“Sorketa prozesuak jendea elkartzeko aitzaki edo baliabide bezala ikusten ditut”
Entrevistas / Moxal

“Sorketa prozesuak jendea elkartzeko aitzaki edo baliabide bezala ikusten ditut”

Antton Iturbe — 01-12-2023

“Arrebetxe” (Forbidden Colours 2020) bezalako disko eta sormen esperientzia bakarti baten ondoren, bere soinu pertsonal eta iradokitzaile horri heldu eta barrenean sakontzen duen aldi berean, guztiz bestelako esperientzia kolektiboa bizi izan du Hannot Mintegiak Moxal izenpean plazaratu berri duen “Nabar” (Fordidden Colours 2023) eder honetan.

“Nabar” Hannoten hirugarren diskoa da Moxal izenpean. “Arrebetxe” bakarkako prozesu eta esperientzia baten ondorio izan zen. “Nabar” ordea prozesu erabat korala eta kolaboratiboa eta kolektiboa izan da ezta? Zerk bultzatu zaitu era honetara aldatzea? Eta zer eman dizu lan egiteko modu honek?
Sorketa prozesuak jendea elkartzeko aitzaki edo baliabide bezala ikusten ditut. Bai ezagutzen eta gustukoa dudan jendea baita jende berria ere, eta elkarlan eta harreman horretaz disfrutatzea da gakoa.
Disko honetan Anari, Empty Files, Jatsu Kokein, Mice,Joseba B Lenoir, Ainara Legardon eta Jaione Ortiz de Zarate izan dira. “Arrebetxe” niretzako lan egiteko modu berri baten aurkikuntza eta ikasketa suposatu zuen eta han ikasitako gauza asko disko berri honetara ekartzen saiatu naiz. Momentu biluziagoak eta intimoagoen ondoan nahaspila handiko beste batzuk suertatu dira era horretara

Nahaspila horretan, soinu aldetik ere aldaketa nabariak sumatzen dira disko honetan, une batzuetan Talk Talk moduko taldeen sofistikazioa gogorarazten du ere. Nolabait azaltzearren, tonu eta izaera atmosferiko paisajistikoago bat badagoela esan genezake. Ahotsen tratamendua da bereziki deigarria, geroz eta aberatsagoa, ñabarduraz eta dagoeneko zure musikaren enbor nagusia bilakatu da. Zein da zure ikuspuntua? Agian hemen ere kolaborazioek zer esan handia dute.
Azalpen oso garbia dauka horrek. Arrebetxen gauzak etxean egiten ikasi nuen eta oraingoan, nahiz eta gero estudio batetara eraman eta grabatu, ahotsa geruza guztiak modu obsesiboz eta azken ñabardura arte etxean prestatu nituen, nolabait prozesu hori estudioan egin behar izatea “aurreztu” ahal izateko.
Azkenean, alderdi magikoena bilakatu da prozesu hori. Ahotsen kontua, niri beti lan zailena iruditu zait ez bainaiz berezko abeslaria. Buruan beti ideiak ditudan arren gero zaila izan zait benetakoak bihurtzea. Oraingoan, estudiora iristean, Jose Lastraren laguntzaz eta prestaketa lan horri esker, abesti guztiak oso erraz eta naturalki atera zitzaizkidan. Eta horrek oraindik eta gehiago esperimentatzeko gogoa eta ausardia eman zidan.

Edozein erara, gitarra, ahotsa edo elektronikak protagonismoaren eztabaida alde batera utzirik, gakoa zure musikan denak bat egiten duela da. Halako soinu espektral sailkaezin bat sortzen duzu dagoeneko. Ainara Legardonekin batera lan egiteak eragin handia izan duela esanago nuke.
Bai, zalantzarik gabe. Ainara oso abeslari ona da, baina niri bereziki bere dikzioa da zoragarria iruditzen zaidana. Hitz eta silaba bakoitza nola esaten dituen, hutsuneak nola heldu eta gordetzen dituen. Asko dago ikasteko hor.

Moxal proiektu eta alter-ego hori guztiz sendotu dela eta zure espresiobide nagusia bilakatu dela esango zenuke? Zure artista hizkuntza horren jabe bihurtu zarela alegia?
Nik ez nioke nire buruari hori inoiz esango baina zure hitzak entzutean nire lan prozesua datorkit burura. Disko bat egiteak beti dakar ezaugarri edo ezinegon berezi bat aurrera atera beharra duzuna. Disko honen sormenean oso prozesu lan bakarti bat egon da. Lehenengo diskoan estudiorako gauza gehiago utzi nituen esango nuke, baina oraingoan oso prozesu pertsonal sakon eta luze bat egin dut arakatzen esperimentatzen eta ikasten. Diozun moduan, agian diskoa ateratzean bai pentsatu dudala, fluidoagoa edo nekezagoa baina, nire lan egiteko modua aurkitu dudala.

