Shoegaz eta dream-poparen babes geruzetatik abiatuta, ahotsa erdigunera ekarri du oraingoan, eta nazioarteko eszena esperimentalarekin zein bideojokoen estetikarekin zubiak eraiki ditu euskaratik eta euskal imaginariotik bertatik. Zuzentasun honekin eta autokudeaketaren aldarriapenarekin erantzun ditu elkarrizketako galderak.
Sei mila urte logelako bakardadean eta isilpeko geruzak gehituz ondu zenuen; Airea aldatu egin da, ordea, beste modu batean grabatu da. Zer aldatu da zehazki Saguxarrek sortzaile gisa duen barne-aire horretan lehen arnasa hartu zenuenetik hona?
Bi diskoetan grabaketa tokia, ekoizpen metodoa eta orokorrean lan-tresnak berdinak izan dira, baina uste dut isolamendu gutxiago egon dela nire logelaren airean. Nire inguruko jendearekin gehiago partekatu dut prozesua, zuzenean jotzetik jaso ditudan ideiak sartu ditut eta ekoizpenari dagokionez, geruzak ez ditut hainbeste ezkutatu. Esango nuke "Airea aldatu egin da" beldurrik gabe grabatu dela.
Aurreko lanean reverb-a zegoen erdigunean. Disko berri honetan ekoizpena askoz garatuagoa eta definituagoa da. Nola kudeatu duzu soinu-gardentasun berri honen eta zure unibertsoaren misterioaren arteko oreka?
Nire lehenengo lanean reverb-ean babesa aurkitu nuen. Nire izaera eta munduaren artean reverb-a babes geruza bat da, leiho lurrundu bat bezala da. Gardentasunaren bila neure burua biluzten saiatzen nabil, esperimentu berri bat bezala, kanpoko eta barruko tenperaturak nahasten.
Zure musikan giroa eta atmosfera ez dira efektu estetiko huts bat, abestiaren bizkarrezurra baizik; lehenengo giroa dator, eta ondoren geruzak. Disko berri honetako soinu definituago eta kontrastatuagoekin, nola aldatu da arkitektura hori? Zer pisatzen du gehiago gaur egun: sortu nahi duzun atmosferak ala kantuaren egitura tradizionalak?
Kantuaren egitura tradizionalak ez du garrantzi handirik nire prozesuan. Bada interesgarri aurkitzen dudan elementu bat, eta etorkizunean egitura tradizionalago bat jarraituz abestiak egitea ez dut baztertzen, ariketa bezala, baina ez da horrela niri ateratzen zaidan modua. Batzuetan egitura hauek jarraituz sortu ditut kantuak baina ez ditut egiazko sentitu, gidoi bat jarraitzea bezala.
Kantak sortzerakoan beti abiatzen naiz sentsazio bat irudikatzeko nahiatik, nik imajinatzen ditudan tokien, momentuen, istorioen, irudien edo zirraren soinu-irudikapen bat margotzeko nahiatik. Normalean, horrelako emozioek eta tokiek ez dute gidoi tradizional bat jarraitzen, bakoitza bere modu partikularrean mugitzen da. Disko berri honetan, kronologia baten pieza bakoitzari bere askatasuna eman diot. Batzuetan, emozio bat zurrumurru urrun bat da, indefinitua, beste momentu batean, egun berean beharbada, guztiz ezberdina den emozio edo bizipen bat izan ahal duzu, askoz gardenagoa, sendoa, bortitza, definitua. Kontraste hauek zintzoagoak dira errealitatearekin, baita ametsekin ere.
Zure abestiek badute atmosfera hori: xarmangarria eta aldi berean beldurgarria den tentsio oniriko bat —Mark Fisher-ek eerie deitzen zuena—. Geruzen artean, bada hor egon beharko ez litzatekeen zerbait, izu edo misterio geruza bat gehitzen diona. Airea aldatu egin da lanean, doinuak eta geruzak garbiagoak izanik, nola kudeatu duzu muga hori?
Ez dakit, horrela ateratzen da, eta gehienetan inkonszienteki. Bizitzan, ametsetan bezala, badago aldi oro egon beharko ez litzatekeen zerbait, agian horrela sentitzen dut mundua. Edo baliteke dena bere tokian dituzten egoerak irudikatzeko bultzadarik ez dudala sentitzen, ezegonkortasunatik eta kezkatik jaiotzen delako musika. Tentsio hori beti egongo delaren sentsazioa daukat, misteriorik ez badago ez dut sentitzen soinu horrek asko kontatzen duenik. Gauza sinpleenak ere galderaz beteta daude.
