"Diskoaren sarrera indartsua izatea nahi genuen"
Entrevistas / Rodeo

"Diskoaren sarrera indartsua izatea nahi genuen"

Urko Ansa — 26-04-2017
Fotografía — Archivo

Stoner intentsua eta iradokitzailea, bizi-bizia, boteretsua eta purua. Zestoako laukoteak heldutasun handia erakutsi du bere debutean: soinu bikaina, exekuzio zehatza eta emaitza erakargarria. Disko bat baino gehiago, monumentu bat da!

“Rodeo” izeneko lan honetan, gitarra eta bateriarekin lortu duten soinu garbi eta sendoa harritzeko modukoak dira. Gainera, talde berria dugu Rodeo, 3 urte baino gutxiagoko bizitza daukana, eta orain arte maketa bakarra zeukana. Lehen lan luze hau argitaratzearekin batera, ordea, lehen lerrora jauzi egin dute, eta, erakusten duten boterea eta erraztasuna ikusita, etorkizun oparoa izan behar lukete. Zestoa bertako Gaztain estudioan grabatu dute Grises taldeko Eñaut Gaztañagaren eskutik.

Purutasun handiko Stoner Rocka lantzen dute, % 100ean Kyuss taldearen izpiritua lantzen duena, horrek dakartzan pasarte instrumental sakon, iradokitzaile eta hipnotikoekin, hain zuzen ere hainbat taldek ahaztu egin ohi dituztenak. “Taldearen sorreran Kyussen kantak jotzen hasi ginen eta horrek nahi eta nahiez eragina eduki behar du gure konposatzeko eran. Asko gustatzen zaigu gitarren soinu zein atmosfera ezberdinekin jokatzea eta zati instrumental luzeak egitea. Hala ere kantak egiteko orduan ez gara itsutzen estilo bat jarraitzen, ateratzen zaiguna egiten dugu eta garrantzitsuena geuri gustatzea dela uste dugu”.

Zuen lehen diskoa da "Rodeo", baina heldutasun handia erakutsi duzue. Soinu bikaina dauka, exekuzio zehatza eta emaitza erakargarria.
Eskerrikasko. Egia esan oso gustura geratu gara emaitzarekin. Lan handia izan da eta eskertzen da jendearen ahotik horrelako gauzak entzutea. Emaitza honen atzean ordu eta lan asko dago.

Grabazioari buruz, zein aukera izan zenituzten buruan, eta zergatik hautatu zenuten Gaztain estudioa? Talde ezagunek grabatu dute hor, estilo ezberdinekoak gainera: Grises, Rural Zombies, Voltaia, Sei Urte, Ankhar, Skasti…
Argi eduki dugu Eñaut Gaztañagarekin grabatu behar genuela Gaztain estudioan. Herritarra eta laguna izateaz gain, lehenago grabatu dituen lanen emaitzak ikusirik konfiantza osoa geneukan berarengan. Diskoko “Piztia” kantua hiru hilabete lehenago grabatu genuen eta oso gustura geratu ginen emaitzarekin, beraz bagenekien zerbait lehenagotik.

Eñaut Gaztañagak Grises taldearekin beste estilo bat lantzen duen arren, lortu nahi zenutena ondo ulertu duela nabari da. Gainera, “Deabruen paradisura”-n abestu du.
Grises taldean beste estilo bat lantzen du Eñautek, baina bere gustu musikala oso zabala izanik gure estiloko hainbat talde ere jarraitzen ditu. Soinuari garrantzi eta dedikazio oso handia jartzen dio, eta lan honen emaitza guk nahi genuenarekin bat datorrela esan genezake. Gainera bere kolaborazioaz gozatzeko aukera eduki dugu eta eskertzea besterik ez zaigu geratzen.

