Azaletik ezabatu baino lehen
Discos / Marlik

Azaletik ezabatu baino lehen

7 / 10
Iñaki Lasa Etura — 03-03-2021
Empresa — Egilea editore
Género — Rock

Azala berrituta —edo bilakaerekin, behintzat— itzuli da Marlik. Laukote zena boskote da orain, Oihana Rodriguez teklista batu baita taldera. 2020aren hondarrean argitaratu dute Azaletik ezabatu baino lehen, zumaiarren ibilbideko bigarren lan luzea. Hor jarraitzen du lehen diskoko berezko soinuak, country eta blues zertzeladek, baina estrainekoan baino proposamen gogorragoa eta astunagoa izan da bilakaera prozesuaren emaitza. Rockeroagoa.

Horren adierazle garbia da hasiera: "Izateko zer!" kantua. Ziurrenik, diskoa biltzen duten zazpietan ganberroena. Abesti horren lehen entzunaldian harritu egiten du Maialen Velarderen ahotsak, normalean baino urratuagoa baitu. Kantariak aitortu du Zumaiako Uxotegiko grabazioaren azkenerako utzi zutela doinu hori, ahotsa apurtzetik gertuen zuenean egiteko, alegia. Oraingoan ere Jurgi Taboadak egin ditu soinu teknikari lanak. Herritik atera gabe, Gatza Factoryko Imanol Sesma arduratu da azalaren eta barneko iruditeriaren diseinu ederraz. Taldearen deslokalizazioak izan du eraginik grabaketan. Maialen Velarde abeslaria Lisboan bizi da egun, eta Beñat Fer gitarra jolea Bilbon. Pandemia bitarte, taldekide guztiek ezin izan zuten 2020ko uda arte elkartu ordura arte onduta zituzten abestiak grabatzeko.

Arestian aipatutako teklatuak nortasun berria eman dio taldeari, eta ezin hobeto txertatu da doinuen bizkarhezurrean. "Hazten beti" abestian salbu, gainontzeko guztietan egin diote lekua, eta pisua hartzen du horietako batean baino gehiagotan. "Hala hasi zen" da horietako bat, diskoko bigarrena. David Gorritiren bateriaren bonboak ematen dio hasiera abestiari, eta berehala nabarmentzen da Ales Gorritiren baxuaren riff gordina, Velarderen ahotsaren —oraingoan bai, gozoago eta ezaguterrazago— konpainian. Kantuaren erdialdera iristen da eztanda, Rodriguezen hatzak teklen artean sugeak balira hasten direnean.

Mendebalde urruneko parajeetan murgiltzen gaitu "Peregrinazio hiria"-k. Western-etako kantina batean imagina ditzakegu bost kideak, hauts eta cowboy artean. Taldea osotasunean hobeto moldatzen den abestietako bat da: bateria, punteoak, teklak, ahotsa... Marliken bihotz countrya "Hazten beti" kantuan azalerazten da. Erritmo pausatuagoan, dotore moldatzen dira, 2017an argitaratutako lana gogoratzen duten doinuekin.

"Zaldi eroa"-rekin itzultzen da rock-a. Hasierako bateriaren trostak argi uzten du abestiaren norabidea: Far West-era beste bidaia frenetiko bat. Gonbidatu berri batekin honakoan, Intza Martinen tronpeta. Bateriaren hasierako trosta lauhazka abiatzen denean, eta gainontzeko tresnak elkartzen zaizkionean, sekulako energia hartzen du abestiak, diskoaren unerik gorenetako batean. Eta base erritmikoak lan honetan duen garrantziaren adierazleren baten bila badabil entzulea, entzun dezala "Azaletik desagertu baino lehen" kantua, hasi eta buka, eta atera ditzala bere ondorioak.

"Madame Toffana"-k borobiltzen du diskoa, bi zatitan banatzen den abestia: Maialenen ahotsak protagonismo berezia du hasieran, baina gero tarte instrumental eder bati egiten dio tartea. XVII. mendean bizi izan zen emakume bat da Madame Toffana, zeinak berak sortutako pozoia ematen zion tratu txarrak jasotzen zituzten emakumeei, haien gizonak pozoi zitzaten. Azaldu dutenez, albumeko kanta bakoitzak emakume baten egoera transmititzen du, eta hura hori nola askatzen den. Merezi du arreta eskaintzea letrei, abesti gehienetan uzten baitu perlaren bat Velardek, bertsolari garaietatik mantendutako abilezia, akaso.

Zazpi abesti berriei beste bi gehitu dizkiote amaiaren, Tom Waitsen "Lucinda" eta Motörheaden "Love me like a reptile" kantuen bertsio euskaratuak. Biak entzuteko, baina, euskarri fisikoan eskuratu behar da diskoa, ez daude eskuragarri digitalki. Lege zaharreko entzuleentzat oparitxoa. Bere garaian Gasteizko Talde Gunen zuzenean grabatuak eta berriro masterizatuak dira.

Baliteke Marliken doinuak azaletik ezabatzea, baina ziur izan lehen entzunaldiaren ondoren eta doinuak ahantzi aurretik, berriro play sakatzeko gogoa izango duela entzuleak.

Lo siento, debes estar para publicar un comentario.

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.