Gitarra elektrikoak eta ambient texturek pisu handia dute berriro, baina orain pop etereoago bat dakarzu —ML Buch, Oklou, Slowdive—. Nola sartu dira nazioarteko doinu garaikide hauek zure sormen-mapan?
Oklou eta Slowdive bezalako artistak influentzia handia izan dira niretzat hasieratik. Musikazale handia naiz eta nire influentziak toki oso ezberdinetatik datoz, nahasketa oso zabala da. Beste tokietatik jasotako soinuak eta testurak erabiltzea eta bakoitzaren herriaren kontestura hurbiltzearena etengabe egiten da mundu osoan eta hemen Euskal Herrian badugu noski horren tradizio musikal oso sendoa. Genero zehatz batzuek izan dute nagusitasuna euskaraz, gaurkora oraindikan protagonismoa mantendu egin dutenak eta norma bihurtu direnak euskal identitatean.
Gaur egun badaude hainbat hutsune identitate disidenteetako pertsonentzat, sentsibilitate eta antsietate zehatz batzuek dituztenentzat. Nazioarteko eszena musikal edota estetiko askorekin konektatzen dugunok, LGBT komunitatean adibidez nire kasua aipatzearren, ez dugu horren baliokide askorik gurean. Egia esan, harritzen nau Euskal Herrian horrelako musika gehiago ez egoteak. Nik uste dut musika esperimental gehiago egon behar lukeela, edozein generotan esan nahi dut. Esperimentazioa ihesbide eta aurkikuntza tresna da.
Nire kasuan zehazki, inguruan ditudan gauzetan inspiratzen naiz barruko gauzak espresatzeko. Aurreko diskoa Aiako Harrian emandako buelta amaigabeetan kokatzen dudan imaginarioan dago oinarritua, eta jatorri horren jarraipena da bigarrena ere, natura eta bizitza teknologien bitartez irudikatuz. Oklou-ren musika hain zuzen ere, Galore diskak bereiziki, inpaktu neurtezina izan zuen niregan, soinu horiek hemen basoan sentitzen dudan fantasia hori irudikatzen zutelako, xarma bat bezala. Beste adibide bat Björk da: bere abangoardiako pop-a oso estu dago lotuta Islandiako paisaiekin eta folklorearekin, eta naturaren bidez bideratzen ditu bere emozioak, mende aldaketaren teknologiarekin nahastuta. Horrelako musika euskaraz egitea guztiz naturala dela uste dut.
Ahotsa ez zen lehenbiziko lanean hainbesterako protagonista; beste geruza bat gehiago zen, reverb artetik xuxurlatua izango balitz bezala. Oraingoan, doinuak eta melodiak argiagoak izanda, ahotsak aurrerago pauso bat eman du?
Bai, ahotsak protagonismo handiago bat hartu du eta uste dut asko nabaritzen dela. Beste elementuei beraien tokia emanda ere, ahotsa sartzen den gehienetan beste geruzen gainetik dagoela esango nuke. Zentzu horretan, dream pop edo shoegaze hastapen horietatik pixka bat aldendu naiz, ahotsari kokapen zentral bat emanez.
Beti esaten dut nik abestearena edo “abeslari” izatearena albo-kate hutsa dela eta beste baldintzetan seguraski ez nukeela egingo. Azken finean, niri gehien gustatzen zaidana musika sortzea —ekoiztea, zehazki— da, eta abesten hasi nintzen musika instrumentalatik aparte zerbait berria sortzeko. Duela oso gutxi arte ez nekien nik abesteko gaitasuna nuenik; lotsa ematen zidan, base instrumentalen elementuak ez nituen sakrifikatu nahi eta nahiago nuen ahotsari protagonismorik ez ematea eta esaten nuena ez ulertzea, gauza pribatua balitz bezala. Orain, kontzertu dexente eman ondoren, ahotsa irekitzen hasi naiz.
Orain gutxi arte entsegutokirik ez izana, etxean kaskoak jantzita sortzera behartu zaitu. Gaur egun industrian nepobaby-ak eta egoera erosodunak goraipatzen direnean, nola kudeatzen da underground giroari eustea unibertso estetikotik erakusleiho zabalago batera igarotzen zaren bitartean?
Gure sistemaren barruan baliabiderik eta kontakturik gabe jarduteak muga zehatz batzuk ezartzen ditu sormen prozesuan, eta askotan hori da underground artisten soinu partikularrari forma ematen dion baldintza bat. Nire identitate musikalean sendo finkatu diren ezaugarri oro dira nire esperientzia pertsonala, kontestu sozioekonomiko, genero identitate edota nire behar psikologiko edo fisikoen ondorio.