Kolaborazioekin jarraituaz, Voltaia taldeko Unai Izagirrek “Gizon iluna”n abestu du, eta Lin Ton Taun eta Karelean taldeetako Joseba Illarramendik beste hainbeste egin du “Ezereza”n. Lagunengana jotzea hobe da ezezagunengana jotzea baino?
Bai, dudarik ez. Ez zitzaigun bururatuko ezezagunengana jotzea kolaborazio eske. Unai laguna dugu eta Voltaiaren jarraitzaileak garenez ideia ona zela iruditu zitzaigun berarengana jotzea, eta gure iritziz bete betean asmatu dugu aukeraturiko kantuarekin. Joseba berriz Mikel abeslariaren anaia da eta kantua egin genuenean berarekin gogoratu ginen, “Ezereza” berarentzat perfektua iruditu zitzaigun. Aipatu baita ere Adrian Larrañagak (“Fluxua” kantuan perkusioak), Mikel Ibargurenek (“Ezereza” kantaren letrak) eta Jesus Perezek (“Deabruen Paradisura” abestiaren konposaketa) ere parte hartu dutela.

"Txotxongiloak" erabat Black Sabbatheroa iruditzen zait erritmoan, eta "Mugak" eta "Itotzen"ekin batera hasiera indartsua ematen dio diskoari. "Itotzen"-en bateria oso argi eta sendo entzuten da, flipantea da!
Diskoaren sarrera indartsua izatea nahi genuen, hasieratik indarra transmititu eta entzuten jarraitzeko grina piztea. Uste dugu aukeraketa ona egin dugula hori lortzerako orduan. Bateriaren soinuari dagokionez, Eñautek buelta asko eman zizkion eta emaitza bikaina izan da. Bateriak ateratzen artista hutsa da!

Gero diskoko momenturik onenak datoz "Fluxua", "Piztia"-rekin lotua dagoena, hipnotikoa da, eta hortik aurrera, gozatzera!!!
Sarrera indartsu honen ondoren beste dimentsio bat eman nahi genion diskoari ondorengo kantuekin eta zer hobea hori lortzeko “Fluxua” bezalako ¨flote¨ batez baliatzea baino, gero “Piztia” moduko kanta sendo batekin lotura egiteko. “Fluxua” konposatu orduko bilatu genion “Piztia”-rekin nolabaiteko lotura hori.

"Gizon iluna" KYUSSen arima da, eta "Gobernu ilunak"-en sartzen duzuen erritmo aldaketa, bukaeran azeleratzen duzuena, generoaren ezaugarri nagusienetakoa. Hortik aurrera ere lortzen dituzuen atmosferek bere biziko garrantzia hartzen dute, hori lortzea benetan zaila bada ere. Harriturik nauka zuen diskoak.
“Gizon iluna” konposaturiko azken kantetako bat da eta Unairen kolaborazioaren eta bukaerako zati instrumentalaren emaitza ikusita esan beharra daukagu grabatu ondoren emaitzak harritu egin gaituela, zentzu onean. Diskoko kantu borobilenetakoa iruditzen zaigu eta desertuko esentzi handia duena! “Gobernu Iluna”, aldiz, Rodeok sorturiko lehen kanta da.

Euskal Herriko Stoner eszenatik edan duzue ala kanpoko eragina zuzenean datorkizue? Gutxitan ikusi dut hemen inguruan Stoner puru hori, hain fidela eta era berean hain erakargarria.
Musika asko entzuten dugu eta elkarrekin asko konpartitzen dugu. Beti ari gara talde berriak ezagutzen. Euskal eszenatik asko edan dugu baina egia esan talde internazionalak dira gure soinuan gehien eragin duten taldeak. Karma to burn, Truckfighters, Kyuss, Valley of the sun, Red Fang, Down, Toundra, Brant Bjork, Fu Manchu…. adibide batzuk jartzearren.

Taldekideak, denak ezagunak zineten lehenagotik? Zein ibilbide egin duzue Rodeo sortu aurretik?
Oroitz, Beñat eta Ortzi koadrila berekoak dira eta Mikel zaharragoa da baino betitik elkar ezagutzen dugu, Zestoa bezalako herri txiki batean normala den bezala. Aspalditik eduki izan dugu elkarren gustu musikalen berri. Horrek bultza gintuen nolabait elkartzera eta lehen esan bezala Kyuss-en bertsioak jotzen hastera. Mikelek lehen Human-en, gaur egungo Ankhar, baxua jotzen zuen baino besteen lehen taldea da Rodeo. Egia esateko esperientzia handirik ez duen musika taldea gara.

Lo siento, debes estar para publicar un comentario.

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.