De amar y desandar
Discos / Idoia

De amar y desandar

7 / 10
Iker Gurrutxaga Zubimendi — 24-04-2024
Empresa — Autoekoizpena
Género — Pop

Bigarren lan batekin beti espero izaten dugu aurrerapauso bat artistengandik eta honako honetan ez du hutsik egin Idoiak. "De amar y desandar" diskoa benetan landua eta pentsatua dela argi erakusten du eta instrumentazioarekin bikain asmatu duela esan daiteke bere doinuen unibertsoa adierazteko. Ikasitakoa musikara eraman du eta jostari ibili da aramaioarra abestiz abesti, nabari zaie zortzi kantuei. Zortzi kantu eta zortzi oroitzapen, Shinova taldekoekin Circus Price antzokian hasi eta auskalo non ixten direnak. Hiru euskaraz, bost gazteleraz.

Shinovarena aipatzekoa da, ‘Nueve de febrero’ kantuan kontatzen duen istorioa bertan kokatzen delako. Circus Price antzokian ‘Gigantes’ abestia abestera igo zen oholtzara Shinovakoekin Idoia. Bada, halako barne gogoeta bat abiatu zuen orduan Aramaioko artistak eta hortik abiatu du bere lan berria. Hammonda, haizeak, ahots hauskorra eta koro ederrak, hori guztia du abestiak.

Ispilu aurrean jarri denaren kontakizuna da, berriz, ‘Autofikzioa’. Maria Osesen hitzak dituen kantuak erritmika oso tribalak ditu, hego-amerikarrak, nahiz eta tambourineak western ukitu bat ematen dion guztiari. Michael Enderen liburutik abiatutako ‘Momo’ abestiak ematen dio jarraipena. Elektronika ukitu bat duen arren, abesti atmosferikoa da, baxuaren presentziarekin asko handitzen dena, nahiz eta pianoa eta gitarra akustikoak duten protagonismo gehien. Loratze baten inguruan eta lore horiek zaintzeaz ari da Idoia abestian, diskoan kontatzen dena hori ere badelako, loratze prozesu bat.

Sokak, akordeoia eta Haritz Olaetaren kolaborazioa ditu ‘Sarearena’ kantuak. Akaso aurreko ‘Ilun eta abar’ diskotik jarraikortasun gehien duen abestia da, baina erritmoan jolasean ibili da Idoia, kolpeak lapurtuz. Halako kanon itxurako zerbait ere sortu du, gainera, abestian. Eta hortik aurrerakoak gazteleraz datoz. Oroitzapenekin lotura duen diskoa izaki, ‘La castellana’ horren adibide nabarmena da. Hamabi sokako gitarra, oskolak, akordeoia berriz ere, Gaztelako musikaren iruditeria… hori guztia pilatzen du, izan ere Gaztela aldean izandako bizipenak jasotzen ditu hemen Idoiak. Familiari eskainitako kantua da.

Elvira Sastreren hitzak musikatu ditu ‘Mi vida huele a flor’ abestirako. Segoviarra da Sastre eta halako tango edo bolero baten forma eman dio Idoiak abestiari. Une batez Ravelen ‘Bolero’ klasikoa ere etorri zaigu burura. Sokak sartzen diren unean eder bihurtzen da abestia, hitz egiten duen loratzea gorpuzten du momentu horrek.

Kolonbiara egiten dugu salto, ordea, ‘Un último baile bajo el aguacero’ abestian. Herrialde hartara egindako bidaian bizipen musikalak ere jaso zituen arabar musikari gazteak eta han jasotako hori ekarri digu kantu honetan. Amazonia, Ande mendien magala eta Karibea uztartu ditu nolabait ere hemen, Carlos Vives bezalako artisten unibertsora bidaiatzen dugu Idoiaren eskutik.

Diskoa ixteko, berriz, ‘Calma’. Abesti bilutsia, gitarra klasikoa eta ahotsa baino ez dituena. Errezitatu ere egiten digu, lehor-lehor. Zirkulu bat ixten duen kantua da inondik inora eta ‘De amar y desandar’ kontzeptua ulertzeko erabat beharrezkoa. Bidean ibili egiten garelako, baina ikasten eta desikasten jakin behar dugulako. Zuzenekoak martxan ditu Idoiak, Eibarren izan zen lehena. Ziur diskoan adina edo gehiago gozaraziko duela bertaratzen den oro.

Lo siento, debes estar para publicar un comentario.

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.