko ez genituzkeen horien urratsei jarraitu nahian. Horrek frustrazioa besterik ez dakar, eta “distira” horren atzetik ibiltzera zigortzen gaitu.
“Bihotzez Naiz” abestian “Etsairik handiena ene zu zara” diozue, eta “Noizbait Damutuko Naiz” kantuak zera dio: “Hitzak hiltzen baditut / Noizbait damutuko naiz”. Zergatik pentsatzen dugu isiltasunak babestu egiten gaituela esandakoak baino gehiago?
Isiltasunak babestu egiten gaituelakoan gaude, lehen urratsa emateari beldur diogulako. Etengabe bizi gara damuen beldur, eta zerbait egiteagatik etor daitekeenak erabat iluntzen gaitu. “Etsairik handiena zu zara” diogunean, norbera bere buruaren oztopo handiena bihurtu daitekeela adierazi nahi dugu. Bihotzez garen hori baino benetakoagorik ez dago, baina buruaren eta bihotzaren arteko talkan bizi gara.
Hitzak hiltzearena aurrera egitearen metafora da, ez egitearen damuak izan dezakeen pisuaz. Isiltasuna, azken finean, bizi garen erosotasun-eremu horren seinale ere bada. Isilik dagoenak sekula ez du hankarik sartuko, baina, era berean, ez du bere barnea beteko.
Gure kasuan, “Bihotzez Naiz” abestiak berpizte bat ere ekarri zuen: etenaldi baten ostean berriz elkartu eta gogotsu geundela konturatzeko balio izan zigun. Askok uste zuten bukatuta geundela, baina hau izan da erantzuteko modua.
“Ezta Ilenen kasuan, hiruron arteko harmonia horrekin jarraitzea da proiektua benetako egiten duena, baita originaltasuna bilatzea eta erronka berriei aurre egitea ere”
Disko osoa zeharkatzen dute agurrek eta azken taupadek (“Biharko Egunez”, “Oroitzear Dut Eguna”). Bizi-etapa baten amaiera da ala galeraren bat zehatzean oinarritutako lana?
Ezta Ilen izenak berak duen esanahiaren antzera —“ez da hilko”, erronkarieraz—, atzera begirada erromantiko bat dela uste dugu. Izan dira azken bolada honetan zenbait galera edo bizi-etapa amaiera, baina baita hasiera berriak ere. Agurra zentzu negatiboan ulertu ohi den arren, “Biharko Egunez” abestiak etapa honi ilusioz begiratzeko keinu bat azaleratu nahi du. “Oroituko gara biharko egunez” esatean, gaur egingo dugun horretaz etorkizunean mintzatzea espero dugu, eta hori posible izango da inguruan bihotzez ditugun eta izan ditugun horiengatik. Etapak itxi eta irekitzea bizitzaren prozesua besterik ez da. Taldea bizitzen ari den etapa hau ez da eten bat, eraberritze bat baizik.
“Oroitzear Dut Eguna” abestian “Hilzorian herria” eta “bere azken taupadez mintzo ote gara” aipatzen dituzue. Tokiko nortasunaren edo gure gizartearen galera bati egiten diozue keinu?
Aurreko ideiarekin lotuta doa hau ere. Zaldibartarrok herri-izaera dugu, eta herrian jaiotzeak izaeran zuzenean eragiten duela uste dugu. Oroitzen dugu behin galdetu zigutela ea hiriak nola eragiten zigun gure eszena sortzerakoan. Zaldibarrek eman diguna gara eta hori erakutsi nahi izan dugu beti; herri txiki hauek baitira eszena honen bihotzaren zati handi bat.
Aiton-amonek esandakoak ditugu buruan, eta badirudi gure egungoarekin alderatuta bestelako Zaldibar batean bizi zirela haiek. Zaila da orduko kontuak egun lagun bati azaltzea; aitonak berak bakarrik kontatzen zituen modu horretan. Hein handi batean zer garen hori galtzen ari garela uste dugu. Lehen aipatu bezala, herri-izaerak egiten du Ezta Ilen, baina gizarte moduan tokiko nortasuna alde batera uzten ari gara sarri. Herri txikien izaera propio hori mantentzen saiatzen garen arren, gero eta kale eta espazio huts gehiago ikusten dira. Abesti hauek aurretik egon direnak eta istorio horiek guztiak omentzeko eginak daude.
Diskoari bukaera emateko “Benetakoengatik Inoiz Ez Da Hiltzen” aukeratu duzue, itxurakeriaren aurkako hitz zorrotzekin. Zeri egiten diozue kritika eta nola eramaten da “benetakotasun” hori taula gainera soinu berri honekin?
Hein handi batean, musika mundu hau eta euskal eszena “konpetentzia” gisa ulertzen duenik bada. Sentitu genuen, batez ere proiektua hasi berria zenean, konparaketa asko egiten zirela eta etiketa merkeak jartzen zizkigutela. Askotan, hurbileko zenbaitentzat (beren burua “benetakotzat” duten horientzat), norberaren proiektua mehatxu bat izan daiteke. Ondorioz, babes falta sentitu dugu noizbait... Zorionez, inguruan baditugu Ezta Ileni zentzua ematen dioten lagun asko ere.
Beren burua “benetako” gisa izendatzea propaganda hutsa izan daiteke; zintzoagoa da norberaren barruak eskatzen diona egitea. Zer da benetakoa gaur egun? Denok ditugu kontraesanak. Ezta Ilenen kasuan, hiruron arteko harmonia horrekin jarraitzea da proiektua benetako egiten duena, baita originaltasuna bilatzea eta erronka berriei aurre egitea ere (gure kasuan, melodia sakonagoak eta eragin berriak esploratuz).
Oholtza gainean beti mantendu dugu jarrera bera: hiru lagun musika egiten eta elkarri begiratuz jotzen. Egun "kanoniko" bihurtu diren janzkerak, doinuak eta sare sozialetako “interakzio bilaketak” nagusitzen badira ere, guk nahiago dugu bazkalostean Sorgin-en kafea hartu, materiala kargatu eta gure lagunak kotxean hartuta kontzertura joan.
Lo siento, debes estar conectado para publicar un comentario.