“Egiten ari ginenak ez zuela ezertarako balio pentsatzera iritsi gara, baina bistan da, balio du”
Entrevistas / Ibil Bedi

“Egiten ari ginenak ez zuela ezertarako balio pentsatzera iritsi gara, baina bistan da, balio du”

Jaione Dagdrømmer — 06-07-2023
Fotografía — Arrigurri

Hirugarren diskoa taldearen mugarri izaten omen da, onerako zein txarrerako. Ibil Bedi taldearen kasuan zaila da "Goldea"ri alde txarren bat azpimarratzea.

Ahots ezberdinekin jolasean, pasarte ilunak eraiki dituzte. Kantuen ohiko formatutik apur bat urrundu dira, esperimentatzearen aldeko apustua eginez. Alabaina, ederto digeritzen diren abesti sorta ederrez osatua dago diskoa, arima sendatzen duen lan horietakoa. Taldeko Areta Senosiain eta Ibai Osinagarekin hitz egiteko plazera izan dugu.

Orain arte egindako bideari fidela dela iruditu zait diskoa, baina aldaketak eta ezusteak ere badakartzala. Zuen musika asko aldatu dela esango zenukete?
Areta Senosiain: Nik esango nuke baietz. Zuk ezetz diozu?
Ibai Osinaga: Ez hainbeste musika bera, baizik eta egiteko modua. Ekoizpen edo grabaketa prozesua aldatu da. Baina bai, kanpotik entzunda, aldatu dela esan liteke, nahiz eta musika baino, prozesua den aldatu dena. Prozesuan hartu ditugun erabakiek eragina izan dute estiloan.
A. S. Ibaik arrazoia du, abesti bati ezin diozu ekoizpenaren aldea kendu, kantuaren zati da. Beraz, bai aldatu da nolabait, nahiz eta abestiak ez diren horrenbeste aldatu.

Hirugarren diskoa jada. Musika industria barrutik behatzeko aukera izan duzue. Dezepzionatuak sentitu zarete aurkitu duzuenaz?
I. O. Ni Ibil Bediren aurretik beste talde batean aritua nintzen, Altxatu deitutakoan, banekien gutxi gora behera nolakoa zen euskal musikaren mundua. Dezepziorik ez, baina barruan zaudenean zirrikitu guztiak ezautzen dituzu. Gauza asko daude hobetzeko.
A. S. Nik espektatibarik ez nuen, baina gauza batzuk aldatzeko beharra ikusten dugu eta nahiko kritikoak gara horrekin. Aldi berean, jende izugarri jatorra ezagutu dugula ere esan beharra dago.

Zer da aldatuko zenuketena?
I. O. Diskoetxe edo management zirkulu horren funtzionamenduan dagoela arazorik handiena esango nuke. Talde bat management edo diskoetxe enpresa batekin lanean hasten denean, topiko bat da baina, erakunde hauek negozioan pentsatzen, eta helburu horrekin soilik, egiten dituzte gauzak.
A. S. Erakunde baten egitura dute azken finean.
I. O. Niri pena ematen dit, zeren talde askok diskoetxeen bitartez lortu dutena dena euren kabuz eginez lortu zezaketenaren sentsazioa dut. Talde gazte asko, hasiberriak, espiral horretan sartzen direla ikusten dut eta tristea iruditzen zait. Guk, gure kabuez egiten dugu dena, eta beraz, esperientziatik diogu.
A. S. Zortea izan dugu. Orain arte ez zaizkigu kontzertuak falta izan. Urtean bi kontzertu soilik lortuko bagenitu, beharbada, planteatuko genuke diskoetxe edo management erakundeekin lan egitea. Posizio pribilegiatuan gaude.
I. O. Baina talde batek bi kontzertu baditu eta beste batek hamabost, biak toki beretik abiatuta, guztia euren kabuz eginda edo guztia diskoetxe batekin eginda, pentsatu nahi dut kontzertu gehien dituen taldeak merezi duelako dela.
A. S. Zirkuitua soilik batzuena bada, ordea, zaila izaten da bertan sartzea. Badaude talde batzuk gehiago merezi dutenak, eta beste batzuk ez —barreak—.

