"Rock hitzak esteriotipo eta irudi oso konkretuetara eramaten gaitu eta ez gara horrekin batere identifikatzen"
Entrevistas / Nize

"Rock hitzak esteriotipo eta irudi oso konkretuetara eramaten gaitu eta ez gara horrekin batere identifikatzen"

Mikel Izarra — 16-05-2020

Arte Ederren fakultatean eratu eta urte eskasera kaleratuko du Nize hirukote gazteak lehenengo lana. Hala ere, heldutasun artistiko handiko lana da “Ezin”. Taldearen soinu unibertso konplexua argi eta sinpletasunez jakin dute transmititzen estudiora sartutako lehen aldiz, Urtzi Iza ezinbestekoaren laguntzaz. Lehen entzunalditik somatzen da nondik datozen, baina ez da proposamen etiketa erraza, zorionez. “Tell me”ren riff dantzagarrietatik “E zer” poetikora, denetik dauka diskak.

Zelan sortu zen Nize? Ze kontextu eta zein helbururekin?
Arte ederretako fakultatean jaio zen taldea, bertan elkar ezagutu genuen. Hasieran Niko eta ni (Andrea) elkartu ginen musika egiteko, helburu zehatzik gabe. Bi gitarrekin inprobisatu egiten genuen eta pixkanaka kantak egiten hasi ginenean Intzarekin elkartu ginen. Era naturalean sortu den zerbait izan da, denborarekin definitu egin dena.

Nahiko gazteak zareten arren, kitarra musika eta 90ko hamarkadako soinuak defendatzen dituzue. Zelan da rock talde bat eratzea 2020ean?
Egiten dugun musika talde zahar eta garaikideekin lotuta dago, hirurok ditugu erreferente oso desberdinak. Eta 2020a izan arren, normala egiten zaigu horrelako soinuak entzutea gure testuinguruan ere asko entzuten ditugulako.

Hirukotea izanda ere, garai horietako talde zaratatsuena ere berdintzen duzue, aukera da formazio hau?
Intzarekin elkartu ginenean taldeak ondo funtzionatzen zuela ikusi genuen, bakoitzak bere “papera” hartu zuen, kantatzen hasi ginen eta zirkulua itxi egin zen. Momentuz ez dugu ezer gehiago behar, gainera kontzertuetarako perfektoa da Nikoren Renault Clioan dena sartzen delako, (barreak).

Diskan hau oso zainduta dago, irudimen handiko erritmoak, efektu piloa…nondik abordatzen duzue konposaketa? Zelan izan da disko honen konposaketa?
Kantuen konposaketa hirurok batera lantzen dugun zerbait da, batzuetan batek ideia bat ekartzen du, riff bat adibidez eta abiapuntu horretatik inprobisatzen hasten gara. Mobilarekin grabatzen dugu dena, ondoren bakarka etxean entzuteko. Berriro elkartzean audioetatik gustatzen zaiguna errepikatzen saiatzen gara, momentuko esentzia edo freskotasun hori probokatzen zaiatuz. Estrukturak egitea askotan zaila egiten zaigu ideia solte asko ditugulako hortik hegan, azkenean ideia zahar eta berriak nahasten ditugu.
Diska osatzen duten abestiak taldea sortu zenetik orain arte sortu ditugu beraz esan daiteke gure lehenengo urtearen laburpen bat dela.

Ahotsak ere dimentsio ezberdin eta arriskutsu bat dauka, letren moduan. Ze pisu dauka honek konposizioan? Eta hizkuntz aniztasunak?
Ahotsa instrumentu bat gehiago da, guitarra den bezela, kantu guztietan letra eta soinua nahasten dira, letra eta ez-letra. Zerbait idazteak konposizioan garrantzia dauka dudarik gabe, letraren abiapuntua zerbait fonikoa da, hizkuntzak ez du hainbeste inporta. Kantu bakoitza mundu bat da, beste batzuetan oso argi dago zertaz idatzi.

