Arima Soul
Discos / Arima Soul

Arima Soul

7 / 10
Jaione dagdrømmer — 25-11-2022
Empresa — Orrua Diskak
Género — Soul

Askok pentsatuko dute honelako musika publiko jakin bati soilik dagoela zuzendua, nitxo zehatz batentzat dela. Diskoak 60. hamarkadako musikaren kutsua badu ere, soul musika atenporala da eta hau, bereziki, benetan da arimatik sortua. Gure garunari atseden emateko beta eskaintzen duen lanaren aurrean gaude, emozioei hitz egiten utziz.

Mikel Unzurrunzagaren (Dj Makala) proiektu berria da Arima Soul. Makinak alboratu eta oinarrietara itzuli da musikaria baxuarekin eta Lidia Insaustiren ahotsak lagundurik. Maitemintzen duen ahotsa du Insaustik, berehala harrapatuko zaitu, zin dagit.

Ahots ahaltsu batez gain, gustu ona, freskotasuna, dotorezia eta zintzotasuna nahasten dituen lan alaia ere aurkituko duzu. Soinu beltzek dakarten argitasuna ederki islatzen da aldarriz betetako abesti sorta hauetan. Insaustiren ahotsak maisuki zuzentzen ditu Paul San Martinen piano jostalariak, eta Gorka Gaztanbideren bateria erritmo dantzagarriak, funk dibertigarri batez apaindurik. Euskarazko soul ariketa ausarta da. Abesti sorta honek ederki frogatzen du gure hizkuntzan edozein estilo maisutasunez landu litekeela eta kalitatezko lana osatu.

Ahotsa bada ere diskoaren protagonista absolutua, Insaustik idatzitako hitzek ere aipamena merezi dute. Bertan, maitasuna eta gizarte hausnarketak nagusitzen dira. Ilunabarra kantua zinez ederra iruditu zait, abesti erromantiko txepela izan zitekeena, ondo kalkulatutako orekari esker, diskoko pieza aipagarrienetako bat bihurtzen baita.

Zortzi kantuko diskoa labur egiten da. Adinak-adin edozein musikazalek benetan gozatzekoa da. Kanporakoia bezain barnerakoia den lan orekatua.

Lo siento, debes estar para publicar un comentario.

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.