Buruz Buru
Discos / Maskak

Buruz Buru

7 / 10
Iker Gurrutxaga Zubimendi — 08-05-2024
Empresa — Autoekoizpena
Género — Pop-Rock

Lapurdi eta Behe Nafarroa arteko muga horretan sortutako taldea da Maskak. Aurretik Kakolak proiektuarekin bertsioetan eta ibili ostean, oraingo honetan, formazioa pixka bat egokitu eta lotsa guztiak albora utzita, kantu propioez osatutako lehen lana kaleratu dute. Popa nabaria da beren sorkuntzetan eta eragin dieten taldeen artean aipatu dituzte halakoak, baina rock mundutik datoz eta ez da distortsiorik falta haien doinuetan. Teklatuek hard rock unibertsora ere eramaten gaituzte maiz.

Hamabi kantu dira guztira eta garbitasuna eta zikintasuna modu ederrean tartekatzen dituztela esan dezakegu. ‘Buruz buru’ kantuarekin irekitzen da diskoa eta Kerobia taldearen lehen lan horietara eramaten gaituzte soinuekin, nahiz eta koroen trataerari azpimarra egin behar hemen. Hard Rock ukitua ematen diete gitarraren soloan eta hor dagoeneko taldeak duen aniztasuna modu nabarian geratzen da. ‘Gibelka’ kantuan, berriz, baxuaren presentzia nabarmendu behar, batez ere zati batetan reggae ukitutxo bat ere ematen dietelako abestiari.

Segidan singlea dator, Leire Casamajou Elkegaraik idatzitako hitzak dituen ‘Ekin ala gabe’ abestia. Bakoitzaren bizitzaren jabe izateko ekiten dugula edo ekin beharko genukeela aldarrikatzen dute power-pop abesti honetan, brit-poparen ukitua ere baduen arren. Aldaketa dator, ordea, ‘Arrabost’ abestiarekin, beste indar bat du, amorruagatik akaso, eta gitarra apalago afinatuta dagoela ere esan daiteke. Gazteek etxebizitzarekin eta lanarekin duten kezka azalerazten duen abestia da.

‘Antzerki’ kantuaren introak The Strokes taldea ekartzen digu bai ala bai burura, mundu horretara bidaiatzen dugu instant batez. Maskak kentzearen inguruan dabiltza hemen hizketan, beno, edota jartzearen inguruan; maskak erabiltzen baititugu depresioa bezalako gaitzak tapatzeko gure egunerokoan.

‘Saia’ kantuaren epikotasun eta mistizismoa dago segidan, edota ‘Adikzio’ kantuan mundu eta aro digitalari buruz ari direla techno apurtzaile bat ere sartzen digute jostari, zinez, Maskak taldekoek. Harreman bateko krisia agerian uzten digute behetik gora doan ‘Eztanda egin gabe’ abestian eta hizkuntza eta herriaren aldarria egiten digute tempo eta metrika berezia duen ‘Biharkoa’ kantuan.

Amorrazioz, berriz ere, unea bizitzeko deia luzatzen digu Iparraldeko taldeak ‘Denbora doa’-n eta ‘Bere eskutan narama’ sentikor batekin bukatzen da beren estreinako diskoa. Aipatu, gainera, Bradley Cooper eta Lady Gagaren ‘Shallow’ abestia ekartzen duela gogora diskoko bigarren singleak.

Lehen saiakera dotorea egin dute eta udan plazaz-plaza arituko dira beren musika zabaltzen Maskak taldekoak. Baina, tamalez, Hego Euskal Herriko plazak dira falta dituztenak. Mugak gainditu, maskak erantzi eta ea hego-ipar, ekialde-mendebalde, haien doinuak zabaltzeko aukerarik izaten duten!

Lo siento, debes estar para publicar un comentario.

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.