Ez nuen inoiz serio kontenplatu musikari bihurtzea, eta orain nire musika baloratuta ikusten hasten naizela, neure buruari galdera hau egiten diot: Zergatik ez nintzen lehenago hasi? Zergatik orain arte ez? Ez dago misterio handirik: ezin nuelako. Ez neukalako gitarra bat, ez neukalako ordenagailu dezente bat, ez mikro bat, ez nuelako inor ezagutzen, ez nuen denborarik, ez nuen inor inguruan hortara animatzen. Orain dudan materiala 10 urtez lan eginda eta aurreztuta pixkanaka lortutakoa da. Nire ekoizpenak plataformetara igotzen duela urte dexente hasi nintzen, inork ez zituen entzuten edo aurkitzen. Zorte ona izan dut, duela bi urte pertsona konkretu batek, jakin-minak bultzatuta nire profila aurkitu zuelako, eta musika gehiago ateratzera animatu ninduelako, eta atera nuenean, gainera, hor egon zelako nire lana babesteko eta gomendatzeko. Pixkanaka jendeak nire musika aurkitu zuen, eta horrela atera nintzen mundura.
Nire identitate musikalean dago autokudeaketa eta beti defendatuko dut DIY ikuspuntua musika eta artea sortzeko prozesuan: originaltasuna bultzatzen duela garbi daukat. Baliabide gehiago eskuragai izanda ere, horrek ez du esan nahi material hobearekin edo produkzio garestiago batekin zure arteak gehiago balio behar duenik. Industriaren estandar eta estruktura oro ukatzea dago artearen bihotzean. Eta oso garrantzitsua da artista txikiak eta autokudeatuak bilatzea, aurkitzea, komunitate batean integratzea eta komunitate hori babestea.
“Musika esperimental gehiago egon beharko luke euskaraz; esperimentazioa ihesbide eta aurkikuntza tresna bat da”
Humo Internacional bezalako zigilu independente batekin kaleratu duzu lana oraingoan. Autoedizioaren bakardade horretatik atzeko babes-egitura batera igarotzeak zer ekarri dizu sormen-prozesuan?
Sormen-prozesuan ez du pisu handirik izan, nik diskoa guztiz bukatu nuen zigilu bat bilatzen hasi baino lehen, autoedizioaren aukera beti kontuan hartuz, eta ez nuen bereiziki espero Humo bezalako zigilu baten barnean bukatzea. Alde batetik, autoedizioak xarma handia du niretzat, asko gustatzen zaidalako gauzak nire kabuz egitea, nire erritmoan, nire baldintzetan. Baina azken bi urteotan azkenean lan asko izan da, bakarrik sentitu naiz eta oso nekatuta bukatu nuen psikologikoki eta fisikoki. Humo bezalako zigilu independiente batekin nire lana kaleratzeak oreka apur bat ekarri du nire ibilbide artistikoan eta espero dut komunitate honen berotasunean egoteak nire sormen-prozesuan eragin positibo bat izatea.
Izenburutik bertatik —Airea aldatu egin da— eraldaketa bat dago jokoan. Zeintzuk dira disko berri honen ardatz tematiko nagusiak? Denborak edo minak lehengo pisu bera dute?
Airea aldatu egin da demo batzuetatik abiatu zen. Pieza hauetan, nagusi ziren haize-instrumentuak imitatzen dituzten sinteak, sampleak, eta plugin orkestralekin jotako hainbat haize-instrumentu. Beste elementu bat sintetizadore arpegiatuak ziren, akorde batzuen errepikapenaren bidez airean zintzilik nengoela sentiarazten zizkidatenak. Hortik abiatuta, ardatz testural baten testuinguruan kokatzen hasi nintzen: nire lehenengo diskoan uretan murgilduta nengoen; oraingoan, airean flotatzen hasi nintzen, batzuetan buruan arintasun hori sentitzen, baina baita bertigo eta ekaitzaren bortizkeria hori sentitzen ere. Gorabeheraz beteriko bidaia bat imajinatzen hasi nintzen.
Disko honen mundua fantasiazko mundu bat da, oso estuki inspiratuta fantasiazko RPG bideojokoen estetikan eta dinamikan —Dark Souls, Elden Ring, The Legend of Zelda...—, baita zientzia fikzioa eta fantasiaren artean mugitzen diren autoreen munduetan ere: Ursula K. Le Guin, Tolkien, Frank Herbert, Ted Chiang, Octavia E. Butler, Charlie Jane Anders, Kentaro Miura —Berserk—. Honako honetan mina eta denboraren kontzeptuak bideojokoen estetika eta dinamikaren eta zientzia fikzioaren edo fantasiaren kezka zein paradoxen bidez anplifikatu nahi izan ditut. Denbora, mina, ametsak, etorkizuna... fikzio hauetan asko esploratzen diren gaiak dira. Adibide bat: botoi bat sakatu duzu eta denbora gelditu da; joko baten menuan zaude, ez dagoena ez munduan ez mundutik kanpo, bere espazio etena da, linbo bat bezala, amets bat bezala. Mundua gelditu da.