Goldea deitzen da diskoa. Zer irudikatzen du goldeak?
A. S. Unibertsitateko apunte batzuetan irakurri nuen. Goldea kulturarekin konparatzen zuen. Testuak zioen kulturak goldeak egiten duen mugimendua egin behar lukeela. Landaketa berri bat sortzeko aurreko sustraik irauli behar lituzkeela. Kontzeptua gustatu zitzaidan lanabes forma duelako eta mugimenduan dabilen zerbait delako; baina batez ere kulturarekin zuen harreman horrek erakarri ninduen. Gainera hitzak ez du kantuekin konexio espliziturik eta hori ere gustatu zitzaigun aukeratzerakoan.

Nolakoa izan zen diskoaren sorkuntza prozesua? Hastapeneko ideiatik asko urrundu al da?
I. O. Oso disko kolaboratiboa izan da. Hasieratik, iritzi ezberdinak jasotzeko, lagunak gonbidatu genituen entseguetara. Entseku irekia ere egin genuen, formatu berezi batean, eta funtzionatu zuen. Hurbildu zenak kantuak entzun zituen lehenengo aldiz, grabatu aurretik, eta bertako iritziak jaso ondoren egin genituen moldaketak. Hasierako ideiak asko aldatu dira eta batzuetan emaitza ez zitzaigun gustatzen edo ez zen espero genuena. Horrekin lan egitea konplexua izan da, abestiek hartu duten bide berria onartu behar izatea.
A. S. Abestiek hainbat bertsio izan dituzte: “Hau bai”, “Hau benetakoa”… Orain dela hiru urteko Ibil Bedi lehenengo bertsioarekin geratuko zatekeen eta kito. Oraingoan grabatu dugu, ez gara guztiz pozik geratu emaitzarekin eta berriz grabatu dugu. Horrek taldea garapen prozesu batean sartzea eragin du.

Orain aukera ezberdinetara irekiagoak zaudete…
A. S. Bai, gure burua baimendu dugu horretara. Ordu asko sartu eta hala ere behin betiko emaitza ez izateak frustrazio ugari ekarri dizkigu. Egiten ari ginenak ez zuela ezertarako balio pentsatzera iritsi gara, baina bistan da, balio du.

Nola aurre egin blokeo momentu horiei?
I. O. Ez dago formularik, baina dena guk egitearena nabaritzen da. Alde on asko ditu, baina baita txarrak ere. Blokeo momentuetan ohartzen gara horretaz, ez baitugu kanpoko hirugarren pertsona bat esaten diguna hau bai eta hau ez. Guk hartu behar ditugu erabaki guztiak.

Zer beharri erantzuteko sortu duzue lan berri hau?
I. O. Helburu nagusia gu emaitzarekin pozik geratzea izan da. Noski, sortu edo grabatzerakoan banuen buruan “kantu honek hobeto funtzionatuko du” edo “kantu honek ez du funtzionatuko single bezala”, nahi gabe egiten ditudan kabalak dira, baina hasieratik argi genuen zerbait berezia egin nahi genuela. Behinena gu pozik geratzea zen, gero etorriko da etorri behar duena.

Letrei dagokionez letra indibidualak, pertsonalak dira, baina aldi berean, nik behintzat, oso kolektiboa dela sentitu dut. Sentsazioa hau nahita bilatu duzue?
I. O. Letrak Ametsek (Aranguren) eta biok idatzi ditugu. Badago diozun horretatik, baina ez da nahita egindako zerbait, nire kasuan behintzat. Kantu oso pertsonalak ateratzen zaizkit. Gauza oso pertsonal eta zehatzak kontatzen dituzunean, entzuleak bere inguruan ikusten duenaren arabera interpretatzen ditu, horrek bihurtzen du pertsonala kolektibo. Beste diskoetan ere bazegoen kolektibotasun hori. Goldea kontzeptuari eta kultura ulertzen dugun moduari keinua egin nahi izan diogu, eta beraz, badu kolektibotik, garrantzia ematen baitiogu horri.