Promo orrian zera diozu: “Uste dut nire abestiak zerbait ulertzeko edo onartzeko ariketa bat direla. Zerbait hori ia beti da harreman pertsonalei loturikoa; besteekin eta geure buruarekin (gure baitan dagoen Bestearekin) ditugun elkarrekintzen zergatiak eta ondorioak hausnartzeko ahalegina.” Egia esateko, sarritan zure letrek subkontziente moduko ahots batetik datozela iruditzen zait, nolabait berari hitz egiten uzteko gai izango bazina bezala. Bertan ere, idazkera automatikoa erabili duzula diozu, Burroughs-ek zioenez idazkera modu horrek zure subkontzienterekin kontaktuan jartzen zaitu,(dakizula ez dakizun gauzekin) horregatik pentsatu dut ziurrenik..
Zuk diozun moduan, lehenengo diskoa egitean batek baino gehiagok esan zidan misteriotsua eta era berean gertukoa suertatzen zitzaiela eta hori asko gustatu zitzaidan. Idaztean ez daukat helburu garbi bat. Gustukoa dut hitzak bere esanahi ohikoaren gainetik beste zerbaiti deitzeko erabiltzea, nolabait esateko. Adibidez fonetika aldetik oso antzekoak diren baina esanahi ezberdina duten bi hitz elkarren ondoan jartzean edo euskarazko soinu jakin baten inguruko hitzak ateratzen saiatu, melodiari egokitzen zaizkion hitzak edota melodia guztiz ahaztuta idatzitakoak… Era horretan hitz multzo bat egiten dut eta orduan gelditu pausatzen utzi eta gero puzzle baten moduan abestiaren letra eraikitzen dut. Guzti horrek agian zerikusia du atzerriko hizkuntzako musika entzuten hazi garela gure belaunaldikoak. Ziurrenik horregatik, zeure buruan zeure bertsio edo interpretazio-entzumena egitearen sentsazioa asko gustatzen zait.

Bide horretatik zure abestiek pop egitura bat jarraitu arren, batik bat soinu paisaia edo espazio ireki bat iradokitzen dute. Halako ekosistema bat, non soinu elementuak botatzen dituzun eta euren artean erreakzionatzen hasten diren, ezustekoak sortuaz.
Tira gustatuko litzaidake era horretan izatea. Nolabait ez naturala den gauza bat, hots nik instrumentu bat jotzean sortutako soinuak, natural edo integralagoa den zerbait bihurtzea, alegia. Atentzioa non jarri behar duzun garbi kokatzen edo adierazten duten artista edota abestiak gustatzen zaizkit.

“Nabar” izenburuak anbiguotasuna iradokitzen du, gauza guztien alderdi ilunak eta argien arteko kontrasteekin jokatzea bai soinuetan bai letretan. Ildo horretatik bereziki Miren Narbaiza “Mice” etorri zait burura. Ahots argitsuaz gauza gogor eta ilunak esateko gai baita bera.
Disko hau 2019an hasi nuen eta saio haietatik 2 abesti iritsi dira azken grabaketara. Hor Miren eta Empty Files-eko partaideek lan egin zuten dagoeneko, baina gero beraien estudioan lan egin dugu haiek erabat bukatzeko. Miren asko gustatzen zait niri. Izugarrizko gaitasuna dauka, bere ahotsa instrumentu baten moduan erabiliz espektro oso zabala du, eta gainera guztiz menperatzeko gai da. Ahotsaren tonuaz kolore bat iradokitzeko eska diezaiokezu eta bera gai da hori egiteko. Hiruzpalau abestitan parte hartzen du. Kasu batzuetan alderdi argitsua eta goxoa eta besteetan iluna azalarazten du, abestiei buelta ematen die beti, askoz erakargarriagoak bilakatuz.

Aitor Etxeberriaren Forbidden Colours diskoetxean jarraitzen duzu eta dagoeneko zure etxea bilakatuta dirudi. Gustura sentitzen zara ezta?
Bai guztiz. Nire diskoa dance musikatik aldentzen zen lehenengo izan zen zigiluan. Aitorrek nigan apustu egin du eta diskoan kolaboratu du ere. Ikaspen handia da niretzat bera hor egotea. Bisio so berezia dauka abestien eta soinuaren inguruan.

Aurrekoan aipatu dudan giro espektral hori, agian zinema munduarekin lotu dezakegu ere. Zinemagile bezala irudiak garrantzi handia du zuretzat. Bai diskoaren azaletan, moxalen estetika orokorrean eta noski bideoetan. Sortzaile bisuala zera, zein punturaino sartzen da irudiaren mundu hori zure musikan eta alderantziz? Irudietan pentsatzen duzu musika egitean?
Baietz esango nuke, Baina agian, irudi zehatzak baino gehiago giro jakin bat imajinatzen dut nire musikarekin. Soinu bandak asko gustatzen zaizkit eta influentzia handia dira niretzako

“Pozau ezin” abestirako atera duzun bideoa zoragarria da. Anariren irudiak eta zureak bananduak pantailan, kontrastea eraginez, utzi hitz egiten eta zer gertatzen den ikusi…eta hor azaltzen dira zaldi “fosforito” horien irudia. Guztiz “Lynchianoa”. Nolakoa izan da bideo hori egitearen prozesua?
Hasieratik oso sinplea izatea genuen buruan. Biok bakarrik, nire partea egina zegoen dagoeneko eta gauza zen Anariren irudiekin pittin bat osatzea, bera ez baita bereziki irudietan azaltzea gustatzen zaion pertsona. Hala ere, guztiz prest agertu zen probatzera eta asmo horrekin bere irudi batzuk hartu nituen. Baina gero bideoa ikustean bere jarrera asko gustatu zitzaidan, guztiz liluratuta sentitu nintzan bere magnetismoaz; oso erakargarria suertatzen zitzaidan eta azkenean bere irudia etengabe nirearen ondoan uztea erabaki nuen. Oso polita geratu dela uste dut eta zaldien irudi hori azkeneko unean bururatu zitzaidan gauza izan zen…

Subkontzientea agian..

Lo siento, debes estar para publicar un comentario.

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.