Finean, kanpotik ematen duenez musika era oso pertsonal eta heterodoxuan bizi duzuela. Zelan izan da hori Urtzi Iza bezalako ekoizle profesional batekin aurrera eramatea?
Urtzik hasieratik buruan izan dugun soinuaren esentzia oso ondo ulertu du eta profesionaltasun handiz landu ditu grabazioan zehar sortu zaizkigun ideia guztiak. Beti dena entzuteko prest egon da, edozein aldaketa egiteko, soinu desberdinak probatzeko eta behin eta berriz probak egiteko. Alde horretatik oso pozik gaude, ilusio handia egiten digu berarekin lan egin izanak eta berarekin gure lehen grabaketa konpartitu izana, oso polita izan da eta asko ikasi dugu <3

"Arte ederrak ikasteak eragin handia izan du gure musikan, azkenean pinturan aritzea edo musikan aritzea ez dira gauza hain desberdinak, aldatzen dena medioa da"

Arte ederren munduan hasitakoak eta galeriatan jo izanda, ze iritzi dekozue bi zirkuitu hauen arteko erlazioaz?
Arte ederrak ikasteak eragin handia izan du gure musikan, azkenean pinturan aritzea edo musikan aritzea ez dira gauza hain desberdinak, aldatzen dena medioa da.
Egia da galeria batean jotzea edo tabernan jotzea gauza desberdinak direla, testuingurua asko aldatzen delako, baina gehien bat jendearen jarrera da aldatzen dena.

Honi lotuta, eta arte ederretako ikasleak izanda, estetika zaintzen duzue? Portadak (Leire Lacunza) rock estetikatik ihes egiten duela dirudi, eta zuzenezkoak ere bai.
Rock hitzak esteriotipo eta irudi oso konkretuetara eramaten gaitu eta ez gara horrekin batere identifikatzen. Estiloa rock musika izatea edo post-punk guretzako ondoren datorren zerbait da, ondoren ezarritako zerbait, askotan mugatu egiten gaituena ere. Musika egiten duzunean ez duzu horretan pentsatzen. Leire gure laguna da, asko gustatzen zaigu bere lana, eta musikarekin bat egiten duela uste dugu. Loturak identifikatzen ditugu bere lana eta gure lanaren artean, horregatik diskaren forma bere eskuetan utzi dugu.

Mungiako eszena osasuntsuarekin ere erlazionatu zaizue, bai pertsonalki eta bai soinuari dagokionez. Existitzen da horrelako eragin kolektibo bat han Cecilia Payne, Belako, Lukiek, TOC edo Sua moduko taldeen artean?
Izendatutako taldeak gure inguruko lagunak edo ezagunak dira, musika antzekoa entzuten dugu eta azkenean hori nabaritu egiten da, normala iruditzen zaigu horrelako loturak ematea. Beraiengandik ere asko ikasi dugu. Horrek ere animatzen zaitu zerbait egitera, lagunekin elkartu eta musika egiteko.

Zelan egin diozue aurre diskaren argitalpenari, konfinamenduan izanda?
Oso argi geneukan diskari ongi etorria emateko kontzertu bat eman nahi genuela, lagunak ditugun beste talde birekin. Online erakustea ez da gauza bera, baina egoera hau denez eta ez dugunez gehiago luzatu nahi, aurkezpen kontzertua egin beharrean bandcamp-era eta spotify-era igoko dugu momentuz eta aurrerago aukera izatean zerbait prestatuko dugu.

Uzte duzue etorkizunean musika zuzenean ez entzuteko ere egiten jarraituko dela? Badauka zentzurik musika argitaratzea zuzenezko barik?
Izan liteke, azken batean norberaren erabakia da musika zuzenean edo plataforma baten bitartez egitea edo entzutea. Guretzat oso inportantea da zuzenekoan gertatzen dena eta tristea izango zen zuzeneko kontzertuak ez ikustea edo ematea.

Ze plan duzue etorkizunari begira?
Etorkizunari begira, YA ensaiatu nahiko genuke jajaja eta etorkizun luzera begira cd-arekin batera bideoklipak grabatzea gustatuko litzaiguke. Momentuz dena atzeratu behar izan dugu egoera dela eta. Ikusiko dugu ea nola bukatzen den guzti hau!

Lo siento, debes estar para publicar un comentario.

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.