Diskoa bere osotasunean, iluna da —azala ikusi besterik ez dago—, baina aldi berean, zuen arteko laguntasunaren goxotasuna transmititu dit (Litekeenarena abestia horren adibide)… bilatua izan da?
A.S. Iluntasuna ez da bilatua izan. Guztiok entzuten dugu musika nahiko iluna edo tristea, baina ez gara batere tristeak —barreak—. Askok esan digute zeinen iluna edo tristea den, baina guk estudioa ez dugu inoiz negarrik egin, ez gara inoiz triste jarri intentsitateagatik.
I. O. Soinu eta ekoizpen aldetik iluntasun hori gustatzen zait. Soinu bilaketan argi genuen iluna izatea nahi genuela, baina ilunak ez du zertan tristea izan. Ez dago argirik disko honetan, bere osotasunean alaia den abestirik ez dago, baina horregatik ez du zertan tristea izan. Dena den, ulertzen dut entzulearentzat tristea izatea.
A.S. Nik sentsazioa dut estudioan ordu gehiago igaro bagenitu oraindik eta ilunagoa izango zatekeela diskoa. Iluntasun hori saltsan ibiltzeagatik etorri da. Armairuarena abestiaren bukaerako zati hori, adibidez, estudioan jolasten sortu zen.

Nolako harrera izan du diskoak?
I. O. Ez dugu kritika ezkorrik jaso. Esango nuke publiko zabalagoarengana iritsi garela, beharbada lehendik taldea ezagutzen zuenarengana, baina orain arteko diskoek arretarik piztu ez diotenarengana. Begiratzen ditugu Spotify for artist-eko datuak eta jendeak dioena, noski. Baina gehiago geratzen gara kontzertuetan jendeak duen sentsazioekin. Beharbada aurreko lanak oihartzun handiagoa izan zuen, pandemiak ere lagundu zuelako, baina orokorrean harrera oso ona izan da.

Zuen kasuan euskaraz sortzen duzue guztia. Etorkizunean beste hizkuntzaren batean aritzea planteatu al duzue?
I. O. Ez dugu sekula aipatu eta hori esanguratsua da. Euskara hutsean abesten jarraituko dugu. Zerbait naturala dela esan behar nuen, baina ez da. Aspaldi hartu nuen euskaraz idazteko erabakia, horrela ikasi dugu idazten, gaztelaniaz idazten baino lehenago. Hori da izan dugun erreferentea.

Zein izan dira zuen erreferente musikalak diskoa hau sortzerako garaian?
A. S. Disko honetan garrantzia handia izan dute erreferenteek. Batzuetan beldurra ematen du, beste taldeetan inspiratuz gero originaltasuna galduko dugulakoan, baina gero pentsatzen dut: “2023an gaude, jende pila dago gauza oso onak egiten”. Txorakeria da horiek ez kontutan hartzea. Horregatik disko honek erreferentzia oso zuzenak ditu. Horien artean daude: Maria Arnal i Marcel Bagés, Idles, Él Mató a un Policía Motorizado, MICE… Alabaina, euren musikan baino, artista hauek musika egiteko dituzten moduak behatu ditugu.
I. O. Behin kantua prest genuenean, abestiari eman nahi genion kutsua erabakitzeko, sonoritatea erabakitzeko erabili ditugu erreferente horiek. Kantua sortzerako garaian, ordea, niri oso zaila zait esatea ez dakit noren antzeko musika egiten dudala.

Zuen kontzertuetan berritasunik egongo al da? Zer aurkituko du bertara hurbiltzen denak?
I. O. Asko aldatu da gure zuzenekoa. Apustu indartsua egin dugu. Ikuskizun moduko bat prestatu dugu, ez da izango talde bat kantuak jotzen soilik, osotasun bat du. Zuzenekoa prestatzeari ordu asko eskaini dizkiogu, argi diseinu berezi batekin. Diskoan ez duten beste toki bat hartzen dute kantuek kontzertuetan. Argi diseinu eder batek argiturik, publikoak diskoko kantu guztiak entzun ahalko ditu, beste diskoetako kantu batzuekin batera.

Zein helburu betetzea gustatuko litzaizueke disko honekin?
A. S. Taldeari ate berriak irekitzea espero dugu. Nahiz eta guk beti musika guretzako egin, zortea dugu jendeari gustatu zaiolako. Horrek indarra eta motibazioa ematen digu hazten jarraitzeko.
I. O. Gainera esaten da taldeen hirugarren diskoa mugarri izaten dela onera edo txarrerako. Hirugarrenetik aurrera taldeek gora egiten dute, mantentzen dira edo behera doaz. Ez dakit zer gertatuko den gurekin —barreak—. Ea disko honek aurrera egiteko aukerak eskaintzen dizkigun, kantu berriak sortu eta kontzertuak ematen jarraitzeko.

Lo siento, debes estar para publicar un comentario.

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.