Oso presente dago berriro iruditeria zinematografikoa, ametsak eta panorama onirikoak. Nola gorpuzten da estetika hori diskoaren unibertso bisualean?
Niretzat musika egitea irudiei soinua jartzea da. Irudiak batzuetan nik ikusten edo bizitzen ditudan gauzak dira, baina askotan ere imajinatutako edo amestutako tokiak dira. Disko honen kontzeptua gorpuzten hasi zenetik, Marta Carmona diseinatzaile grafikoarekin hasi nintzen hizketan azala egiten hasteko, lehenengo diskoarekin egin genuen bezala. Lan bat osatzeko eta soinu hari bat jarraitzeko iruditeria bat edukitzea funtsezkoa da niretzat. Martak "concept art" arloan lan egiten du; hasieratik eskatu nizkion bozeto batzuk, mundu berri hau sortzeko erreferentziak eta deskribapenak bidali nizkion, eta ideia eraikitzen hasi ginena batera. Berak azala garatzen zuen bitartean, ni unibertso bisual hortaz elikatzen nintzen musika osatzeko ere.
Aldi berean, Gema Barba artistarekin zuzenekoen bideoek izango luketen estetika ere lantzen hasi ginen; berrelikadura hori sormenaren ardatz izan zen. Edozein gai baten inguruan konposatzen ari banaiz ere, ezin naiz ikuspegi zinematografiko horretaz libratu. Beharbada oso pelikulera naiz ni eta nire benetako amets (ez hain) sekretua beti izango da pelikula, bideojoko eta horrelakoentzat musika ekoiztea.
Nola ikusten duzu Saguxar-en tokia gurean gaur egungo soinu esperimental zein elektronikoen panorama honetan?
Sorpresa handia izan zen niretzat hasieratik proiektuak jaso zuen harrera. Ez nago ohituta horrelako proiektuak hemen entzutera, eta horregatik uste nuen inork ez zuela entzungo, baina kontrakoa gertatu zen eta konturatu naiz euskaldun askok musika genero aniztasuna berotasunez jasotzen dutela. Musika berri hauentzat espazioa lortzea oso zaila da: toki txiki batean gaude eta badira eszena musikal oso hegemonikoak. Zaila da proiektu esperimentalentzat tokia topatzea, eta eszena bat baino, nitxo bat delaren sentsazioa ematen du.
Gustatuko litzaidake Euskal Herrian musika mota anitzak eta urratzaileak gehiago sustatzea eta identitate ezberdinak biltzen dituen eszena musikalei tokia egitea. Hemen badugu autokudeaketaren kultura handia; ezin bada gurean eskemetik kanpo sortu, non ote? Animatu nahi nuke jendea formuletatik ihes egitera eta mugekin jolastera. Hori da: sortu beldurrik gabe eta egin tokia proiektu esperimentalentzat.
Aurreko elkarrizketa batean aipatzen zenuen oholtza gaineko urduritasunak oraindik atzera-eragite pixka bat sortzen dizula. Nola irudikatzen dituzu Airea aldatu egin da diskoaren zuzeneko berriak?
Zuzeneko berriak egiteko gogo handiz nabil. Azken bi urteetan asko ikasi dut; zerotik hasi nintzen eta zuzenekoak prestatzea eta oholtzan jendearen aurrean jotzea, nik bakarrik gainera, lan handia izan da. Nire lehen abestiak sortu nituenean ez nuen batere aurreikusten zuzenekorik egitea, batez ere jendearen aurrean abestea niretzat nire konfort-zonatik oso urrun zegoelako. Barnerakoia naiz eta nekagarria izan da prozesua, baina bidean zuzenekoak ere sormen prozesu bat bezala bizitzea lortzen hasi naiz eta emanaldiak momentuaren bat-batekotasunekin jolasteko aukera bezala ikusten ditut.
Kontzertu bakoitzean behintzat gauza ezberdin bat egitea gustatzen zait; musika bizirik dagoela eta ni bizirik nagoela sentiarazten nau, eta momentu horretan oso ederra da hor dagoen jendearekin partekatzea. Kontzertu ostean jendearekin hitz egiten dudanean, beraien sentsazioak nirekin partekatzen dituztenean, askotan ikuspuntu berriak irekitzen dizkidate. Komunitate giro horietan batzuetan nire buruan ideia bat pizten da, eta etxera iristen naiz sortzeko gogoekin.
Lo siento, debes estar conectado para publicar un comentario.